argia.eus
INPRIMATU
Kukutzari jarriak

Miren Amuriza @MirenAmuriza 2011ko urriaren 12a

I
Gazte batzuk asanbladan
haur bat begira dagola,
oholtzan baxu jole bat,
horman mila banderola,
kamisetak, argazkiak,
pinturak, Euskal Tonbola,
asteartez txalaparta,
ostegunez bertso-eskola...
Sorkuntzarako gune bat
oroitu dezagun nola
epaile baten aginduz
eraitsi zuten behinola. (bis)

IV
Asteak igaro arren
ez dugu erraz ahantziko,
ertzainen bortizkeria
manifestariekiko:
pailazoak odoletan,
auzotarrak belauniko,
pelotazo eta porra,
ukabil eta ostiko...
Txakurrak bezala hozka
jarraitu ordez betiko,
egunen baten hizketan
ez al dute ikasiko? (bis)

II
Bilbo zaharraren Kukutza,
Kukutza Errekaldeko,
mehatxupean zeukaten
eta babes emateko
giza-harresi bat sortu zen
eskuz-esku, metroz-metro:
musikari, bertsolari
nahiz auzotar peto-peto.
Baina gaur egun dena da
zeharo neurrigabeko;
eraikinak husten dira
poltsikoak betetzeko. (bis)

V
Telebistan ezer ez da
kalean bezain gordina,
nahi dena ezkutatzeko
botatzen dute gortina.
Azkunak sofatik zeukan
ikuspegi ezberdina,
eta arrazoitu zuen
ertzainen borroka grina.
Egur hots hura ikusita
nork esango luke baina,
bilbotarrak babestea
denik bere zeregina! (bis)

III
Hiru txerrien ipuina
gorroto nuen umetan,
baina sarritan izan dut
gogoan aste hauetan.
Lastozko etxetxo baten
edo gaztetxean bertan;
otso bat arnasa hartzen,
epaile bat gogoetan...
Batak sinatu egin zuen,
besteak putz, adurretan,
baina basakeria bat
ez al da kasu bietan? (bis)

VI
Gaztetxe baten sorrera
ez da dibertsio hutsa,
beti dago zer egina,
beti dago zeri bultza,
baina herri gazte baten
esperantza da sorkuntza.
Nahiz eta orain Errekalden
soilik geratu errautsa,
denok batera egiten
badugu putz Bilboruntza,
garretik sua bezala
berpiztuko da Kukutza. (bis)

   


Doinua:  Gure herri ttiki hau da.


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.