Juan Jose Alvarez eta Francisco Letamendia

  • Sinistu, adostu eta ausartu behar du abertzaletasunak” idatzi genuen Larrunen, 2009ko maiatzean. “Abertzaletasunak krisi egoera bizi du, aurrera egiteko bide berririk aurkitzen ez duelako, edota, esaterako, krisia bizi du Espainiak neurria hartu diolako”. Bi urteren ostean, bake eta normalizazio politikoa helburu duen prozesu berria bizi dugu. Abertzaletasuna aro berri batera iristeko bideak esploratzen ari da. Bi kultura abertzaleak hizpide izan ditugu gure solaskideekin. Hona lehen premisa: “Ezker abertzalearen goranzko joerak, orain arteko EAJren hegemonia kolokan jarri du EAEn”. Francisco Letamendia (Donostia, 1944) eta Juan Jose Alvarez (Zumaia, 1964) solaskideek –hurrenez hurren, zientzia politikoetan eta nazioarteko zuzenbidean EHUko irakasleak– bi familia abertzaleen oinarrizko akordioaren beharra azpimarratu dute. Bi familien beharrak adostasuna posible eginen duen itxaropenez mintzatu zaizkigu. Zein dira ordea, euskal subiranotasunaren aukerak?

Francisco Letamendia eta Juan Jose Alvarez. Biak ala biak, EHUko irakasleak. Bateragune auziaren epaia ezagutu berri, eta, artean, Bake Konferentziaren oihartzunak entzuten zirela itxi genuen Larrun.
Francisco Letamendia eta Juan Jose Alvarez. Biak ala biak, EHUko irakasleak. Bateragune auziaren epaia ezagutu berri, eta, artean, Bake Konferentziaren oihartzunak entzuten zirela itxi genuen Larrun. Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zein da abertzaletasunaren egoera gaur egun?

Francisco Letamendia: Abertzaletasuna osasun onean dago. Uneon, euskal nazionalismoa hegemonikoa da EAEn. Hauteskundeetako emaitzak subiranozaleen %60 eta konstituzionalisten %40 artean banatuta daude, hautesleak abertzaletasunaren aldera lerratuak dira. Halere, hiru lurraldeen arteko desoreka dago. Abertzaletasuna hegemonikoa da Gipuzkoan eta Bizkaian, Araban, berriz, indarrak berdinduta daude. Nafarroan, abertzaletasuna gutxiengoa da, baina goranzko joera hartzen ari da. Oro har, joera aurrerakoiak eta sozialak abertzaletasunaren esparruan daude. Iparraldean berriz, elektoralki gutxiengoa izan arren –boz emaileen bostetik bat abertzalea da–, aukera abertzalea oso adimentsua da. Abertzaletasunak ekimen ugari landu eta zabaldu ditu, eta sektore anitz bat datoz bere helburuekin. Batera plataformaren helburuekin, alegia. Bateraren aldarrikapenak abertzaletasunaz kanpoko sektore askok ere onartzen ditu.

Hala ere, abertzaletasunak arazo asko dauka: bat, funtsezkoa, abertzaletasunaren bi kultura politiko nagusien elkarbizitza konpontzea. Familia jeltzaleak eta ezker abertzaleak elkar onartu behar dute. Hori ez da egina oraindik. Iparraldeko abertzaletasunak sedukzio politiko moduko bat landu du, Hegoaldeko abertzaleek modu hori bere egin beharko lukete. Horrek lagunduko liguke subiranotasunaren aukerak indartzen.

Juan Jose Alvarez: Iparraldean hori horrela da, abertzaletasunaren –zentzu orokorrean– kontzepzioaren bi arimak askoz hurbilago daudelako hemen baino, eta abertzaleek egiteko asko daukatelako. Azken 30 urteotan, familia subiranozaleen arteko harremanek okerrera egin dute Hegoaldean. Arrazoietako bat hauxe izan da: ezker abertzaleak politika instituzionalean 30 urtez jardun duten alderdi abertzaleen senitarteko izateari utzi dio, jeltzaleen arerio politikoa bihurtu da. Orain, honen aukera elektorala, “bat-batean” nolabait esanda, jeltzaleen maila berera iristen ari da. Grosso modo: bi indarren arteko hegemoniaren lehia hasi da. Osagai elektoralistak gaina hartu dio politikoari, subiranotasunaren kontzepzioan erradikalizazioa eman da. Adibidez, PSE-EE lehendakaritzara iristeak ez du inolako katarsi sozialik eragin, euskal gizartea heldua delako, baina independentzia defendatzen duen sektorea sumindu du.

Bi familia abertzaleen lehia areagotu da azken hauteskundeetan, elkar trabatzen dute. Nire gusturako, osagai amankomun askoz gehiago izan beharko lukete bi espresioek. Uneon, eskuinaren eta ezkerraren diferentzia ideologiko handiak lausotuta daude ekonomiaren indarrarengatik eta globalizazioaren joerarengatik. Euskadin, aldiz, eskuineko abertzaletasuna (EAJ) eta ezkerreko abertzaletasuna (Ezker abertzalea) oldartuta daude osagai totemikoen eraginez. Hemendik lau urtera, demagun, interesgarria izango da Gipuzkoako Foru Aldundiak –Martin Garitano buru duela– egin duen politika aztertzea. Errealismo politikoak ezker abertzalea behartuko du rupturista ez izatera, bere bagage ideologikoa arintzera. Gure herriaren ezaugarrietako bat anai-arreben arteko borroka da, nazio espainiarrena ez bezala. Eta ez bakarrik nazio espainiarrak Estatua duelako, eskuineko eta ezkerreko identifikazio ezaugarri oso sendoak dituelako baizik. Gurean, horiek bazterrean utzi ditugu.

F. Letamendia: Ados. Ñabarduretan sartuta, espainiarrek nazionalismoa egina dute eta euskaldunok egiteko daukagu. Baina, mendebaldeko estatuetan, eta are nabariago Espainiako Estatuan, nazio-estatuaren eta politikaren iluntzea eman da. Krisi ekonomikoak estatuen subiranotasunean eragin du. Estatuetan ez dago ezkerreko eta eskuineko diferentziarik, estatuek uko egin diote erabaki subiranoak hartzeari eta merkatuen subiranotasuna gailendu zaie.

