argia.eus
INPRIMATU
Anjel Lertxundi
"Perfekzioa faxista omen duk"
  • Aise eman zidan erantzuna.

Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2011ko urriaren 04a
Anjel Lertxundi
Anjel LertxundiDani Blanco

Hogeita hamaikagarrenean aidanez, Espainiako Literatura Sari Nazionala.

Asmatu duk, asko gustatzen zaidak musa, eta hogeita hamaika eskutik omen nian epaimahaiaren esanetan. Eta ni konturatu ez, nire keinu bat gaizki interpretatu zuten arte!

Piztiaren izena aitatu ez ote dudan...

Bai, bete-betean asmatu duk. Batzuentzat, Espainia duk piztiaren izena. Beste batzuentzat, literatura. Sariak ere piztia beltzak dituk askorentzat. Nazionalari dagokionez, piztiak asko gozatzen dik nazioen arteko sestrekin.

Badakizu, zorion perfektua ezin lortu gurean.

Perfekzioa faxista omen duk, Nietzschek esana. Utopia bat noiz bilakatzen den faxismo? Zoriona lortzeko aitzakian, bere zorion ereduarekin ados ez daudenak garbitzen hasten denean.

Alegia, etxeko hautsak behar direla harrotu, erraztu, daudenean egon?

Ezagutu eta tratatu, hautsak, etxekoak izanagatik ere, alergia-iturri izaten baititut.

Lasai, lurrak berdinduko gaitu guztiak.

Iraultza Frantsesaren Egalité ekarri didak gogora. Lur azpian, guk denok egalité osoa; gutaz gozatuko duten harrek, fraternité hala moduzkoa; eta liberté berriz, zendu baten bake betirako hori.

Bitartean, ordea, konpainia noblean egotea onena.

Bai, ondo esan duk: bitartean. Eta konpainian. Ahal bada, noblean.

Eta, badaezpada, bete eta bete lehorreko koadernoa.

Marinelek lehorrari ematen dioten zentzuan, noski. Jakingo duk lehorra gaztelaniaz tierra firme dela. Eta niretzat idaztea duk mundualdiak eman didan lehorra, lur irmoena.

Leialtasun baten historia bizi duzu, beraz.

Ez zaidak ezer sakralizatzea gustatzen. Ezta literatura ere. Baina leiala natzaiok. Zenbat, nire emazteari galdetu beharko diok.

Hainbeste urteren buruan, ajea du Lertxundik?

Urteei eta nekeari eransten bazaio gerra ematen segitzeko gogoa, eta horri inork ajea deitzen badio, bere eskubidea dik.

Mentura dugun artean, hortaz...

Arteak borroka irabazi nahi ziok denborari. Eta artea, euskaraz, baduk denbora ere. Sisifo totala, aizak.

Joan aurretik: zer itxura du egun munduaren neurriak?

Nola nahi duk neurtzea, kana erditan edo metrotan, eurotan edo dolarretan, ipuin bat idatziz edo poesia pixka batekin?