Lubakietako oroitzapenetan barna

  • Bonba hotsak eta kartzelako miseriak oraindik oso presente dituzte azken gudari eta milizianoek. Gerra zibilean, gerraostean, espetxean, erbestean, langile batailoietan, armada frankistan eta soldaduskan izandako bizipenak islatzen ditu Maizales bajo la lluvia (Alberdania, 2011) liburuak. Lehen lerrotik.

CNTko
CNTko "libertariak" eta adiskideak Otxandioko plaza nagusian, 1936ko uztailean, frankisten bonbardaketa baino egun batzuk lehenago.

Marcelo Usabiaga komunistak sekula ez ditu ahaztuko kartzela frankistetan egindako 21 urteak. Ezta bere anaiaren fusilamendua ere. Miguel Francisco Lafuente Txisko santurtziarrak ere ezin du ahantzi frankistek bere bandoko kideak fusilatzera behartu zutela. Gernikako bonbardaketa ere ez. 90 urtetik gorako gizaseme hauek ez dute duintasuna zokoratu, eta inoiz baino gehiago, belaunaldi berriei gertatu zitzaiena belaunaldi berriei helarazteko gogo biziz dira. Marcelo eta Txisko-ren lekukotzak eta beste hainbat gizon-emakumerenak jasotzen ditu Maizales bajo la lluvia liburuak. “Historia liburuetan bide-bazterrak ere existitzen dira. Hau da, zuriz dauden hutsuneak; eta orain edukiz betez doaz, zapaltzen dugun lurraren azpian hobiak aurkitzen ditugun bezala”, izkiriatu du Paco Etxeberria irakasle eta Arantzadiko presidenteak hitzaurrean.

Anarkistak, komunistak, sozialistak eta nazionalistak. Gazte zirela, demokraziaren alde lehen unetik borroka egin zuten gizon-emakumeak dira protagonistak. Atzean utzitako burkideen, senitartekoen eta garai baten bozeramaile dira. Usabiagak, esaterako, Irungo batailan esku hartu zuen: “Udaletxeko Zuzendaritza Militarrera deitu gintuzten, bilera batera. Arratsaldeko zazpiak edo zortziak ziren eta alderdi bakoitzeko arduradunari fronte-gune bat egokitu zitzaion: ‘Zuri, Usabiaga, Puntza. Alderdi sozialistakoari, Saroia; alderdi komunistakoari, Pagogaña…’. ‘Beno, eta zertan datza?’. ‘Irungo egoera etsitzeko modukoa da. Zuek ez baduzue defendatzen, ez du inork egingo. Hortaz, zoazte, eta ez hona itzuli zuen gunea seguru dagoen arte. Bestela, bertan hil, hura defendatzen’”.

Hasiera baino ez zen. Marcelori anaia Aiako Harrian fusilatu zioten. Gerrak aurrera jo zuen, eta, baita berak ere: Bizkaia, Katalunia, Madril, Kantabria, Asturias… Iparraldera ihes egitea lortu zuen eta 1944an gerrillari gisa Hegoaldera igarota atzeman zuten. Ondarretako espetxean sartu zuten preso, “gela batean 24 orduak, isolaturik, epaiketaren esperoan, fusilatuko nindutela ziur nengoen! Exekuzio-pelotoiaren aurrean nola erreakzionatuko nuen pentsatzen nuen: horman jarrita entseatzen nuen”. Azkenean, hogei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Eta hori baino gehiago bete zuen.

“Esnatu nintzenean, ez nekien zenbat denbora neraman konorte gabe”

Donostiako uztaileko defentsan ibilitakoa eta bizirik dirauen azken borrokalarietakoa da Mateo Balbuena. Talde handi bateko kide zela, donostiar errepublikarrei laguntzera joan zen Bilbotik: “Kalera irten ginen batean, lurrean etzan nintzen hobeto tiro egiteko; tontor batzuen atzean babesten saiatu ginen. Metrailadore baten menpe geunden, baina batez ere fusilak ziren tiroka ari zitzaizkigunak. Borroka itsu-itsuan zen: hogei metrora egonik ere, itsuan tiro egiten genuen, oso gaizki ikusten baitzen”.

