argia.eus
INPRIMATU
Einsteinen erlatibitatearen teoria ezbaian

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko urriaren 05a
www2.cnrs.fr

“Ezin da argiak hutsean daukan abiadura baino azkarrago joan”, adierazi zuen Albert Einsteinek erlatibitatearen teoria plazaratu zuenean. Adierazpen hori lege bilakatu zen eta egungo fisikaren funtsetako bat da.

Berriki, baina, Suitzako CERN eta Italiako Grand Sasso laborategiek elkarlanean egindako saiakeran, neutrinoek argia baino azkarrago bidaia dezaketela izan da emaitza. Zuhurtziaz hartu beharrekoa, beti ere.

Neutrinoa kargarik gabeko partikula azpi-atomikoa da; haren masa elektroi batena baino mila milioi aldiz txikiagoa da. Eguzkiak etenik gabe bidaltzen ditu kantitate izugarritan; Lurra aldez alde zeharkatzen dute, gure gorputzak barne, eta espazioan galtzen dira. Egindako saiakera, hain zuzen ere, Lurra zeharkatzen duten neutrino batzuen arrastoa segitzean oinarritu da; zehazki, lur azpitik joanda Suitzako CERNetik Italiako Grand Sassora dauden 730 kilometroak egiteko neutrinoek behar duten denbora fotoiek behar dutena baino txikiagoa dela neurtu dute.

60 nano-segundoko aldea dago neutrinoek eta fotoiek aipatutako distantzia betetzeko behar izan duten denboren artean. Inork argudiatu du neurgailuen zehaztasuna izan daitekeela diferentziaren erantzulea, baina gailu berberekin neurtu dira batzuen eta besteen abiadurak... Adi jarraituko diogu gai honi.