Gero eta ahots gehiagok ezbaian jartzen du egungo eredu kapitalista eta hark ekarri duen sistema ekonomiko, finantzario eta sozial bidegabea. Aldaketarako aldarrikapena aspalditik egin dute zenbait mugimenduk, tartean REASek, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak. “Ekonomiak norbanakoen eta kolektiboen garapenaren zerbitzura egon behar du eta bitartekoa izan behar du, ez helburua”, azaldu digu Carlos Askunzek, REAS Euskadiko koordinatzaileak. Ekonomia solidarioaren definizio horretan oinarritzen dituzte beraien jarduerak (finantziazioa, ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa), eta definizio horrexek batzen ditu REASeko kide guztiak. “Ekonomia kapitalistak jarduera ekonomikoa helburu egin du, nagusiki irabazien masifikazioari begira, eta guk ekonomiaren benetako kontzeptua berreskuratu nahi dugu: pertsonen garapenerako bitartekoa dena. Beraz, pertsonak lehenetsi behar direla aldarrikatzen dugu eta ez irabaziak”.
Gaur egun, REAS Euskadin eta REAS Nafarroan 70 enpresa eta gizarte erakunde daude, horien artean denera 1.670 lanpostu zuzen sortzen dituzte, 86 milioitik gorako irabaziekin, eta 4.300 boluntario inguru aritzen dira bertako elkarte edo erakunderen batean lanean. REAS Euskadi 1997. urtean sortu bazen ere, azken urteetan izan du gorakada handiena; “zenbaitetan enpresak jo du zuzenean guregana, interesa zuelako, eta beste batzuetan, gu geu izan gara esperientzia ekonomiko ezberdinetara jo dugunak, ikusi dugulako gure filosofia bera zutela”. Izan ere, ekonomia alternatiboa oinarri duten inguruko ahalik eta esperientzia gehien batzea dute xede. Hala, REASen barruan dauden erakundeek era guztietako jarduerak lantzen dituzte: ostalaritza, arkitektura eta irisgarritasuna, garbiketa eta mantentze-lanak, animazio soziokulturala, txikizkako merkataritza, teknologia berriak, gizarte eta lan bitartekaritza, eraikuntzarako gremioak, mezularitza ekologikoa...
Mezularitza lasterrean aritzen den Bilboko Oraintxe enpresak 1998an ireki zituen ateak, lan merkatuan parte hartzeko zailtasun gehien zutenei laguntzeko asmoz. “Garapen jasangarriaren alde lan egiten dugu, eta orain Bilbo osoan mezularitza lanak egiteko, esaterako, bizikleta elektrikoa darabilgu. Motorra eta furgoneta, berriz, inguruetan (Getxo, Barakaldo, Zamudio, Galdakao…) aritzeko”, azaldu digu Berbisne Aizpurua bertako langileak. Bilbon ez ezik, Iruñean ere ordezkaritza du Oraintxek.
Nolanahi ere, REAS mugimenduaren hazia zaborraren bilketan, berrerabilpenean eta birziklapenean lanean ziharduten erakunde gutxi batzuek eta ekonomia solidariodun enpresak sustatzen ari ziren erakundeek erein zuten. Hain justu, bigarren horiek enpresa konbentzionalaren funtzionatzeko modua baztertu eta lanpostu bat eskuratzeko zailtasun gehien zuen jendearengana jo zuten langile bila. Egun, REAS eta Gizatea (EAEko Integrazio Enpresen Erakundea) elkarlanean aritzen dira eta sortzen dituzten lanpostu gehienak nagusiki emakumeei begirakoak dira. “REAS Euskadiren baitan ditugun enpresetako langileen %60 inguru emakumeak dira, eta lan munduko integraziora espresuki bideraturikoetan, gainera, zenbateko hori hazi egiten da”, dio Askunzek. Emakumeekin batera, azken urteetan atzerritarrak ugaritu dira enpresotan, baita oinarrizko errentaren hartzaile direnak, mendekotasunen bat izan dutenak edota prozesu penalen batetik datozenak. Oraintxeren kasuan, esaterako, hastapenetatik droga-mendekotasunen bat izan eta errehabilitazioan zeudenak eta langabezian denbora luzez egondakoak aritu izan dira. “Sektore gatazkatsuekin lan egiten baduzu ezin duzu gizarteratze edo laneratze enpresa oso teknikoa sortu, jendea ez dagoelako horretarako prestatuta”, azaldu digu Aizpuruak. Hori dela-eta sortu zuten Oraintxe, “mezularitzan jarduteko nahikoa delako bizikletaz ibiltzeko fisiko pixka bat izan eta Bilboko kaleak ondo ezagutzea”. Dena den, gizarteratzera bideraturiko enpresek izaera iragankorra dute, eta hortaz, pertsona horiek sei hilabete eta hiru urte bitartean baino ezin dira egon. Denbora tarte horretan gaitasun pertsonal eta profesionalak eskuratuko dituztela aurreikusten da, eta horrek ondoren ohiko merkatuan lanpostu duin bat eskuratzen lagunduko diela.
