argia.eus
INPRIMATU
Dakidan bakarra

Eneko Dorronsoro @EnekoDorron 2011ko urriaren 19a

Elkarrizketa bat ikusi berri dut: Wikileaks eraitsiaz (Desmontando a Wikileaks) liburuaren egile Daniel Estulini Kataluniako telebistan egina. Ezer ez omen da dirudiena. Eta ustez banekien. “Niri ez didate sartuko...”. Baina zeharbide sasi-alternatiboetatik zerbait iritsi orduko, barrura: “Ikusten? Esaten nizun nik...” Eta plasta! Orduan sartzen dugu hanka. Ohartzeke noski, begi aurrean sortu diguten antzezpenak geruza bakarra zuelakoan, eta hura saihestu izanaz harro. Ba harrapazak! Wikileaks ere jokoaren parte omen da.

Michael Moore aipatzen du elkarrizketan, eta haren Fahrenheit 9/11 filma. Hark ni ere ez ninduen konbentzitu. Hain erraza zirudien... Bakeroak bilakatzen ziren gaizto, eta indioentzat ziren loreak. Betiko eskema, pertsonaiak elkar-trukatuta, besterik ez. Errazegia.

Dirudienetik denera bidean, Victor Erizeren lan bat datorkit gogora: La morte rouge. Eta nondik sortu zitzaion: bere haurtzaroan zineetan, filmaren aurretik No-Doa proiektatzen zen (baita beste jenerazio askorenetan ere tamalez). Berri haiek egiatzat jasotzen zituzten haurrei, errealismo-fikzioaren mugetan lausotzen zitzaien jarraian ikusten zuten filma. Zer zen asmatua, eta zer erreala? El espiritu de la colmena filmean ere jolastu zuen bi munduokin Erizek, Frankensteinen munstroa pantailatik haurraren errealitatera ekarriaz.

Umetzat beti izan dut nire burua, baina errealitatearen eta fikzioaren arteko muga argi trazatua nuelakoan nintzen. Banekien No-Doak errealetik ez zuela Michael Mooren dokumentalek baino gehiago. Eta harro nengoen: “Niri ez didate sartuko...”. Bigarren antzokian lasai, txotxongiloen hariak ikusten nituelakoan. Eta bai zera! Show honetako Truman bat gehiago naizela esan dit Daniel Estulin delako horrek. Ikusten dudana ez dela benetan gertatzen ari.

“Ezer ez dakidala da dakidan bakarra”. Baina pentsalariak ere ez dakit bere maxima lortuko ote zukeen informazioz biziatutako gizarte honetan. Gure amak beti esan ohi du gertakari bakoitza aztertzerakoan, mesederik gehien nori egiten dion galdetzearekin aski dela. Eta Interneten begiratu dut: Estulinen liburuek izugarrizko arrakasta dute.