Tentsio askoko uneak egun horietan bizitakoak, Donostian bezala Otxandion ere, baina kasu honetan uztailaren 22ko bonbardaketa frankistaren ondorioz. Felix Padin bilbotar anarkistak hala kontatzen du jazotakoa: “‘Lurrera bota zaitezte! Lurrera! Bonbak dira! Bonbak!’, oihuka irten ziren udaletxetik. Eta gu, noski, hegazkina botatzen ari zenari so geunden, distira egiten baitzuten erortzerakoan”. Distira horiek 57 hildako utzi zituzten, besteak beste. Julia Hermosilla sestaotar anarkistari, esaterako, bi tinpanoak txikitu zizkioten: “Esnatu nintzenean, begiak ireki eta ez nekien zenbat denbora neraman konorte gabe, leku guztietatik odolez nengoen-eta. Lehenengo ikusi nuena Telesforo Monzon izan zen, esanez: ‘Ospitalera jaitsi behar ditugu! Basurtora!’”.

Hermosilla ia gor geratu zen. Gerrak ez zituen soilik barne zauriak eragiten, zauri fisiko bortitzak ere utzi zituen. Hortxe dugu Luis Mari Azpiri sozialista eibartarraren kasua. Bizkaiko frontean zegoela, lubaki batean, “kanoikada batek gertu jo zuen eta arrokak gure gainera erori ziren. Niri tibia eta peronea zatitu zizkidaten. Beste bi hilik geratu ziren. Andazainak ezin zirenez hurbildu, anaiak ni heldu eta arrastaka atera ninduen”. Azpiri salbatu zen, baina zoritxarrez, handik astebetera ospitalean zela, jakin zuen anaia bala batek jota hil ziotela.

Euskaditik at borrokara

Makina bat izan ziren euren sorterria atzean utzi behar izan zutenak matxinatuen aurka aritzeko. “Asturiasera iritsi ginen autobusetan eta gazte batzuk oihuka: ‘Hemen daude! Hemen daude errusiarrak!’. Euskaraz hitz egiten entzun gintuztelako! Eta uniformaturik geundenez... Eurak denak arropa zaharrekin, penagarri”, dio Manuel Goenaga usurbildarrak.

Sarri, gertakari bera zenbait toki eta ikuspuntutik kontatu dute lekukoek, gerrako historia pertsonalak elkar gurutzatzen dira, eta protagonista historiko asko kontakizun batetik bestera doaz saltoka. Gernika bonbardatu zutenean, kasu, Txisko Lafuente bertan zen: “Hura kaosa zen; ezin da deskribatu! Jendea korrika, izuturik; haurrak lurrean, emakumeak negarrez; jendea ahal zen lekuan sartzen, zaurituak lurrean hiltzen, bonbak etengabe erortzen, etxeak eraisten eta herria txikitzen. Dena suntsiturik, dena ‘garbiturik’. Hura infernua zen…”. Luis Mari Azpiri Gernikara zihoan egun horretan: “Urrutira, distira ikusi genuen. ‘Zer arraroa den hori’. Eta hurbiltzerakoan dena sutan zegoen”. Jose Moreno bizkaitar gudari nazionalista ere han inguruan zebilen, baina kilometro dezentera: “‘Aizue, zer ari da erretzen?’ Gernika zen. Kea ikusten zen irteten, eta erretzen ari ziren etxeen distira ere bai”.

Bizitza osoa Francoren aurka

Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias… Emeki-emeki errepublikar lurrak menpean hartu zituzten frankistek. Hori zela eta, atzera egin behar izan zuten etengabe gudari eta milizianoek. Borrokan eta ihesean, azkenik askok Iparraldera jo zuten. Julia Hermosilla, adibidez, bere senar Angel Aransaezekin batera, euskal erbesteko ekintzaile sutsu bilakatu zen Baionan. Aguirre, Leizaola, Monzon, Mugica Herzog, Nicolas Redondo (aita), Ramón Rubial… Hamaika protagonista historiko ezagutu zituzten, eta mugalari lanetan aritu ziren. Ekintzen artean, besteak beste, Francoren aurka gaizki irtendako atentatu bat prestatu zuten 1962an, Julen Madariagak lehergailuak Hegoaldera igarotzen lagundu zienean.

Beste batzuen zoria ilunagoa izan zen: Mateo Balbuenak 25 bat egun eman zituen ihesi mendi elurtuetatik Frantziara heldu nahian. “Oinez gau osoan; oinez, oinez. Laban baten ahotik ibiltzen ari nintzen irudipena nuen; aldamenetan amildegia sentitzen bainuen. Haizeak informazio hori ematen zidan. Jaisten hasi eta orpoekin botak erabat hautsi zitzaizkidan. Eskularruak larrututa… Halako batean amildegira erori nintzen”. Azkenean, baina, Frantziatik gertu, Broton, amaitu zen bere odisea: “Esnatzerakoan bi fusilen kontaktua sumatu nuen buruan. Begiratu eta Guardia Zibila zen”.