Espainiako Estatuan subiranotasunaren eta politika nazionalaren hustasunaren ondorioz, (Espainian ez Euskal Herrian) geratu den oposizio bakarra maiatzaren 15eko (M15) suminduen mugimendua da. Identitate sendoa duena eta estatuen subiranotasunaren gabeziari erantzuten diona. Hemen ez da suminduen kasua horrenbeste zabaldu. Nik, ordea, gurean estatuen politika zapaltzaileak –merkatu ekonomikoen eskutik– ezkerreko abertzaletasunak hartu duen goranzko joerarekin zerikusia duela uste dut.

Hegemonia lehian dago. Abertzaletasunaren aro berri batean al gaude? ETAren aroa amaitua al da? Nola ikusten duzue aldaketarako prozesua?

F. Letamendia: ETAren amaiera ekarriko duen prozesu gorabeheratsu baten hasieran gaude. Ez gaude ETAren amaieran, baina prozesuak ETAren amaierara eramango gaitu. Azken 30 urtetan, mugimendu sozialen bitartez, demokrazia parte-hartzailea, genero berdinketa eta bakezaletasunaren ideiek espazio gero eta zabalagoa hartu dute ezker abertzalean –Elkarri-ren esperientziak asko lagundu du horretan–, honen baitan txertatutako baloreak ez datoz bat biolentziaren erabilerarekin. ETAk gogaitasuna eta aukera arrazionalaren eza ezarri ditu gizartean. ETAk biolentzia uzten duen aldiro, elektoralki gora egiten duenaz jabetu da ezker abertzalea. EAEn abertzaletasuna gehiengoa izanik, zerk eragozten du talde armatuaren amaiera? Trantsizioan gertatuak azaldu diezaguke hori: espainiar eskuinak (AP) Fraga Iribarne frankista kendu behar izan zuen goi karguetatik boterea hartzeko. Ulertzeko diot. Orain ETAren iraupenak ezker abertzalearen garapena mugatzen du, baina ETA gabe ez zen ezker abertzalerik izango. Euskal nazionalismoan bi kultura sustraitu dira: batek mendea bete du, baina besteak ere mende erdia du. Bigarrena garapen bidean dago, gorabeherak ezagutuko ditu, baina etorkizuneko aukera sendoa da.

J. J. Alvarez: Nire ustez, prozesua despolitizatu behar da, prozesuak aurrera egingo badu. Kutxa Banken akordioan, esaterako, “despolitizazio” moduko bat eman da. Familia politiko batzuek zein besteek totem zenbait hustu dute euren motxiletatik. ETAren gaira etorriz, ETA erakundeaz geratzen dena geratua ere, bere militanteak oso kontziente dira beren ahultasunaz. Amaiera eszenifikatzeko arazoa dago, ordea. Esaterako, Odon Elorzak, Donostiako alkatea zela, zinta baten mozketaz irudikatzen zuen ETAren amaiera. Adiskidetzearen ekitaldi handi batekin. Nik ez dut halakorik ikusten. Ez gara bihar esnatuko eta hara: ETA bukatu da. Halere, ETAren amaieraren hasieran gaudela pentsatzeko zantzu asko dago, bereziki, ETA eragile politiko gisa. Hori izan baita bere nahikari nagusia. ETAk gure herriaren historiaren prozesu naturalean eragin nahi izan du, jarraitasuna eteten ahalegindu da borroka armatuaren eta terrorismoaren bitartez. ETA jabetu da ez duela honezkero eragiten politikan, ez dela eragile politikoa. Horren froga da Bilduko buruzagien jarrera. Ezker abertzaleak lortu dituen botoak –eta lortuko dituenak– prozesuari esker dira. Areago, botoak likidazionisten aurkakoak dira. Paradoxikoki, orain arte borroka armatua uztearen aldekoa likidazionista zen. Orain terminologia hori aldatzen hasi da, likidazionistak dira prozesua likidatu nahi dutenak. Hegemonia politikoa bilatzen dutenen eta konfrontazio armatua sustatu dutenen arteko talka dago.

Nola kudeatu behar da prozesuaren amaiera egokia izan dadin?

J. J. Alvarez: Prozesua azkar joatea nahi izaten da, baina honek digestio bat eskatzen du, prozesu sozial guztietan behar den destilazioa. Orrialdea pasatzeko irrika azkartu izaten da. Prozesuak egonkortasun sendoa hartu behar du lehenik. Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa behar da. Pluja Seca dokumentalak erakusten duen bezala, gobernu britainiarrak hasieran uko egin zion prozesuaren elementuak eszenaratzeari. Alegia, IRAk armak utziko zituen berme guztiak baieztatu arte. Espainiako Estatuak Brian Currin eta nazioarteko bitartekariei ez die arnasarik eman nahi, gatazka konpontzeko nazioarteko metodologia bati baietza eman nahi ez diolako. Espainiako agintariek ez diote prozesuari airerik eman nahi, auziari dimentsio politikoa ematen zaiolakoan. Haatik, auzia bizi-bizirik dago –nahiz eta prozesua hozkailuan sartu nahi duten– eta bizirik egongo da. Edonola ere, Estatuaren egituretatik ez dute bidea markatuko. Prozesu hau Loiolako prozesuaren antitesia da. Orduan, Estatuak prozesuaren eszenifikazioa bilatu zuen, orain, aitzitik, ez. Eta ez da ahalmen kontua. Pauso hori ez ematea estatuaren logika perbertsoan sartzen da, ETAren amaierak politikan izan dezakeen eraginari erantzuten dio mugimendu abertzalean ematen ari den gorakada neutralizatzeko.

