argia.eus
INPRIMATU
Piperminak
Jakoba Errekondo 2011ko urriaren 19a
Piperminak
PiperminakJakoba Errekondo

Piperminak min pixka bat behar duela uste duten horietakoa naiz. Etxeko kasta. Udan tomatea adina gustatzen zait pipermina, edo gehiago! Frijitua gutizia. Gordinik tomatea berarekin edo babarrun berriekin... zerua. Kapsizina deitzen den osagaiak ematen dio mina edo beroa piperrei. Toki bero eta lehorretan hazi egiten zaio, ahosabaia sorgortzeko gai izateraino. Isuri atlantiarreko lurretan, baina, hezetasunak bi lan egiten ditu: batetik, min horri tamainan eusten dio eta, bestetik, azal fina ez zaio zakartzen. Ebro aldeko piperminak sua dira, itsasaldekoak mauka. Eta kapsizina punttu horrek digestioa errazten du, babarrun janaldi baten ondoren eskertzekoa...