Belladona::Belladona
GP Producciones
iraupena ::49´20´´
prezioa ::10.00€
“Hainbeste ibili ostean, hasi naiz antzematen helburua dela bidaiaz gozatzea besterik gabe”. Urte asko daramazue musikaren alorrean borrokan ondorio horretara heltzeko?
Javi Fermín: Bai, guztiok urte asko daramatzagu proiektu ugaritan lanean. Motxila beteta dugu, baina ez dago zamarik. Esperientzia guztiek aberastu gaituzte.
Emmanuel Losio: Ez dut inoiz borroka gisa ikusi, beharra da. Musikak bizitza beste modu batera ikusten lagun zaitzake.
Maldito. Zaila da Euskal Herrian gaztelaniazko pop-rocka eginez lekua egitea?
J.F.: Ez dut uste hizkuntzak eta lekuak halako garrantzia dutenik, lana gogor egin eta zurean erabat sinesten baduzu. Bestalde, guztientzako lekua eta entzuleak daudela uste dut.
Poperoegiak batzuentzat eta ñabardura eta aldaketa gehiegi poperoentzat. Hala da?
E.L.: Hori da proiektu honetara batzeko gehien erakarri ninduena. Gainera, jazz musikaria naizen heinean aberasgarria egiten zait beste estilo batzuetako ukituak gehitzea. Azken finean, garrantzitsuena, etiketetatik at, lana ondo egin eta zugandik gehien ematea da.
Hitzetan metafora oso landuak aurkitu ditut.
J.F.: Garrantzi handia ematen diet. Behin eta berriro idazten ditut, erabat gustura gelditu arte. Helburua da sentsazio zehatz batzuk transmititzea. Abesti batean hitz gutxi daude eta hori doinu bati lotu behar zaio, baina batzuetan lor daiteke.
Mota oso desberdineko kantak batu dituzue eta, besteak beste, “Dímelo”-k harritu nau: Television eta Policeren ukituak, latindar leloa eta Santanaren antzeko gitarrak. Nola jaio zen?
J.F.: Abesti horri maitasun handia diot; diskoko pieza zaharrenetarikoa da eta denboraren kabuz ondo borobiltzea lortu dugula uste dut.
E.L.: Agertokian asko mugiarazten nauen kantua da. Oso betea da eta indar handia dauka, bai.