argia.eus
INPRIMATU
IG Nobel Sariak eman dituzte

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko urriaren 12a

Urriaren hasieran jakin genuen zeintzuk ziren Nobel Sari ospetsuen aurtengo irabazleak, eta horiekin batera IG Nobel Sarienak ere ezagutu ditugu. Lehenek oihartzun handia dute jendartean; bigarrenek ez, baina irria sorrarazten digute. Aurten, honela banatu dira absurdokeriaren omenezko sariok.

Fisiologian, Geochelone carbonaria dortoka-espeziearen aharrausia ez dela kutsagarria frogatzen duen ikerketa saritu da.

Kimikan, larrialdi bat izatekotan gela batean wasabi izeneko mostaza berde japoniar ospetsuaren zein kantitate barreiatu behar den aztertu duena. Psikologian, berriz, egunero zergatik hasperen egiten dugun jakin nahia saritu da.

Medikuntzan, pixagura handia dugunean erabakiak hartzeko ahalmenari buruzko aztereta, eta biologian, labezomorroak marka australiar jakin bateko garagardo botilekin ugaltzeko duten joerari buruzkoa saritu dituzte.

Fisikan, disko jaurtitzaileek zorabiatzako joera izatearen eta mailu-jaurtitzaileek, aldiz, ez izatearen zergatiaren bilaketarentzat izan da saria; kontuan hartu bi kasuetan biraketa-mugimendua dagoela.

Azkenik, Bakearen saria Vilnius-eko (Lituania) Udalari eman diote, luxuzko ibilgailuak legez kanpo aparkatzearen arazoa goiko argazkian ikus dezakezuen moduan konpontzeagatik.