argia.eus
INPRIMATU
Krudelkeria

Edorta Arana @EdortaArana 2011ko azaroaren 02a

Gaddafi burutik zerion odola garbitzen ikusi dugu telebistan. Gaur gaurkoz agintean dauden estatu buru askori bostekoa emateko eta milaka milioi euroko hitzarmenak sinatzeko erabili zuen esku bera erabiliz. Bere azkenetan zegoen. Noraezean, jipoitzen zuten bitartean. Diotenez, horrela hil zuten, kolpeka. Inguratutako piztia balitz bezala egurtuta eman zituen azken uneak. Gero buruan tiro egin zioten.

Aipatzen ditudan irudi horietan ez zuen erakusten beste hainbatetan hedabideetan ikusi izan diogun keinukera hantustea. Gainera, ez zituen ondoan atzo arte lagun zituen han eta hemengo boteretsuak.

Berrogeita piku urtez estatu buru izandakoaren gorpuari mugikorrekin argazkiak ateratzen zizkioten handik ari zirenak. Ehiza domina bilakatuta. Aurpegi odoleztatua. Ahokera desitxuratua. Errepide-kontran inoiz aurkitzen ditugun animalien antza hartuta.

Irudi horiek, gerora, munduko berri-agentzia guztiek zabaldu dituzte. Ez nago Gaddafiren kontra borrokatu zutenen azalean. Irakurritakoaren arabera dakit heldu zaidan apurra baina botagura eta amorrua ematen didate pertsona bat horrela hil eta gero ere bere duintasunaz hain nazkagarri jokatzea. Eta irudi horien erabileraren kontra nago.

Agintean zegoenean gurtzen zuten gehienek bizkarra emanda hil da. Hil arteko torturaldian, Gaddafiren irudiek gogora ekarri didate Saddam Hussein atxilotu eta urkatu zutenekoak. Edota udaberritik hona Mediterraneo aldean agintetik bota dituztenenak.
Hain izan da erabatekoa agintari horiei buruz egunkari eta irrati-telebistetan eman izan zaigun irudi aldaketa, zaila dela neurria zein den jakitea. Aliatu militar maitagarrienak, egun batetik bestera, etsai handienak bilakatuta ageri zaizkigu. Bezperan itun estrategikoen sinatzaileak biharamunean deabruak bailiran irudikatzen dituzte.

Eta zuritik beltzerako norabide aldaketa horretan agintedunek eta, beraz, hedabideek beharrezkoa izaten dute arerioa mediatikoki berritxuratzea. Bere humanitate zantzuak desagerraraztea. Jasotzen duen umiliazioaren neurrira jarri. Horretarako pribatutasuna bortxatzen dute. Eremu intimoenak plaza erdian erakutsi. Eta, norbanakotasunaren kokalekua den gorputza bere gordintasunean despertsonalizatu. Begirunerik gabe publiko egin.  

Bizirik zegoenean hasitako metamorfosi diskurtsiboari amaiera emanez, Gaddafi zenaren irudi latzak eskaintzen dizkigute. Zer egiteko gauza diren jakin dezagun.