F. Letamendia: Eta ez bakarrik hemen, Katalunian ere bai. Hau da, nazio-estatuak mapatik desagertzen ari diren unean, gobernuek ez daukate erabakitzeko gaitasunik. Horren aurrean, politika modu berriak sorrarazteko ekimenak oso beharrezkoak dira: foro propioak, autonomoak, subiranotasunaren bidea argituko dutenak; M15eko suminduen mugimendua barne. Mugimendu horiek kezkatzen dituzte indar espainolistak. Nik mugimendu horiek egungo prozesuaren moduarekin lotzen ditut. Euskal Herriko prozesua aldebakarrekoa da, horrek badauka abantaila itzela. Prozesua abiatu dutenek ez baitiote baldintzarik jarri estatuari, beraz baldintzak ez dira euren kontra itzultzen. Estatuak ez dio batere kasurik egin, baina aurrera jarraitzen du. Honek eskuak libre uzten dizkio ezker abertzaleari prozesua lideratzeko. Aurrekoetan ez bezala, orduan baldintzak baitzeuden. Noski, aldebakarrekoa izateak lan arduratsua eskatzen du: abertzaletasunaren barne arazoen konponketa. Artean, aldebakarreko prozesua izateak abertzaleei eskuak libre uzten dizkie erabakiak hartzerakoan, baina Estatuari ere aukera uzten dio gogoak ematen diona egiteko.

J. J. Alvarez: Baiki. Azken bi urteetan espetxe politikaren gogortasun isilak ez du laguntzen, adibidez.

F. Letamendia: Horixe. ETAren biolentzia desagertu denean espetxe politika areago gogortu du Estatuak. Talde armatu batek esan dezake: “Abandonatzen dugu, desagertuko gara...”. Baina, 700 pertsona preso horiek bizkarreratuko dute bizi osorako marroia? Ez naiz parametro politikoetan ari, talde armatuen termino eta logikan baizik. Tamalez, Estatuak ez badio eskaintzen modu sinesgarrian gai honi irtenbidea azkar, zalantzan jartzen dut ETA desagertuko denik.

Nola baloratzen duzue hortaz, Bateragune auziaren sententzia? Nola eragiten du prozesuan?

J. J. Alvarez: Sententzia tekniko bat dago, hertsi-hertsia, eta juridikoa bestalde. Bigarrenak lehenak baino balio gehiago behar luke. Alde teknikoak, ordea, sententzia bideratu du politikoki. Hots, lehenik epaia eman dute eta gero eraiki dute argudioa. Normalean, alderantziz izan behar luke, baina Auzitegi Nazionalak instrukzioa egiten du, baita epaia eman ere. Instrukzio epaile bat beharko litzateke lehenik, frogak prestatzen dituena, eta gero Auzitegiak –frogak landu eta erabili gabe– sententzia eman behar luke. Espainiako Auzitegi Nazionala salbuespena da ordea, bere oinarrizko eraketa perbertsoa da.

Arnaldo Otegi kondenatua izatea ETAko buruzagia izateagatik oximorona da, epaiketan planteatu zenaren kontraesan erabatekoa. Sententziak hauxe esaten du: ETAren eboluzio politikoa azaltzeaz batera, auzipetuek ez dute ETAren amaiera ekarri nahi. Okerrago oraindik, ETAren birrerakundetzea bilatzen duen talde bat dela dio. Otegi eta bere kideak ETA denbora berriei egokitzeko aldaketa kamaleoikoaren eragileak direla, hauetako hiru ETAko buruzagitzat joz. ETAren deklarazioetan eta Otegiren taldearen diskurtsoetan omen dagoen antzekotasuna funtsatu da hori esateko. Epaiak frogatu nahi du ETAn konfluitzen duen elipsia dagoela. Alabaina, froga elementurik ez da ageri. Eskandalua izugarria da. Sententzia politikoa da, ahula, eta egungo prozesuaren errail horretan galga jartzen du. Alde batekoak kontentatzeko eta beste aldekoak probokatzeko balio du. Zentzu horretan, epe motzean, prozesuaren aldebakartasunak erronka bat dauka: gizarteak ez erantzutea Estatuaren probokazioari. Gizarteak ikaspen hau barneratu behar du: ezker abertzalearen talde bat planteatzen ari da ETAren amaierarako estrategia benetako bat, ezker abertzale osoak segitu behar duen norabidea lantzen ari dena.

F. Letamendia: Ados Juanjorekin. Nik ETAren auzia beste ikuspuntu batetik azaldu nahi dut. Biolentziaren erabilpen mediatikoak arrasto sakona utzi du gizartean, modu mekanikoan funtzionatzen duen aurreiritzi asko sorrarazi du. Ezker abertzaleak epe luzera sozialismoa eta independentzia aldarrikatzen ditu, eta epe ertainean, erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazioa. ETAk ere bai. Orduan, sistemak “dena ETA da” delako baiezpenaren bitartez, diskurtsoak parekatuz, biolentziaren extrakzioa egiten du. Konstituzioak edozein planteamendu politiko legitimoa dela dio, biolentzia tarteko ez bada. Orduan? Halere, sistemaren indar mediatikoek ETAren helburuak eta epaituak izan diren pertsona hauen helburuak parekatzen eta demonizatzen dituzte. Hori maniobra politikoa da, silogismoa da. Niri sententziak aldebakarreko prozesuaren bide zaila azalarazi dit. Noski, espero dut gizarteak erantzun egokiak ematea, azken manifestazioetan eman diren modukoak. Izan ere, sententzia honek herri honen aurkako zapalketa nazionala areagotu du, biolentziaren berragerpena bilatzen du prozesua pikutara joan dadin: kale borroka medio edo ETAren muturreko sektore baten atentatuez. Tira, nik ia-ia ezinezkoa ikusten dut hori, baina sententzia saiatzen da hori gerta dadin. Osterantzean, baikor begiraturik, sententzia ere itxaronaldiaren logikan ulertu behar dugu: ETAk ez du borroka armatua utzi, denok espero dugu PP izatea hurrengo gobernuan, orduan ez dezagun prozesua gehiegi azeleratu. Otegik eta bere lagunek espetxean segi dezatela. Hurrengo urratsak bestelakoak izango dira agian. Esaterako, Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren kontrako epaia ematea.

