argia.eus
INPRIMATU
ETAren amaiera

GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2011ko urriaren 19a

Euskal Herrian Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzian –Lokarrik antolatutako Bake Konferentzian, alegia– hartutako ondorioak ezagutu ditugu eta, uste bezala, ETAren amaiera bidera dezakete. Lorpen handia da ETA gure bizitzatik desagertzea. Denon lorpena: euskal gizartearena, hainbat pertsonena, hainbat talderena, baita ETA denbora luzean zehar babestu dutenena ere. Baina ez da, inolaz ere, ETAren lorpena, are gutxiago Bake Konferentzia hau antolatu izana. ETAk aspaldian nazioarteratu nahi izan du gatazka politikoa –Euskal Herriaren etorkizun politikoa, hain zuzen ere–, baina nazioarteratu den gai bakarra ETAren amaiera izan da.

Nik ez nuen inoiz pentsatu ETAk horrelako tresnarik beharko zuenik bere jarduera krudelari amaiera emateko. Horren erraza ikusten nuen nik, teorian behintzat, erabaki hori hartzea! Baina, dirudienez, hemen egindako ahalegin guztiak ez dira nahikoak izan ETArentzat. Eta esfortzuak egin dira, noski. Horretan ahalegindu dira ETAren desagerpena eskatu dutenak eta bere krimen guztiak gaitzetsi dituztenak; senitartekoak eta lagunak galdu dituztenak; herritarron segurtasuna zaindu nahi izan duten guztiak; kanpotik laguntza ematera etorri zaizkigunak eta, azkenik, ETAri bere babes politikoa ukatu dion ezker abertzalea. Denon artean lortu dugu ETAk bere “hausnarketa” egitea; elementu guzti horiek gabe une hau ez zen iritsiko-eta.

Beraz, herritar naizen aldetik, hainbeste urtetan desio izan dugun panorama berria posible egin duten guztiei eskertu nahi dizkiet euren ekarpen guztiak.

Pozteko egunak dira gaurkoa eta aurrean ditugunak. Baina baita lana egiteko garaia ere. Gure arteko bizikidetza konpondu eta berreskuratu behar dugu eta errealitateari aurre egin beharko diogu. Azken finean, orain nabarmenagoa egingo zaigu askok pairatu duten sufrimendua eta nabarmenagoa, oraindik ere, etorkizuna eraikitzeko egia, apaltasuna, erantzukizuna eta eskuzabaltasuna guztiz beharrezkoak izango ditugula.

Agian gogorra egingo zaigu ETAren amaierak agerian utziko duen errealitate osoa, baina aurrera egiteko hau izango da abiapuntu sendo bakarra. Hau eta ETAren amaiera bera, noski.