Ekonomia solidarioko enpresek, aldiz, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak lan munduan integratzea dute helburu, eta oro har, langileak enpresan bertan gelditzen dira lanean. Dena dela, bai gizarteratzera bideraturiko enpresetan, bai ekonomia solidarioa dutenetan helburua enpresetako jarduera modu alternatiboan kudeatzea da. “Kide diren erakunde edo enpresei bi eskakizun egiten dizkiegu: batetik, ekonomia jardueraren batean eragitea edo aritzea eta, bestetik, ekonomia solidarioaren printzipioak onartzea”. Alegia, ekitatea, lana, ingurumen jasangarria, kooperazioa, irabazi asmorik ez izatea eta inguruarekiko konpromisoa.
Jarduna ebaluatzeko tresnak bideratzen dituzte REASetik. Horietako bat da kide guztiek bi urtetik behin egiten duten auditoria soziala: enpresa edota erakunde batek finkaturiko helburu sozialak zein gradutan eta nola lortzen dituzten ikusteko balio duen prozesua da. Hori neurtu ahal izateko, denek partekatzen dituzten aipaturiko printzipioak azpi-printzipioetan eta ehun bat adierazle multzotan dituzte banatuta. Esaterako, ekitateari dagokionez, goreneko edo ardurako postuetan zenbat emakume ari diren lanean zenbatzen dute. “Erakundeari non aurkitzen den eta egoera hobetzeko nondik jo behar duen ikusten laguntzen dio”, azaldu du Askunzek. Behin datuok eskuratuta, erakunde bakoitzari bi edo hiru adierazle hautatzea –emaitza okerrenak lortu dituztenak– eta horietan hobetzeko helburuak eta bideak finkatzea eskatzen zaie. Askunzek baieztatu duenez, “Sarekoek lagundu egiten diegu eginbehar horietan, horretan oinarritzen baita hein handi batean gure jarduna: informazioa, hobekuntza, sentsibilizazioa eta halakoak”.
Bestalde, kide guztien aldetik ahalik eta parte-hartze handiena sustatu nahi dute, eta horretarako, sail ezberdinak dituzte; hala nola, interes soziala, merkatu soziala eta kontsumo arduratsua, kudeaketaren hobekuntza eta erosketa publiko arduratsua. Horiekin loturiko lan ildoak garatzen hamabi bat pertsona finko aritzen dira, baina gainera nahi duen erakundeak edo pertsonak esku hartu dezake.
REASek ekonomia egiteko modu solidarioak eta forma alternatiboak etengabe eraikitzea bilatzen du, baina hortik haragoko xederik ere badu: eraldaketa soziala. “Ahalegintzen gara REAS barneko enpresen edo erakundeen esperientzia horiek ez daitezen lekukotza esperientzia txiki batzuk soilik izan, horiek denek eraldaketa soziala bilatzera bideraturiko sarea osa dezaten nahi dugu”, diosku sareko koordinatzaileak. Beraz, ekonomia mugimendu sozial gisa ere ulertzen dute eta mugimendu hori eraldatzen doala, tokian tokikotik eskualdera eta bertatik globalera.
Ikuskera horren isla da, preseski, sare izaera. REAS Espainiako Estatuko hamaika lurraldetan dago egun eta sare sektorialak ere badaude sektore jakin batean lan egiten duten erakundeak biltzeko; esaterako, banka etikaren sektorea (FIARE), berreskuratze eta birziklatze eremuan lan egiten duten erakunde eta enpresak (AERESS sarean bilduta), eta aurrezki txiki eta gertutasun kredituenak. Nazioartean, RIPESS (Ekonomia Sozial eta Solidarioa Sustatzeko Kontinente Arteko Sarea) dago.
“Guretzat ardatz batzuk ezinbestekoak dira eta horietako bat Fiare da”, adierazi du koordinatzaileak. Fiare REASen baitan dago, eta aldi berean, REAS Fiareren baitan dago. Hego Euskal Herrian 2005ean sortutako banku etikoaren proiektua da Fiare. Ehundik gora erakunde sozialek bultzatzen dute eta aurreztaileen dirua gorde eta interes apaleko maileguak ematen dizkie gizarte bazterketaren aurka borrokan ari direnei. Euren irudiko, erabaki ekonomiko guztiak, funtsean, erabaki etikoak dira, sineskera marko jakin batean barruan hartzen dira eta haien ondorioak batzuen onerako eta beste batzuen kalterako dira. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan ditu bulegoak eta hedatzeko lan handia ari dira egiten, sentsibilizazio kanpainen eta herriz herriko hitzaldien bidez. Halaber, webgunea (economiasolidaria.org) eta hamabostean behin kaleratzen duten buletina dituzte, informazioa zabaltzeko.
Aurrera begirako egitasmoei buruz galdeginda, Carlos Askunzek merkatu sozialaren gaia mahairatu du: “Kontsumo arduratsuago, justuago eta etikoagoaren beharraz kontzientziatua dagoen pertsona batek ekonomia alor guztietan kontsumo solidarioa eta alternatiboa egin dezan lortu nahi dugu”. Horretarako, ekonomia solidarioaren alorrean dauden ahalik eta ondasun eta zerbitzu gehien gizartean dagoen kontsumo kritiko eta solidarioarekin uztartu nahi dute. Zentzu horretan, aliantzak egitea aurreikusten dute, Nekasare-rekin (baserritarren eta herritarren taldeen sarea), Fiare-rekin, REASen barruan dauden gizarteratze erakunde eta enpresa solidarioekin edota merkataritza justua egiten duten taldeekin.