Bidean bide, nola baloratzen duzue Gernikako Akordioaren bilakaera? Nola ikusten duzue Sorturen legalizazioa?

F. Letamendia: Gernikako Akordioan Otegiren taldearen eraginkortasuna azpimarratuko nuke nik, prozesu honen bultzatzaile garrantzitsua da. Nik indar biltze prozesu batean kokatzen dut, interesgarria oso. Euskal nazionalismoaren bi kulturak alderatzen baditugu, EAJ txikitze garaian dago eta ezker abertzalea handitze garaian. Gernikako Akordioak bi helburu ditu: prozesu politikoa bultzatu duen adar politikoak adar armatua gainditzea eta bukatzea. Otegiren taldeak indarrak bilatu eta aurkitu ditu haren arrazoiak sendotu eta bermatzeko. Akordioak ez zuen espero, prozesuaren zailtasunak medio –Bilduren esperientziak eta arrakastak aldatu duena–, ezker abertzale osoaren indar biltzea datozen hauteskundeei begira, prozesua zabaltzea eta indarrak biltzea aldi berean ekarriko zituela. Ondorioz, ezker abertzalea ez da oraindik ere geratzen denaz oso kontzientea. Izan ere, biltze horretan batu diren indar guztiak ez dira ezker abertzalearen jatorrikoak, aita-ama ezberdinen familien ondorengoak dira. Azken hamar urteotako esperientzia eta bilakabidearen ondorioz ezker abertzalea beste bat da. Dena den, niretzat hori da bidea.

J.J. Alvarez: ...Pacok dioen bezala, Bilduren sorrerak areagotu du indar biltze hori. Bildu elementu inorganikoa da, egiturarik gabekoa, oraingo ezker abertzalearen kultura ezberdina da.

P. Letamendia: Hori da. Nik bat egiten dut bateratze horretan, noski. Baina, bistan da, ezker abertzale berri honen biltze bidean txinpartak aterako dira. 50 urteko kultura daukan orain arteko ezker abertzalearekin bat egitea, sozialdemokraziara bidean sartzea, ez da erraza izango, bateratasuna ez da berehala egingo. Ezker abertzalea ez da planteamendu horren alde, oinarriak apurtzaileak eta sistemaren aurkakoak dira jatorriz.

J. J. Alvarez: Halere, Sorturen auzira etorriz: ezin da Sorturen legalizazioa ulertu –Auzitegi Konstituzionalak aztertu behar duena– Gernikako Akordioaren premisak kontuan hartu gabe. Bilduri anbiguotasuna leporatu dio justiziak, gauzei bere izenez ez deitzea. Gernikako Akordioak hiru elementu biltzen ditu, ordea: juridikoa, politikoa eta etikoa. Juridikoa: Bilduk legalitate formala lortu zuen, azken minutuan egia esan, eta, logikoki, Sortu ere legalizatuko dute. Bestelakoan, beste eskandalu politiko bat izango litzateke. Auzitegi Konstituzionalak bere doktrina aldatu beharko luke –hauteskundeen eta koiuntura politikoaren nahierara– eta hori estatu sozial eta demokratikoaren zuzenbide izaera ukatzea litzateke. Sorturen estatutuen erredakzioa tentu handiz eta fineziaz egina dago, Bilduren estatutuen ildoan, Alderdien Legearen exigentziei jarraikiz, bere oinarria Gernikako Akordioan duena.

Dena den, hori esparru juridikoari dagokio. Niretzat horrek exigentzia maila apalagoa izan dezake. Maila etiko politikoan, edo deontologikoan, bai dela ulergarria ezker abertzaleari exigitzea bake bideak sendo urratzea. Eta hori, egiari zor, Akordioan dago eta bere potentzialtasuna eta balorea gutxietsi dira. Izan ere, orain arte instituzioetan jardun duen abertzaletasunari eremua jaten diolako. Akordioak bidea zabaltzen du proiektu hori atxikitzeko prest dauden sektoreei leku eginez. Estatuari demokrazian bizitzeko dekalogo zuzena formulatu dio. Beste edozein aukera politikorekin homologagarria. Gernikako Akordioaren ahalmena handia da. Nik Ajuria Eneko Itunaren hainbat puntu parekideak ikusten ditut. Erabakitzeko eskubideari eta presoen gizarteratzeari aipu egiten dietenak. Aspektu hori alderdi askok isildu dute, ordea, konstituzionalistek bereziki. Akordioak borroka armatuari buruzko jarreraren aldaketa modu instrumentalez egiten dela esateak sua pizteko gaia ematen die Akordioan sinesten ez dutenei. Gernikako Akordioan elkarbizitzaren oinarri demokratikoak izan behar duena argi eta garbi agertzen da, baita biolentzia ororen errefusapena ere. Akordioak potentzialtasun totemikoa dauka eta isildu egin nahi da.

F. Letamendia: Otegi eta bere taldekideak martiren gisakoak bihurtzeak prozesua bizirik mantentzen du, atxikimendu afektiboa jasotzen baitu. Alabaina, egoera oldarkor honek prozesua ahuldu egiten du antolamenduari dagokionez. Bateragune auziko ezker abertzaleko kideak zaurgarriagoak ziren Sortu auzian ari diren beste kideak baino, Auzitegi Nazionalaren aurrean pasa behar zutelako. Nik ere Sortu legalizatuko dutela uste dut. Baina, Bateragune auziaren epaia ezagutu eta berehala, Cándido Conde-Pumpido Sorturen kontra azaldu da. Halere, Auzitegi Konstituzionaleko magistratu batek, ildo kontserbadorekoak gainera, Sortu legala izango dela adierazi du.

