argia.eus
INPRIMATU
Otsoa amona
  • Mario Ramos ::Neu naiz azkarrena

    Ttarttalo

    orrialdeak ::48

    prezioa ::12.50€

Xabier Etxaniz Erle 2011ko urriaren 12a
Mario Ramos album egile ezagunak Txanogorritxoren istoriotik abiatuta ipuin berria kontatu digu. Abiapuntua ipuin klasikoaren antzekoa izanik, irakurleak berehala ikusiko du Ramosek bestelako istorioa kontatu nahi digula; izan ere berehala ikusiko dugu otsoa Txanogorritxori ohartarazten arriskutsua izan daitekeela “basoan bakarrik ibiltzea (…) Basapiztiaren bat aurki dezakezu, marrazo bat, adibidez! Marrazoak demonioa baino gaiztoagoak dira gero!”.

Baina Grimm anaien edo Perraulten hipotestu hura presente izanik, otsoak neskatoa engainatu eta bai bera bai amona jateko prestatzen da: “Neu naiz azkarrena! Otordu ederra egingo dut gaur. Hasteko, amona labean, eta azkenburukorako, marrubi goxoa”. Eta otsoa, neskatoa basoan distraitzen delarik, amonaren etxera iritsiko da berehala baina han amonaren ordez honen atorra aurkituko du. Gertakari sinple horrek, eta otsoari amonaz mozorrotzea bururatzeak, istorioaren nondik norakoa erabat aldatuko dute.

Ramosek aurretik ditugun aurreiritziekin jolasten du. Ustekabean ehiztariarekin egingo du topo otsoak... Hartz Txikiren familia ere hurbil izango du, hiru txerritxoak otsoaz mintzatuko zaizkio, zazpi ipotxak ere pasatzen ikusiko ditu, baita Montresorko Markesa ere, Loti Ederraren jauregiaz galdezka. Guzti-guztiek, baina, amonatzat hartu dute eta otsoa haserre bizian amonaren atorra kendu nahi eta ezin. Eta une horretan, amorratzen dagoelarik, hara non agertzen zaion Txanogorritxo. “Eskerrak! Honek behintzat ezagutuko hau!” dio otsoak listua dariola neskatoaren gainean salto egiteko prest.

Baina, hasieratik liburuari darion umore kutsu horrekin bat eginez, amaiera ez da otsoaren gogokoa izango, eta irakurleak, oraingoan ere, irribarrez amaituko du liburua.

Kontakizun sinplea, eta ikusi ahal izan den bezala, ipuin ezagunen erreferentziaz beterik ageri zaigu album hau. Irudi oso esanguratsuak, indar handikoak eta ederki lotzen direnak testuarekin, bien arteko informazioa osatuz (eta, ipuinaren erditik aurrera, ehiztariaren betaurrekoen kontura jolas eginez).

Azken finean, Neu naiz azkarrena liburu hau literatura tradizionalarekin literatura modernoa nola egin daitekeen erakusten duen adibide argia eta ederra dugu. Haur txikiei kontatzeko liburua, haur txikiek irakurtzekoa eta baita helduon gozamenerako lana ere.