Kideen kopuruak gora egin duela adierazi digu koordinatzaileak: “Krisiak lagundu du jendea sistemarekiko kritikoago egiten, ekimen eta itxaropen handiagoa edukitzen eta ekonomia beste modu batera egin daitekeela sinestarazten. Duela urte batzuk inork gutxik zuen ekonomia solidarioaren inguruko berririk, eta izatekotan, txiroentzako ekonomia zela pentsatzen zen. Azken hauteskunde autonomikoetan, ordea, ia alderdi gehienek txertatu zuten euren programetan ‘ekonomia solidarioa sustatzea’ leloa. Hori bai, gero horrek oihartzun praktikoa izatea beste gauza bat da”. Hain juxtu, politikarien ustezko borondatea ezerezean geratzen dela salatu du Oraintxeko langileak: “Guk ezin dugu enpresa indartsuen kontra lehiatu prezioei dagokionez, eta beraz, gure lana zentzu handi batean erakunde publikoek gai hauen aurrean duten jarreraren menpe dago”.
Nolanahi, Askunzeren esanetan udalerri txikiagoetan esperientzia baikorrak jarri dituzte abian eta ekologia geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari den eremua da oro har. Herritarrek ekonomia, politika eta gizarte alorretan zeresan handiagoa izan nahi dutela argi du Askunzek, eta suminduen mugimendua da horren isla.
Europako parlamentuan aurkeztu duten txosten batek erakusten ditu finantza etikoen azken hamar urteetako hazkunde datuak.
Andoain Town Council (Gipuzkoa, Basque Country) has signed an agreement with Fiare. Socially excluded citizens, and those in danger of being so, will be able to ask for loans from the ethical bank without the guarantees required by traditional banks.
Mañariko Udalak Banco Sabadellen zituen 209.201 euroak Fiare banku etikora eramatea erabaki du. Ebatzi horren bidez, “gizartea eraikitzeko bidean —gizartean balio justu, solidario eta humanoak sakontzeko bidean— gure harritxoa jarri gura izan... [+]
2008tik 2014era 1.500 milioi euro bildu dituzte Espainiako Estatuko banku etikoek. 2012an Rajoyren gobernuak EBri ia 220.000 euroko erreskatea eskatu zionetik gaur arte, 75.000 bezero inguru lortu dituzte eta dagoeneko 187.383 pertsonak dituzte aurrezkiak banku horietan.
Udalbiltzak (Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bidez) martxan duen Euskal Pirinioetan lan eta bizi ekimenera batu dira Fiare banku etikoa eta Herrikoa arrisku kapitaleko elkartea. Pirinioen garapena bultzatuko duten proiektuak abiatzea eta finantzatzea da ekimenaren... [+]
Euskal Herrian indarra hartzen ari den Fiare banku etikoak baditu hainbat inspirazio iturri munduan. Horietako bat da Italiako Banca Popolare Etica. Urteak daramatza martxan eta proiektua ongi ezagutzen duen Andrea Baranes Italiako Ardura Etikoaren Kultur Fundazioko... [+]
Bidazi kontsumo taldeak Ekonomia alternatiboa eta solidarioa jardunaldiak antolatu ditu. Fiare banku etikoa eta Coop57 finantzazio eredua izango dituzte mintzagai nagusi, egungo eredu ekonomikoak "alternatibarik baduela" erakusteko asmoz.
1.800 euroko laguntza eman dio Hernaniko Udalak banka etikoa sustatzen duen Fiare elkarteari. Herritarrengan oinarritutako kreditu-kooperatiba sortzea da helburu eta dagoeneko hainbat Udalek eman diote babesa.
Errenteriako Udalak akordioa sinatu du Fiare banku etikoarekin. Hego Euskal Herrian 2005ean sortutako proiektua da Fiare. Ehundik gora erakunde sozialek bultzatzen dute eta aurreztaileen dirua gorde eta interes apaleko maileguak ematen dizkie gizarte bazterketaren aurka... [+]
Italiako Herri Banku Etikoko (BPE) presidentea da Ugo Biggeri. FIARE proiektuaren bidez, Italiatik kanpo ere zabalduko ditu ateak banku honek, tartean Euskal Herrian, Bilbon. Hori dela-eta, Baserri Bizian elkarrizketa egin diote presidenteari eta bankuen gardentasuna... [+]
Sinplea dirudi: ohiko finantza erakundeek gure aurrezkiak baliatzen dituzte maileguak eman eta inbertsioak egiteko. Hori dute lehengai eta botere iturri. Gure ekarpena ezinbestekoa izanagatik ordea, inoiz gutxitan dakigu jarri ditugun sosek zein ibilbide egiten duten. Ez al dugu... [+]