J. J. Alvarez: Estatuaren fiskalaren zeregina legalitatearen defentsa da, eta Conde-Pumpidok osagai etikoa, politikoa eta juridikoa nahasi ditu. Beraren hitzetan “ETA dagoen bitartean... Hauek engainatu nahi gaituzten bitartean...” argudioak balio du tabernako tertulia batean, baina ez Estatuaren fiskal bezala hitz egiteko. Bere jarrera medio bere funtzio instituzionala bortxatu du. Bigarren datu bat: Sortu alderdiaren estatutuen erregistroaren legalitatea kuestionatuko da, baina ez alderdi legearen aplikagarritasuna Sortuk hauteskundeetan parte hartzeko. Estatuak hauteskunde mugimendu hau oztopatzeko asmoa badauka, maniobra margen txikiagoa dauka. Alderdia aztertzen da bere erregistroa egiterakoan, baina ez bere zeregin politiko praktikoa. Dena den, Estatuaren legalitate hertsia aztertuta, Sorturen estatutuen legalitatea ukatzea barbaridadea litzateke. Estrasburgoko Auzitegiak berak ez luke onartuko. Areago, baieztatu nahi badute Sorturen fundatzaileen atzetik Batasunaren sortzaileak daudela, baiezpen perbertsoa da. Alderdien Legeak baimentzen du legalitatea, baldin eta alderdi berri baten bitartez Estatuak exijitzen dituen printzipioekin bat egiten badu. Zuzenbide Estatuak ozenki exijitzen dituen printzipioak dira.

Prospekzio politiko eta juridiko zehatza eginez gero, ezin da imajinatu Sortu gabeko eszenategia, hau da, Sortu legalizatua izango da. Artean, noski, hainbat kabala egin daiteke: PPk ez du Auzitegi Konstituzionala erreformatu nahi izan –hauteskundeetan gehiengo osoa irabaziko duelakoan– Auzitegian dagokeen joera progresista aldarazteko. Hori egia balitz, Auzitegi Konstituzionalak bere doktrina aldatuko balu –bere sinesgarritasun politiko, sozial eta juridikoa goitik behera nahikoa eroria jada–, bere buruaz beste egiten bukatu dezake. Bilduren sententzia diktatu zuen doktrina –ez gehiengo batez, betiere– aldatu beharko luke. Gainera, Bilduren kasuan elementu aktiboak juzkatu ziren, eta Sorturen kasuan, araudiaren testu legala bakarrik neurtu daiteke. Sortu legalizatuko dutela diogunean, erregistroan onartuko dutela esan nahi da. Hortik aurrera, hauteskundeetan parte hartzea beste kontu bat izango da. Alderdiaren Legearen galbahetik pasa beharko du berriz ere. Gerta liteke ezker abertzalearen aukerak –demagun Bilduren aurkako ilegalizazio prozesu bat ematen dela– deuseztuak geratzea Sorturen esparrua neutralizatzeko. Dena den, ezin da geroa eta sistema demokratikoa ulertu Sortu legez kanpo egonez gero.

F. Letamendia: Egoera esklusiboa litzateke. Alderdi politiko bat legalizatua egotea eta bere buruzagiak espetxeratuak. Horrek hurrengo hauteskundeetarako eratuko den aukera –nagusiki, Sorturen behin-behineko aukera– izugarri indartuko du. Prozesuaren izaera ikusita, koalizioa, [Amaiur koalizioa] alderdi bakarra izan ordez.

Zer iritzi duzue Bilduren ibilbideaz?

J. J. Alvarez: Politika errealak agintari edo gidari politikoa –bere joera ideologikoaz gainetik–, lurra ukitzera behartzen du. Bilduk denbora gutxi darama politikan bere ibilbidearen balantzea egiteko, baina begi-bistakoa da, errealismo politikoari lotzeko beharra inposatzen ari zaio. Kutxa Bank horren adibidea da. Erantzukizunaren eredua da, politikan maximalismoak ondo daude etxeko sukaldean, baina gobernatu behar duzunean, ezin duzu “dena edo ezer ez” delako maxima hartu. Herriarentzat askoz positiboagoa da, uneon, sistemaren barrutik eraikitzen aritzea, eraikinaren parean pankarta baten atzetik jartzea baino. Energia negatiboak badu glamourra, adredalina berpizten du, baina ez du eraikitzen.

Hau da, ideologia batekiko koherente izan daitezkeela erakusteak, hainbat gauza ezin dutela gauzatu testuinguru politikoan buru-belarri sartuta daudelako asumitzeak eta gobernu termino batzuetan jokatzeak Bildu bera onduko du. Bilduko gidariek, eta ezker abertzalearen buruzagiek, sistemaren aurkako izaera dutenek, gazteriaren izaera politikoaren sinpatia ernarazten dute. Alabaina, gobernatu ahala dibismo moduko hori kenduko zaie. Ezker abertzaleari lebitatzearen sentimendua eroriko zaio, onerako eta txarrerako, lurra ukitzea ona da. Kritikatua izatea sanoa da, ona da zure diskurtsoa “zibilizatzen” joateko. Horrek prozesu eta apustu politiko bera irabaztera eraman dezake. Hegemoniaren lehiak altxarazten dituen bekaizkeria politikoak ikusaraztea beharrezkoa da. Eredu ezberdinak izateak ez du ezkutatu behar elementu amankomunak nahiz diferentziak daudela familia abertzalean.

F. Letamendia: Bilduk Kutxa Banken aferan izan duen jarrera arrerapauso handia da, aurreiritziak gutxitzeko oso baliagarria. Bizitzen ari garen aldaketak ezker abertzale berriaren osaeran sartu behar dira. Ezker abertzaleak udalerrietako gobernuan jardun du, baina, lehen aldiz, EAEko lurralde bateko gobernua hartzean, benetako boterea ukitu du. Politikagintzako eta botereko “esku zikinak” direlakoen esamesak agertzen hasten dira. Ezker abertzaleak ardura nagusiak hartu behar ditu mugimendu sozial, kultural eta sindikalekin politika lantzerakoan. Esaterako, ELAk ez du begi onez ikusi Kutxa Bankeko akordioa. Niri ELAko argudioak errespetagarriak iruditzen zaizkit, baita Gipuzkoako Diputazioarenak ere. Oro har, Bilduk erantzunak eman behar ditu. Horrek baina, egoera oraindik heldugabean harrapatzen du ezker abertzalea, orain arte izan ez dituen arazoak landu behar baititu.

