Sortu alderdia legeztatzearen inguruko erabakia gero eta gertuago dago. Konstituzio Auzitegiari dokumentazio gehiago helarazi dio defentsak, tartean, Eduardo Vírgala (Donostia, 1959) katedradunaren artikulu bat. Sortuk ez lukeela legal izateko arazorik izan behar azaldu digu.
“ETA existitu bitartean, Sortuk ez luke legezko izan behar”. Hori esan zuen Cándido Conde-Pumpido Estatuko fiskal buruak. Ikasturte judiziala hasteko ekitaldian ahobizarrik gabe hitz egin zuen, baita alderik beligeranteena erakutsi ere. Konstituzio Auzitegiari bidalitako mezu gisa hartu zituzten askok hitzok.
Badirudi, Eugène Ionescoren antzerki obra absurduenaren “errinozeronte” bihurtuta amaituko duela Conde-Pumpidok bere mandatua: erasoan. Jada iragarri duenez, Zapateroren agintaldia amaitzean kargua utziko baitu. Orduan, Auzitegi Goreneko bere magistratu postura itzuli beharko luke, baina mihi gaiztoek diote PSOE eta PP akordiora irits litezkeela, zer eta Conde-Pumpido Konstituzio Auzitegiko epaile izan dadila proposatzeko.
Sortu azaroaren 20ko Espainiako hauteskundeetan egon ahal izateko, Konstituzio Auzitegiak urriaren 7a baino lehen eman beharko luke babes helegitearen inguruko erabakiren bat. Defentsak idatzi bat aurkeztu zion erabakia egun hori baino lehen har dezala eskatzeko. Bere esanetan, helegiteak “erabateko eraginkortasuna” izateko, Sortuk hauteskundeetan egoteko aukera guztiak zabalik eduki beharko lituzke, eta auzitegiak babes helegitea onartzerako alderdi berriak jadanik hauteskundeetan parte hartzerik izango ez balu “kaltea konponezina” litzateke. Konstituzionalaren Bigarren Aretoko sei epaileek irailaren 26an egindako bileran ordea, ez zuten Sorturen auzia eztabaidatu, eta lerrook idazteko orduan ez dirudi epe barruan erabakirik hartuko dutenik. Ez dago araudirik horren inguruan, epaileek beren irizpideen arabera lehenetsi edo atzeratu ditzakete auziak, akordatu Kataluniako Estatut-aren kasuaz.
Conde-Pumpidok airatutako argudioa –ETA existitu bitartean Sortuk jai duela– Auzitegi Gorenean jada erabili zuen nolabait fiskaltzak, eta tribunalaren gehiengoak arrazoi eman zion: “Talde terrorista horiek existitzen diren bitartean (…) talde horiekiko erabateko deskonexioa erakutsi beharko dute lehen haiekin kolaboratu zuten pertsonek, normaltasunez bizitza politikora itzuli nahi badute”. Jakina den bezala, Auzitegi Gorenak frogatutzat eman zuen “deskonexio” hori ez zela egon Sorturen kasuan.
Horren harira, Konstituzio Auzitegiari dokumentazio gehiago helarazi diote Iñigo Iruin eta Adolfo Araiz Sorturen defentsarako abokatuek, tartean Eduardo Vírgala irakasleak Jueces para la Democracia aldizkarian uztailean argitaratutako artikulu bat: Sortu, Bildu y la izquierda abertzale en los tribunales.
Eduardo Vírgala konstituzio zuzenbideko EHUko katedraduna da eta alderdien legeztatze kontuetan aditua, Argiak galdera batzuk egin dizkio horren inguruan:
– Zure artikuluan diozu Auzitegi Gorenak ezker abertzalearen inguruko ikuspegi erabat estatikoa duela: “Izan zena horrela izan behar du betirako”.
– Horrela da, bai Sorturen inguruko sententzian, bai Bildurenean ere. Lehenago Auzitegi Gorenak frogatu zuen ezker abertzalearen eta ETAren artean lotura zegoela, nire ustez ongi frogatu ere. Baina horrek ez du esan nahi beti horrela izan behar duenik. 2009ko amaieratik ezin da berdin izan. 2008ko edo aurreko balorazioekin geratzen bagara eta demostratuta dagoenak betirako balio badu, ezker abertzaleak ezingo du inoiz legala izan. Ni beti izan naiz Alderdien Legearen defendatzaile, baina esan izan dut ezker abertzaleak indarkeriaren kontrako jarrera hartzen badu legala izan beharko lukeela; bada, momentu honetan pauso horiek ematen ari dira.
– Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak euren idatzietan beste baldintza batzuk jarri dituzte orain: “Biktimen aitortza” eta ETAri “desegiteko” eskaera.
– Desberdindu behar da alderdi etiko eta morala alderdi juridikotik. Ez da beharrezkoa ETAren aurreko jarduera gaitzestea, juridikoki ezin zaie hori eskatu, ez estatutuetan, ezta Sortu osatzen duten pertsonen deklarazioetan ere. Biktimen aitortzaren inguruan berdin gertatzen da, ez dagokio legeari barkamen kontuetan sartzea. Bestalde, ETAri desegiteko eskaerarena konplikatuagoa da: Norbait terrorismoaren biolentziatik aldentzen baldin bada, logikoa da hura desegiteko eskatzea. Baina edozein kasutan ere, Sorturen estatutuak nahiko argiak dira, ekintza terroristatik erabat bereizten delako eta isunak ere aurreikusten dituztelako afiliatuentzat.
Vírgalak garrantzi handia eman dio Auzitegi Goreneko plenoan izandako boto partikularrari –hamasei magistratuetatik zazpik sinatua–, 2003an lehenengo ilegalizazio sententzia eman zenetik ez baita inoiz halakorik gertatu eta katedradunaren esanetan “juridikoki oso ondo argumentatua” dagoelako. Izan ere, baieztapen sendoak egiten dituzte bertan. Esaterako, Auzitegi Gorenak Sorturen inguruko bere autoan dio “erabat egiaztatuta” geratu dela, “froga ugariren bidez”, Sortu ETAk martxan jarritako “iruzur-estrategia baten konkrezioa” dela. Bada, boto partikularraren arabera balizko froga horiek “kontakizun” batekin ordezkatu dira, Sortu, ezker abertzaleko kideak eta ETA lotzen dituena.
Auzitegi Nazionalak ostikada galanta eman dio normalizazio politikoari Bateragune auziarekin. Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jazintori kartzela zigor gogorra ezarri die ETAko kide eta buruzagi izateagatik. Sententziak dio ETAk agindu ziela pertsona horiei ezker abertzalean estrategia berria –soilik politikoa– martxan jartzea, indar soberanisten metaketa lortzeko helburuz. Hau da, ETAk bere buruari agindu ziola armak uztea. Iñaki Gabilondok bere bideo-blogean ironiaz zioen epaiari jaramon eginez gero “esperantzaturik egoteko” arrazoiak ditugula. Absurduaren teatroa, berriz ere.
Ibilbide laburra iragarri diote Auzitegi Nazionalaren epaiari, frogen ahultasunagatik baino, Angela Murillok epaimahaian egoteko erakutsitako egoskorkeriagatik. Murillok inpartzialtasun aurrekariak zituen Arnaldo Otegirekiko Gatza auzia zela-eta. “Kutsadura” horrek aukera emango dio defentsari kasazio helegitean epaiaren baliogabetasuna eskatzeko. Baina sententzia irmoa ez den arren, Bateragune auziko epaiak nahikoa astia izango du hauteskunde aurreko giroa zertxobait nahasteko. Azken batean, Auzitegi Nazionalaren teoria errazari jarraiki, Sortu eta Bildu, ETAren estrategiaren emaitza baitira.
Eduardo Vírgalak baina, erabat ukatzen du juridikoki ondoriorik ekar dezakeenik:
– Izango al du eraginik Bateraguneko epaiak Sorturen inguruko azkeneko erabakian?
– Ez, bi jurisdikzio ezberdin dira. Auzitegi Nazionala zigor jurisdikzioan dago eta momentu historiko zehatz bateko gertaerak epaitu ditu, baloratu eta zigorra jarri du, nire ustez gehiegizkoa. Konstituzio Auzitegiak, aldiz, aztertu behar du Sorturen estatutuak aurkeztu dituztenek biolentziatik nahiko aldendurik ote dauden. Ez du zertan inolako eraginik eduki behar.
– Froga modura ere ez?
– Ez, ez. Nik dakidala Otegi ez dago Sorturen fundatzaileen artean eta ez du loturarik fundatzaileekin. Ezberdina da, jurisdikzioa ezberdina delako. Sorturen inguruko epaian ez luke inolako eraginik izan behar.
Iñigo Iruin abokatua ere opinio berekoa da. Juridikoki ezetz dio, baina bere ustez auzi hauek badituzte sakoneko ezaugarri komun batzuk: “Fiskalaren ekinbidea berdina da: ‘ETA atzean dagoela’, eta erabiltzen dituen elementuak ere berak dira, poliziak konfiskatutako dokumentu batzuk” (Gara, 2011ko ekainaren 26a).
