Uda aurreko azkeneko Ttakunean idatzi nuen errealitatearen gordina utzi eta fikzioa idazten hasiko nintzela erabaki nuela; hau da, denbora pasarako, entretenimendurako egokia den horretara igaroko nintzela. Koldo Ordozgoitik esango lukeen eran, “ipuinak” idaztera; hots, ipuinak, izenaren gutxiespen zentzuan, Rosa Diezek esango lukeen moduan, UPyDko buruak, alegia. Ez dakit garbi geratu zen ikuspuntu zabaldu bezain inozo horren lepotik trufatzen ari nintzela, eta jada aurreko lerro motzetan frogatuta geratu den gisara, halakorik egiten ahalegintzea eginahal antzua iruditzen zaidala.
Ikuspuntu materialista-positibista horren arabera, alde batetik munta handiko aferak leudeke, benetako errealitatea, zeina, esan gabe doa, gizonezko adituen auziak liratekeen. Beste aldean, kontu erlatiboak, garrantzia handirik gabekoak, hots, ipuinak, kultura kontuak, artista erdi-maritxuena. Eskema binomial horrek –jada XVIII. mendetik mota guztietako argudioz kritikatua izan dena– nagusia izaten jarraitzen du gure artean. Izan eskuineko edo ezkerreko, gehienek bat egingo dute zatiketa horretan, gogoan izan bestela ortodoxia marxista zurrunenaren infraestruktura-superestruktura banaketaren interpretazioa.
Auzia, ordea, ez da zenbaitek uste edo nahi luketen bezain sinplea. Jose Luis Padronen Ttakunak Judith Butler filosofo famatuaren azkeneko lana –Frames of War: When Is Life Grievable?– irakurtzen harrapatu nau, non, besteak beste, errealitate gordinenean –gerran– nola errealitate materialetik at jo ohi diren zenbait gauza –errepresentazioak, irudiak, markoak (frame)...– funtsezkoak direla azaltzen baita. Ur handiak dira Ttakunaren laburrera ekartzeko, baina liburu egokia da pentsatzeko, benetako errealitatea omen den hori, zenbaitek hain argi duten hori, ustez baino askoz ere fikzionalagoa edo erlatiboagoa dela. Tira, ez larregi urduritu, ez dut esan nahi honekin dena dela erlatiboa, dena dela fikziozkoa, eta, honenbestez, ez dagoela errealitatea ulertzen zertan tematu beharrik. Baina errealitatea zer den ulertzeko erabiltzen ditugun errepresentazioen eta markoen gainean hausnartzeari uko egitea, amore ematea da. Amore ematea etikoki, politikoki eta are estetikoki ere. Butlerrek gehien erabiltzen duen adibidea gerrako heriotza kopuruena da. Berez, seko zoratua ez dagoen edonork aitortuko dizu heriotza oro dela berdinki arbuiagarria. Aitzitik, gerrako heriotza kopuruak erabiltzerakoan arazorik gabe onartzen ditugu heriotza arteko mailaketak. Badaude egon heriotza negargarriak (zibilak, emakumeak, haurrak) eta inongo lotsarik gabe ospatzen direnak (Osama Bin Laden). Horrek ez du esan nahi gerretan heriotzarik ez dagoenik –ondorio absurdua litzateke hori– baizik eta aproblematikoa dirudien errealitate horretaz berba egitea ez dela datu objektiboak arrantzatzea soilik, datu horiek arrantzatzeko kanabera behar delako –eta kanabera mota asko dago merkatuan– lehenik, eta arrainak prestatu behar direlako gero –eta errezeta mordoa halaber–.
Fikzioari dagokionez, antzera gertatzen da. Uste orokorrak dio errealitatearekiko halako mundu paralelo bat osatzen duela arteak. Ken-ipinizko mundu bat, entretenimenduzkoa, hutsala benetako errealitatearentzat. Gaur egun ahaztuak ditugun situazionista handiek gogorarazi ziguten, ordea, artea gauzatu egin behar dela. Gauzatu, hots, benetako errealitate bihurtu, materialista zurrunen mintzaira erabiltzearren.