argia.eus
INPRIMATU
Europa batua?

Josemari Velez De Mendizabal 2011ko urriaren 18a

Munduko ekonomialari ugari dantza dramatikoan dituen krisiaren garapen beldurgarriak ez gaituela denok oharkabean harrapatu uste dut. Begi arruntekin aspalditik ikusten zenari kolore aproposa jarri ordez, munduko “mandamasek” –ekonomiako guru ukiezinekin batera– eszenategi faltsua eraiki zuten, euren interes politiko eta finantzarien arabera. Noski, alderantziz proportzionalak direnak, munduko hiritar arrunton ongizate iraunkorrarekin.

Bizi dugun kataklismoaren zurrunbiloan interesgarria da Alemaniako kasua, Europar Batasuneko lider espiritual eta ekonomiko bihurtuta. Eta, aitortu behar da, bere meritu propioei esker bilakatu da europar lehen potentzia, mendebal-zibilizaziokook sorrarazi dugun uhin akabatzaileari aurre egiteko azken hirurogei urteotan estatu-estrategia industriala egokien diseinatu duena bera baita. Bere industria-egiturarako zutabe sendoak ezarri zituen Alemaniak, bigarren gerrateak herentziaz utzi zion orube material eta animiko desitxuratuaren gainean.

Alemania txikitua zegoen 1945ean, eta gutxi bailitzan aliatuek zatitu egin zuten estatua, gerrako harrapakin gisa. Baina alemanek agintari eroen aldiari azken puntua emateko demokrazia indartu zuten, eta horren oinarrian azpiegitura soziala eta ekonomikoari lehentasuna eman zioten, berriz ere Europa zaharreko herri garatuen aitzindaritza eskuratzeko. Kapitalismoaren eta komunismoaren ortodoxia itsugarrietatik urrun, gizarte ekonomiaren alde jokatu zuen Alemaniak. Politika ekonomikoak argi eta garbi enfokatzen zuen laguntza publikoaren beharra alemaniar guztientzat. Hori bai, lehiakortasunari eskaintzen zitzaion garrantzia, monolitismo antzuetatik libre egoteko.

Ez zien agintariei –Adenauer, Erhard...– pultsuak dardararik egin, gehien zeukatenei zerga handiagoak ezartzeko orduan. Gizarte justizia izango bazen, derrigorrezkoa zuten aberastasunaren bidezko banaketa. Baina alemanek bazekiten euren garapena Europari begira oinarritu behar zutela, europar merkatuaren laguntzarekin. Eta Europa Batuaren eraikinean lehenetariko adreilua alemanena izan zen, frantziar eskua beti izan zuelarik prest laguntzarako. Bi estatuek garbi asko zeukaten, lehenago ala beranduago, Bonn-Paris ardatzak europar ekonomia sostengatuko zuela. Eta hala joan zitzaien biei. Ongi, oso ongi. Bien bitartean, gainerako estatuek ahal zuten moduan jarraitu zioten ekonomiaren trenari. Batzuek, gainera, planteamendu kortoplazista ergelekin.

Europa Batuaren ideia ederrean, ordea, eragileek noraino sinesten zuten galdegai handi bihurtu da egun. Sustrai kultural eta soziologikoak zeharo desberdinak izaki, nekez pentsa daiteke hastapenetan inor prest zegoenik mendetako errealitatea sakrifikatzeko. Hizkuntza desberdinak, usadio eta ohiturak bata bestearengandik guztiz urrunak. Panorama horretan ekonomiak ere baliabide eta apustu diferenteekin jokatu zuen. Eta, normalean gertatzen den bezala, zentzuen planifikatutako egitasmoak izan ziren garaile.

Batzuek eta besteek ez dute era bertsuan ikusten euren etorkizun hurbila. Gora begira eguzkiari so aritu zirenek zailago daukate irtenbidea, euren etxeko lanak hobeto egin zituztenekin alderatuta. Eta Alemaniari gertatzen zaiona da, behin estatuaren berrelkartzearen kostu ekonomiko zein soziala gainditua dagoela dirudienean, Europako beste estatuei laguntza luzatu behar horrek ez diola batere graziarik egiten. Orain ez du gainerako europarrengandik horrenbesteko premiarik.