J. J. Alvarez: Beste adibide bat EUDELena da. Gipuzkoan Bilduk “nik ez dut bat egiten eredu honekin, eredu alternatiboa eratu nahi dut” esan dezake. Arazoa hau da ordea: herri honetan sortutako eremu instituzionaleko lege sektorialek determinatzen dituztela udalek jasotzen dituzten diru laguntzak, EUDELek egiten duen txostenaren bitartez egin ere. Orduan, Bilduk EUDEL boikotatzen badu eta udalerri bat gobernatzen ari bada, Bilduren alkateak laguntza guztiak nahi eta behar ditu bere proiektua aurrera eramateko. EUDELen eredua ez zaio gustatuko, baina parte hartu beharko du herritarren eskubideak defendatzeko. Gobernatzerakoan beharrak gailentzen dira. Neurri batean beti urratzen dituzu zure printzipio ideologikoak. Esaterako, Gipuzkoan, Etxegarateko bidesariaren eta errauskailuaren auziak ez dituzte erraz ebatzi ahal izango.

Hori nola konpondu daiteke? Nola eman irtenbidea?

J. J. Alvarez: Badago irtenbiderik gabeko erabakia, eta da: lau urtez gai hauek hozkailuan sartuta izatea. Baina ezin duzu “ez dut erabakitzen, eredua ez dudalako garbi” erabaki. Hori eutsi ezina da egun. Gipuzkoako zaborrak Bizkaira ari gara eramaten eta “aski da” esan dute. Zaborrak zabortegi txikietan bota dira, baina hauek gainezka daude. Aldundiak errauskailuaren eraikina egiteko daukan kontratua deusezten badu zor milioidun izugarria sortuko da. Badago azterketa bat zaborraren ereduari dagokionean. Herritarren parte-hartzea irizpide teknikoetan oinarritu behar da. Bildu ari da arazoa aztertzen eta baloratzen. Ziur naiz ezein irtenbiderik ez zaiola gustatuko. Izan ere, erantzunak eman behar dituen aldi honetan, zor milioidunaren ordainezko dirua jarri behar izatea, eta San Markos zabortegia ireki behar izatea –hori baita errauskailuaren ordezko alternatiba, baita atez ateko zabor sistema jartzea ere– ez dira alternatiba errazak.

F. Letamendia: Zu egiten ari zaren planteamenduetan –Pasaiako kanpoko itsas portuarena barne– argudio ezberdinak badaude, kontrakoak eta aldekoak. Errauskailuaren inguruan badaude bestelako prozedurak, ez hain erasokorrak, utzikinen birziklapena, adibidez. EUDELen kasuak ezker abertzalea instituzioetatik kanpo hainbat urte egon ondoren harrapatu du, baina honek bere proiektua plazaratu zuen, Udalbiltza, maximalista agian, baina nazionala, ez bakarrik EAErako, Euskal Herri osorako baizik. Alegia, faktore askok lurra ukitzera behartuko dute, ados, baina ezker abertzaleak ezin du berau elikatu duen herri mugimendua alde batera utzi, gizarte mugimenduen sarearekin lotuta segitu behar du. Bilakaera ez da argitua, baina ez du gai denetan jarrera bera hartuko. Gauza bat da instituzioetan jardun duten alderdien ohitura eta jarrera, eta beste bat ezker abertzalearen kultura politikoa; herri mugimendu sozialetan finkatuta aurrera egin duena, sistemaren aurkako taldeek hauspotua.

Ezkerreko subiranotasunaren blokea sistema politikoaren baitako mugimendua bilakatuko al da?

F. Letamendia: Zer da sistema politikoa, ordea? Kontzeptu kontserbadorea da guztiz. Egungo joko politikoaren –eta abiapuntuaren– arabera ez dago inolako aukerarik horri aurre egiteko. Beraz: euskal subiranozalea izanda sistemikoa izan al daiteke? Bada, ez. Espainiako sistemaren oinarria Konstituzioa da, orduan, beti altxatuko dira sistemaren aurkako indarrak.
Ezker abertzaleak sistemaren aurkako perspektibatik aritzetik sistemaren baitara izatera pasa behar du. Erantzunak eman beharrean aurkitzen da. Egungo prozesua zirraragarria da, eta gainera, erantzun arrazionalak lortzea eta herri mugimenduekin bide egitea oso fin landu beharreko zeregina da, kontu handiko lana, ez dago maisu-libururik horretarako, kakorratza, ehoziri-lana da, erabakiak hartzea zaila baita.

J. J. Alvarez: Ados. Alderdi –edo mugimendu– baten espresio politikorako ildoak gaurkotzeak beti ekartzen ditu printzipioen leialtasunekiko desbideratzeak, baina zein da koherentzia galdu ez duen alderdi politikoa? Altxa dezala eskua. Ezker abertzalearen oinarrietan estigmatizazio moduko bat garatu da azken 30 urte hauetan. Hau da, gizartearen eremu gehienak azpiratu dituzte. Funtsean, bere jendea ez da alderdi bateko kide izan, ideologia moduko bati atxikia baizik. Horrek oinarria zabaltzea ekarri du. Orain, glamour horri atxikia ez segitzeak eta alderdi politiko baten bahetik pasatzeak sorrarazten duten kontrobertsiari aurre egitea ez da erraza. Adibiderako, hor dugu Aralar alderdiaren kasua. Boto multzo bat lortu du, fidela, baina Bildu bezalako aukera izan denean bere boz emaile askok ez du suzedaneoa bozkatu, jatorrizkoa baizik. Funtzio bat bete du, baina desagertuko da. Beste adibide bat EAJk gazteriarengan pizten duen interes eza da: hutsaren hurrengoa. Beraz, gakoa instituzioetan egonkortzea, zabaltzea eta botereari atxikitzea da –helburua hori baita ezinbestean– eta aldi berean oinarriei muzin egin gabe politika egitea. Hori da politikaren muina eta funtsa. Noski, konplikatua da.

