argia.eus
INPRIMATU
Brian Currin
"Ziur nago PPk jarrera eraikitzailea izango duela gobernura heltzean"
  • ETAk jarduera armatua amaitu izana era berezian bizitu zuen Brian Currinek. Prozesu guztian protagonismo handia izaten ari da abokatu hegoafrikarra. Datozen pausoak Aieteko adierazpenak markatutako ordenean egingo direla aurreratu du.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2011ko urriaren 27a
Brian Currin, bitartekaria.
Brian Currin, bitartekaria. bitartekaria

Zer iritzi duzu ETAren adierazpenaz?

Adierazpena eskatutakoa da. Ez dago anbiguotasunik. ETAk indarkeria armatua amaitu duela dio. Hori da nazioarteko sei liderrek ere eskatu ziotena.

Bake konferentziaren arabera orain Espainiako eta Frantziako gobernuei dagokie fitxa mugitzea.

Bai, zuzena da hori. Bigarren puntuak dio ETAren adierazpenari positiboki erantzun behar lioketela, eta biolentziaren ondorioez hitz egiteko ETArekin elkarrizketak hasi. Asko dago hitz egiteko eta denbora beharko dute. Hori da hurrengo pausoa.

Konferentziako puntuek markatutako ordena eramango du beraz prozesuak?

Bai, pausoak konferentziaren arabera emango dira. Lehengo konfiantza eraiki behar dugu eta ETAren adierazpena horretarako da. Horren ondoren, neurri horiek hartzean, ondorioei buruzko elkarrizketak izango dira, eta behin hori eginda hirugarren paragrafoan aipatutakoa jorratzen hasiko gara.

Zer espero behar dugu orain, bi gobernu hauen erantzuna?

Imaginatzen dut biek nazioarteko liderrek egindako eskaerari baiezkoa erantzungo diotela. Ez dut uste Espainia edo Frantzia egiteko gai ez den zerbait eskatuko zuketenik. Kontestu politikoa ETAren adierazpenaren ostean kokatu behar da. Bake prozesua amaitzeko aukera erreala da. Arduratsua den edozein gobernuk onartuko luke konferentziaren bigarren puntua.

Hauteskundeen aurretik?

Bai. Alderdi sozialista eta popularra ETAren amaiera batera kudeatzen ari direla uste dut, interes nazionalak ditu eurentzat. Rajoyren adierazpenetatik hori interpreta daiteke. Nik uste dut baietz.

Rajoyri buruz galdetu nahi nizun. Asko aldatu du PPk diskurtsoa.

Bai, normala da oposizioan dagoen alderdi batek diskurtsoa aldatzea boterera heltzean. Herritar guztien interesak defendatu behar dituzte orduan, eta PPk gobernura heltzen denean jarrera eraikitzailea izango dutela uste dut. Ziur nago horretaz.

Orain urte eta erdi Argian argitaratutako elkarrizketan esan zenigun ez zegoela konfiantza nahikorik elkarrizketa multilateralak abiatzeko. Ba al da konfiantzarik orain?

Orain, dudarik gabe, gehiago dago. ETAren azken agiriak lagundu du horretan. ETA eta Madrilgo gobernuaren artean gatazkaren ondorioak jorratzeak oraindik gehiago sortuko du. Orain elkarrizketa horiek askoz errazagoak izango dira, iraganean ETAk, ezker abertzaleak eta Espainiako Gobernuak izan dituztenak baino. Lehen beti izan dute berriz biolentziara itzultzeko arriskua, eta horrek asko zailtzen zituen elkarrizketak. Orain hori ez dago, eta uste dut konfiantza eraikitzeko aukera handiak dituztela.

Ba al duzu Arnaldo Otegiri buruzko berririk?

Ez azkenaldian. ETAren existentzia arrazoi hartuta atxilotu zituztenak askatu beharko dituzte. Biolentzian nahastuak izan ez diren horiei buruz ari naiz. Nire ikuspuntuan batzuk ahalik eta azkarren askatu behar lituzkete, gainera: bide soilik baketsuen aldeko jarrera erakutsi dutenak. Arnaldo horietako bat da.

Noiz joko duzu zure lana amaitutzat?

Nire lana Euskal Herrian alderdien eskaeratik dator, eta orain alderdi ezberdinen arteko elkarrizketak martxan jartzeko aukera dago. Bide orrian aurrikusten da nazioarteko babesa eta hori eskatzen badute, ziur nago Nazioarteko Harreman Taldeak gustura egingo duela bere lana. Agian urteak hartuko ditu eginbehar horrek.

Nola sentitzen zara pertsonalki etorri zinen lehen alditik egindako hobekuntza ikusita?

Oso pozik nago. Osteguneko adierazpena oso positiboa izan zen. Euskal Herrian lagunak egin ditut eta atzoko adierazpenak sakon ukitu ninduen. Herritar guztiei onena desio dizuet eta uste dut euskal jendarteak atzo gertatu zena merezi duela.