Beste batzuk, José Moreno adibidez, Santoñan atxilotu zituzten: “Portura heldu eta italiarrak zeuden. Armak utzi behar izan genituen. Eta esaten ziguten: ‘Lasai! Laster etxera joango zarete, euskaldunak ongi portatu baitzarete’”.

Baina milaka gudarik ez zuten etxea urte askoan zapaldu ere egin. Esklabo gisa errepideak eta zubiak berreraikitzeko langile batailoietan sartu zituzten. Batzuk baita armada frankistan ere. Txisko Lafuente, esaterako, sei edo zazpi aldiz bere aldeko kideak fusilatzera behartu zuten Paternan: “Nik izendatu behar izaten nituen soldaduak: zu, zu eta zu. Izendatu eta kito. Baina batzuetan ez zen inor egoten konpainian: ez, fusilatzeko hanka egiten zuten. Normala! Eta zazpi kasutan ez nuen inor izan izendatzeko; nik joan behar izan nuen… behartuta!”. Hori bezalako hamaika zorigaizto ikusitakoa da Txisko: “Aita-semeak fusilatu behar zituzten. Aitak, semeari: ‘Lasai seme, burua altxa! Horrela! Zutik!’. ‘Apuntatu!’, esan zutenean, bata bestearengana korrika joan ziren, besarkatu eta bertan fusilatu zituzten…”.

Hori gutxi balitz, urtetako irain eta tratu txarren ondoren, soldaduska egitera behartu zituzten. “Etxetik 17 urterekin irten nintzen eta 24 nituela itzuli. Gaztaro osoa. Hori ez da sekula ahazten, bizi izan duzulako, e? Barkatu, barkatzen duzu, baina ahaztu, ez”. Izan ere, José Morenok dioen lez, bizipenak memorian dituzte iltzaturik, ezin ahantzi dituzte, ezin atzean utzi. Ezin zokoratu euren borroka, gaur egun tinko jarraitzen dute. “Borrokatzera! Bizitzan motibatzen gaituen zerbait izan behar dugu. Batez ere garrantzitsua da helburu humano bat izatea”, dio Mateo Balbuenak. José Morenok etengabe gutunak idazten ditu Bizkaiko egunkarietan. Marcelo Usabiaga eta Felix Padin hitzaldiz hitzaldi aritzen dira lekukotzak kontatuz. Lehen lerroan diraute, euren ideien lubakiei atxikirik; oroitzapenak arma gisa dituztela, borrokalari zahar hauek tiroka jarraitzen dute geratzen zaien fronte bakarretik, memoriaren frontetik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


2025-03-26 | Axier Lopez
Espainiako Guardia Zibilaren historia bat
Hemendik alde egiteko arrazoiak

Fusilamenduak, elektrodoak eta poltsa, hobi komunak, kolpismoa, jazarpena, drogak, Galindo, umiliazioak, gerra zikina, Intxaurrondo, narkotrafikoa, estoldak, hizkuntza inposaketa, Altsasu, inpunitatea… Guardia Zibilaren lorratza iluna da Euskal Herrian, baita Espainiako... [+]


Faxisten izenak hildako biktimen zerrendetan mantenduko ditu Gogorak

Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]


2025-03-17 | Ahotsa.info
Lore eskaintza Angel Berruetaren oroimenez

Familiak eskatu bezala, aurten Angel oroitzeko ekitaldia lore-eskaintza txiki bat izan da, Martin Azpilikueta kalean oroitarazten duen plakaren ondoan. 21 urte geroago, Angel jada biktima-estatus ofizialarekin gogoratzen dute.


2025-03-07 | Uriola.eus
Iker Egiraun, Etxebarrieta Memoria Elkartea
“Bizi dugun testuingurua urteetan emandako borroken ondorioa dela sinbolizatu nahi dugu”

Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.


Legebiltzarrak 1936ko biktimen legea aldatu du, Erorien Monumentua birmoldatzeko

33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


2025-02-28 | ARGIA
1936-1976an Nafarroan errepresaliatutako 407 irakasleak, nortzuk ziren?

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.


Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea bermatzeko... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


Eguneraketa berriak daude