F. Letamendia: Adibidez, Kukutza gaztetxean bizi izan den esperientzia berealdikoa izan da: sistemak baztertutako jende gazteak auzolana eta autogestioa landu ditu erruz. Eta ez dute soilik EAJren alkate batekin topo egin, alkate eta oso sektore –espainol nazionalista– kontserbadore batekin baizik. Tamalez, horrelako arazoen aurrean egoskor jokatzeak botoak ematen dizkio alkate horri. Tamala litzateke halaber, ezker abertzaleak –gobernatzen dutenen eskutik– oraingo agintarien antzeko jarrera hartzea. Tira, ez dut uste horrela izango denik. Aitzitik, Kukutzan ikusi dugunez, sistemaren aurkako ekimenak eta gizartearen aldeko talde autogestionarioak izango dira ezker abertzalearen oinarrian.

J. J. Alvarez: Nolanahi ere, Bilduren diskurtsoetan herritarrekiko atxikimendua eta parte hartzeko moduari buruzko jarrera bikoitza dago: “Ez gara aldatuko, baina aldatuko gara”. Ezker abertzalean politikoarekiko dagoen kontrako jarreraz kutsatuak izateko uzkur ari dira. Oraindik gizarteak ez ditu politikari gisa ikusten, termino klasikoan ulertua.

F. Letamendia: Baina ardura instituzionalak hartu dituenez gero, ezker abertzaleak bere burua prestatu beharko du barne kritikak jasotzeko. Beti uzkur izan da ezkerretik zetozkion kritikak jasotzeko eta onartzeko, kritika horiek demonizatuak izan ditu orain arte.

Bildu ez da iraganeko ezker abertzalea, halere.

F. Letamendia: Hori da: ezker abertzalea berria da. Prozesu bizia esperimentatzen ari da egoera berrira egokitzeko.

J. J. Alvarez: Halaber, esan ohi da, Bildu barruko indar minoritarioak teloneroak direla. Halere, Bilduk legaltasuna baino askoz gehiago ekarri dio ezker abertzaleari. Bateragune auziko sententzian ere idatzita dago. EA da ezker abertzaleari legal izateko aspektu formala eman diona, Bilduren aukera elektoralaren potentzialtasuna zabaldu duena, Alternatibarekin batera. Aldi berean, ezker abertzale tradizionalean badago nahikaria erakusteko ez direla desnaturalizatzen ari, aitzitik, bere esparrua zabaltzen ari direla. Bi prozesu paralelo ematen ari dira: batetik, hauteskundeen emaitza oparoekin sartu dira sisteman, eta bestetik, ezker abertzalea politikari ekiteko beste modu bat lantzen ari da. Ariketa errealista horrek, botere guneen hartzeak –Gipuzkoako aulki nagusia hartzeak, beraiek espero ez zuten arrakastak–, erakutsi die teoria eta praktika aplikatzen ikasi behar dutela, eta hori ez da batere erraza. Bilduk teoria sortu eta landu behar du aldi berean, eta hazi behar du, nerabea baita. Ezker abertzale bezala agertu nahi duen arren, ez da ezker abertzalearen kultura politiko berekoa.

Artean, zein da EAJren subiranotasunaren nahia? Estatuari estatus berria proposatu dio orain gutxi.

F. Letamendia: Egungo EAJk Ibarretxeren EAJren garaian zituen aukerak galdu ditu. Azken foru eta udal hauteskundeetan jaso zituen emaitzek hori adierazten dute. Baina, kontuz, ez du zertan aurrerantzean horrela izan. Hau da, CiUk Katalunian arrakasta lortu berri du eta EAJren eredua baino kontserbadoreagoa da. Ezker abertzaleak goranzko joera garaia bizi du, eta EAJk berriz garai egonkorra biziko du, areago, hainbat lekutan zeukan indarra galduko du. Jokoan dagoena hegemonia da, EAJ indar hegemonikoa izan da oraintsu arte, eta orain hori galtzeko beldur da.

Nire ustez –eta desioz ere–, bi familia abertzaleek elkar errespetatzen badute, bide erosoagoa egingo dute biek. Artean elkarri mokoka ari dira. Ezker abertzaleak proposatu zion hauteskundetarako [arazoaren 20koei begira] koalizioa egitea, baina horrek ez du zentzurik, eskaintza elektoralista izan zen, hau eta beste leporatzeko. Haatik, aurrerantzean itun nazional bat egin beharko lukete, Irlandako Sinn Féinek eta Alderdi Sozialdemokrata eta Laboristak (SDLP) 1990 urteetan egin zuten bezala. Urrats handia litzateke eta berebiziko indarra emango lieke nazionalismoaren bi familiei. Hori ere bada konpondu gabeko arazoa, gainditu beharreko irakasgaia.

J. J. Alvarez: Artean baina, ETA faktorea dago. ETA erabat amaitzeak jeltzaleen hainbat borondate aldaraziko ditu, hauen jokamoldeak lasaituko ditu. Izan ere, bi familia abertzaleen artean ez dago Estatuaren estrategia perbertsoa. EAJk auzi horren aurrean erakutsi du ez duela elektoralismoa egin nahi. Iñigo Urkulluk azken hauteskundeetan Estatuak Bilduri kanpaina egin ziola esan zuen, ez dakit zuzena den hori esatea, baina EAJ sintzeroa izan zen, Bilduren parte-hartzea sostengatu baitzuen. Ezker abertzalearen jarrerak larderiatsuak izan dira neurri batean, eta horrek baldintzatzen ditu harreman pertsonalak. Hauek dira azken batez jarduera politikoaren lehen oinarria. Hau da, politikan akordioak arerioen harremanen arabera gauzatzen hasten dira.