Dokumentu horien artean Prozesu demokratikoa izenekoa dago, ustez 2010eko apirilean Arantza Zulueta abokatuaren bulegoan konfiskatutako txostena. Bai Bateragune auzian, bai Sortu eta Bildukoetan ere, fiskaltzak txosten hori erabili du, ETAk ezker abertzalearen estrategia politiko berriaren gaineko kontrola duela erakusteko. Indar soberanisten metaketa lortzeko ETAk jarritako gidalerroak omen dakartza, besteak beste EArekin aliantza bat egitea. Baina lehen urrats gisa ETA eta Estatuaren arteko paktu bat aurreikusten du dokumentuak, eta bistan da horrelakorik ez dela gertatu. Hain zuzen, Konstituzio Auzitegiak Bildu legeztatzeko sententzian garbi dio dokumentu horrek eta besteek ez dutela ezer frogatzen.
Sortu A-20ko hauteskundeetan parte hartzeko epea kasik agorturik, begirada guztiak EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzaleak osatutako Amaiur koalizioaren gainean daude orain. Hauteskunde Lege berriak Espainiako Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez duten alderdiei derrigortzen die firma bilketa egitera –hauteskunde erroldako %0,1 behar du izan, plataformei exijitzen zaiena baina hamar aldiz gutxiago–. Ez dirudi alde horretatik Amaiurrek arazorik izango duenik tribunaletan. Baina debekuaren itzala hor dago: “Elementu garrantzitsua izango da –dio Eduardo Vírgalak–, fiskal buruak, esaten dituen gauzak entzunda, bere mandatua gogor antzera amaitzen badu eta koalizioa inpugnatzen badu, azkenean Konstituzionalak berriz ere erabaki bat hartu beharko du hauteskunde aurretik nahitaez, eta hori beste aurrekari bat izango litzateke Sorturen epairako”.
Oraingoz, Ministerio Fiskalak ohar bidez aitortu du, Konstituzio Auzitegiak Bilduren inguruan emandako sententziaren ondoren inpugnaziorako “tarte gutxi” dagoela; baina polizia eta guardia zibila “adi” egongo direla ere esan du. Goiz da jakiteko barruan duten errinozerontea esnatuko ote zaien.
ETAren biktimek modu “zintzoan, eraikitzailean eta pribatuan” egiten dizkieten eskaerak beti “aintzat” hartu dituela adierazi du Sortuko idazkari nagusiak, eta ongi etorrien kasuan “eskaera horiek betetzen saiatzeko” ahalegina egingo duela.
Gaur ez bezala, duela berrogei urte, euskaldunok egoera berri baten atarian ikusten genuen etorkizuna.Nafarroan eta EAEko Autonomi Estatutuak indarrean zauden. Hain ibilbide latz eta luzeari irtenbideak ikusten hasi ginen eta askatasunaren taupadak zoratzen gintuzten. Ura bai... [+]
Behin eta berriz esaten digute maiatz inguruan egingo direla Hego Euskal Herriko udal hauteskundeak, diputaziokoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta forukoak Nafarroan. Hori ikustekoa bada ere, noiz egingo diren ez digu inongo kezkarik sortzen. Azken batean, lau urterik behingo... [+]
40 urteko diktadura frankistaren ondoren, beste horrenbesteko demokrazia aldia beteko da aurki. Demokrazia izan edo ez izan, indarrez hasi eta ahituz joan den gatazka armatuaren testuinguruan bizi izan dugu aro politiko hau.
Gatazkarik gabeko gizarte bat diktadura besterik ez da. Gatazkak, hala ere, “prentsa txarra” dauka: beldurra, indarkeria eta segurtasun eza burura ekartzen dizkigu. Gatazkaren alde egotea talibanengandik edo terrorismotik oso hurbil egotearen gauza bera omen da... [+]
Bake prozesu izenarekin ezagutzen den horretan, sarritan egiten da berba “egia, justizia eta erreparazioa” kontzeptuei buruz. Ondo daude, jakina: hirurak dira beharrezkoak. Baina laugarren hanka falta du planteamendu horrek biolentzia eza iraunkorra izan dadin:... [+]
Jonathan Powell eta Martin McGuinness nazioarteko bitartekariak Euskal Herrian dira, alderdi politikoekin bake-prozesuaren egoerari buruz hitz egiteko.