argia.eus
INPRIMATU
Amaiur

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2011ko urriaren 11

Lau hankako mahaia egiteko, arotz eta ebanista iaioak behar izan ditu gureak. Ezinbestekoa izan da zoritxarrez, bestalde, txirlora eta ezpalak bazterrean geratzea, hanka sendo eta leunak lortzekotan. Amaiurren baitan eratutako asmoa indar metaketarena da, eta hau ezinbestekoa da ezer lortuko bada. Eta lortu nahi duguna ez da huskeria: Euskal Herri subiranoa eta euskalduna, besteak beste. Baina horretarako indar abertzale hegemonikoa izan behar dugu. Esan nahi baita, hegemonia ez dela soilik boto kopuru ikaragarria lortuz irabazten den zerbait, baizik eta politika egiteko era, etika eta moral eraberritua zabaldu behar dela politikarien artean. Ezarritako sistema aldatzeko gai ez izanagatik ere, ikus dadila politika egiteko modu desberdina eta sistema birmoldatzeko gai garela. Ulertuko ez litzatekeena, bestalde, hauxe da: sistemak irenstea eta gure asmoak hutsaren hurrengo uztea, jakin ez dugulako zirrikitu egokiak bilatzen gure helburuak lortzeko. Koalizioaren presentzia instituzioetan nabarmenagotu nahi dugu indar metaketarekin. Baina ez hori bakarrik: botere instituzional gero eta handiagoa lortu behar dugu, gure asmo politiko-ekonomiko-sozio-kulturalak gauzatze aldera. Honexegatik, hain zuzen ere, ez dut begi onez ikusten Espainiako hauteskundeetan parte-hartzea. Autodeterminazio eskubidea Espainiako Konstituzioan txertatzea Konstituzioaren kontrakoa da. Hortaz, eta, batik bat, ikusirik Espainiak ez digula gurea dena zertan eman, zer egiten dugu Madrilera begira, beste behin ere Euskal Herria Espainia dela espainiarrek erabiliko duten argudio historikoa berresteko ez bada? Atal ekonomikoari dagokionarengatik baino ez nuke ulertuko gureak ez diren hauteskundeetan parte-hartzea. Diputatuak edo senatariak izateak ematen duenarengatik, hain zuzen ere. Gure joko zelaia Euskal Herria da eta bertoko instituzioak: Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Parlamentua, aldundiak eta udaletxeak, eta iparraldeko instituzioak. Erakunde hauek erabili behar ditugu gure aldarrikapenak egiteko. Instituzio hauetan gehiengoa izanda baino ezingo diogulako Estatuari aurre egin, gure joko zelaian guk jarritako joko arauak ezarrita. Indarrak batu egin behar dira horretarako eta, jakina, ETAk ez du lekurik ibilbide honetan (Gernikako Akordioaren lehen puntua). Demokrazia parte hartzaile benetakoa erabili ahal izango dugu, instituzionala, erakutsiz badela modurik guk nahi dugun Euskal Herria eraikitzen hasteko.