EAJk iparra galdu du neurri batean. EAJren sektore subiranozaleenak izugarrizko kolpea jaso du Gipuzkoan. Izan ere, Bildu Bis-en diskurtsoa egiten baduzu, ez zara Bildu, eta jendeak bozkatzen du jatorrizkoa. Tentuz ibili behar du: EAJ alderdi bizkaitarra bihurtze bidean sar daiteke...

F. Letamendia: ...edo alderdi bilbotarra, okerragoa dena.

J. J. Alvarez: Nik, dena den, abertzaleak konfluitzeko modua ikusten dut. EAJk EBBko batzar nagusia eraberritzeko eramango duen ponentzia politikoak Euskadi Europako nazio bezala ikusten du, autogobernu eta subiranozaletasun mailak lortzeko moduak aipatzen ditu, Euskadiren nazio nortasuna Europan bermatuko duten bideak. Diskurtso horrek etorkizuneko ezker abertzalearen diskurtso ideologikoarekin uztartzeko moduak eskaintzen ditu. Gainditu beharreko ikasgaien artean, EAJren gainean egin eta egiten den estigmatizazioa uxatzea da. Eta hori neurri batean, ezker abertzalearen markek [Bildu edota Amaiur] instituzioetan erakutsi behar dute herriarentzako politika eginez. Hori lurraren gainean zapalduz egiten da. Baten batek esango du: Gernikako Estatutuaren bidetik? Bada, Estatutu horrek ematen dituen aukera eta potentzialtasun guztiak garatuko balira, independenteak izan gabe ere, gauza izugarriak egin litezke. Estatuarekiko harremanetan bilateraltasun osoa lortu gabe ere, aurrerapausoa litzateke. Adibidez: Kontzertu Ekonomikoaren ahalmena esparru politikora aldatuko bagenu, potentzialtasun ikaragarriak geneuzkake.

Nire ustez, familia jeltzaleak bere burua rol horretan ikusten du, Iñigo Urkulluk barne. Epe labur eta ertainean oraindik ere hauteskundeek baldintatzen dute konponbidea. EAJk ez du argitu bidea, baina ezker abertzaleak ere ez. Eta tamalez, ez oraingoek, ez EAEko hurrengo hauteskundeek, oraindik ere (ETA amaituta ere) ez dute argituko ezker abertzaleak zein aldera joko duen, PSEren aldera edo EAJren aldera.

PPk Madrilgo Gobernua hartzeak baldintzatuko du etorkizuna.

J. J. Alvarez: Hori faktore izugarria da. Hirugarren elementua da, faktore gakoa. PPk Madrilen PSE eta hemengo PPren harremanak lardaskatuko ditu. Bi familia abertzaleetan katartsia ematen hasia da. Adibidez, EAJ Gipuzkoan lau udalerriren buru izatera pasa da. Horrek min izugarria egin dio eta zein bidetatik joan erabakitzeko desorientatu du. EAJk lehen aldiz ikusten du orain arte izan duen hegemonia gal dezakeela. Horiek horrela, EAJk eta ezker abertzaleak elkarri egiten dizkioten kritikak apaldu beharko lituzkete. Ezker abertzaleak ezin du honezkero traizio estatutario delakoa aipatu, arau horren arabera politika egiten ari bada. Duela 30 urte baino askoz hobeto gaude, eta hori neurri batean alderdi nazionalistek Madrilen landu dituzten politiken eta harremanen bidez heldu da. Orain, kontua da nazioa nola eraiki, nork bere osagaiak alde batera utzi gabe.

F. Letamendia: Nire ustez bi kulturetan badaude lotuneak oinarrizko akordioa lortzeko.

Zein epetan. Nondik hasi?

F. Letamendia: Borondatea baldin badago epe laburrean. EAEn orain dagoen gobernua ez da berriz emango. Nafarroan, berriz, EAJ eta Zabaltzen batetik, eta Bildu [Amaiur] bestetik ariko dira. Aralar NaBain nahiz Amaiurren egoteak harremanak gozatzeko balio behar luke.

Kakorratza edo ehoziri lana...

J. J. Alvarez: Patxi Zabaletari azken hauteskundeetako emaitzek begiak ireki zizkioten, baita bere alabaren egoerak ere, agian. Aldi berean, EAren barneko tirabirak, independenteak NaBain... Ezaugarri batzuek egoera konplikatzen dute, kanpotik edo barrutik, baina ez da erraz ulertzen nola ez den magma komun hori gauzatzen. Nik uste dut errazagoa dela abertzale guztien akordioa lortzea EAEn, Nafarroan baino. Helburuetan, ez termino elektoraletan.

EAJk estatus berria planteatzean ez du aipatzen estatu libre asoziatua, Ibarretxe planak planteatu zuena, euskal nazionalismoaren tropetan –ideologikoki esanda– interes estetiko politikoa esnarazi zuena. “Subiranotasuna bai, baina...” batean geratu da EAJ. Gernikako Estatutuaren potentzialtasuna landu behar dugu. EAJk estatus berri bat aipatzen duenean bilateraltasuna nahi du lortu, euskal demos bat izan dadila. Nik Gernikako Estatutua ez nuke ukitu ere egingo, izan ere, ziur naiz PPk eta PSOEk gaur egun lehenengo artikuluaren aurka bozkatuko luketela; Nafarroak beste lurraldeekin bat egiteko aukera ematen duena. Euskal Herria aipatzen du, hor badago tresna garrantzizkoa, hortik proiektatu daiteke subiranotasunaren bidea. Espainiako Konstituzioa ez da marmolean idatzia eta aldatu daiteke.

Gauza bera pentsatzen duzu zuk, Paco?

F. Letamendia: Nik abertzaletasunean akordio nazionala erdiesteko heldulekuak badaudela esan dut, bi familiek urratu dituzten bideetatik ikasi daitekeela. Biek ekar dezakete beren esperientziatik zerbait baino gehiago. Nahiz eta, egia esan, Ajuria Eneko Itunak ez didan graziarik egiten. Gainera, kontuan hartu behar da, itun hark aprobetxatzeko zeukan guztia PPk akabatu nahi izan duela.
 


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude