Lizarrako San Pedro de la Rua elizan zabaldu dute Nafarroako mariskalen kripta, hiru mendez “galduta” egon ondoren. Bertan omen dira Pedro II.aren hezurrak. Omen.
Kalefakzioa 80 zentimetroko sakoneran sartzeak uste baino lan gehiago ematen du, areago San Pedro de la Rua bezalako eliza batean. Harlauzen azpian ezkutaturik iraun du ia hiru mendez Nafarroako mariskalen kriptak, harik eta 2010eko ekainean online gizartera azaleratu zuten arte. Berria klik batean ailegatu zen Lizarratik etxeko pantailaraino.
Baina kriptaren aurkikuntza ez da ustekabea izan arkeologoentzat. Goñi Gaztanbide artxibalariak 1950eko hamarkadan ohartarazi zuen lurrazpi horretan zerbait garrantzitsua bazela. Mariskalen oinordeko diren Corteseko markesen eta Lizarrako eliztarren artean auzia sortu zen XVI. mendean, markesek euren hilobia sagrariotik gertuen zegoen tokira eraman zutenean. Parrokiako artxiboko paper horietatik ondoriozta liteke kriptaren kokaleku zehatza. Pedro II.a mariskalak 1509an eraman zituen bere arbasoen hezurrak Olibako monasteriotik San Pedro de la Ruara, eta don Pedro beraren gorpuzkinak ere leku horretara garraiatu zituzten Simancasetik. Nafarroako “bigarren parrokiarik garrantzitsuena” ei zen hura, zer gutxiago erreinuko leinu boteretsuenak deskantsatzeko...
Pedro II.aren heriotza misterio bat izan da betidanik eta horrek lagundu du bere inguruko mitoa handitzen. Garibai kronistak esan zuen bere buruari lepo zintzurra moztu ziola –kristauentzat Jainkoaren nahiaren kontra egitea da suizidioa–. Baina zalantzarako atea irekita utzi zuen, esaldi hau gehitu baitzion bere kontakizunari: “Egia izan hala ez”. Mende batzuk geroago Arturo Campion izan zen Pedro II.a eraila izan zela defendatzen sutsuena: “Heriotza sekretuen eragile den Estatu arrazoia” ikusten zuen horren guztiaren atzean. Pedro Esarte historialariak berriki esan duenez, suizidioaren teoria defendatzen dutenek mariskalaren “aldartea” erabiltzen dute argudio gisa –hainbat urtez Simancaseko ziegan kartzelaratua–, baina hori ezin liteke egiaztatu Esarteren esanetan, are gutxiago testamenturik agertu ez denean. Lagunduko al du mariskalaren hilobiaren aurkikuntzak misterioa argitzen? Eta hor egon zitakeela jakinik, zergatik ez dute orain arte kripta ireki?
“Nafarroan ez da sekula eliza baten barruan esku hartu errestaurazio proiektu integral bat adostu gabe”. Halaxe irmo azaldu da Jesus García Nafarroako Gobernuko arkeologoa Iruñeko Kale Nagusiko bere bulegoan. Orain, aurpegi berritzeko txanda iritsi zaio Lizarrako San Pedro de la Ruari; horretarako 5 milioi euroko aurrekontua dute, Nafarroa 2012 Planaren barruan. Aukera horixe probestu dute lurrazpiko sekretuen bila hasteko.
Elizako indusketak hasi eta momentu jakin batean, mariskalen ezkutua bistan geratu zen erdiko nabean, abside nagusiaren parean. Pitzaturik, baina egoera onean zegoen, Nafarroako kateak eta lehoiarekin. Duela 250 urte inguru kripta kondenaturik geratu zen presbiterioaren eskailerapean, eta harez geroztik ez zen inor bertan sartu.
“Estalkia ireki eta koskak jaistean kontziente zara kriptak duen garrantzia historikoaz, baina apur bat desmitifikatu egin behar da. Guk bagenekien hilobia hainbat belaunaldiz berrerabilia izan zela...”, dio Garcíak. Lehen begiratuan hezurrak, hilkutxetako tela zatiak eta burdinazko uztailak nahaspilan ikusten dira. Arkeologo bakarrak egin zezakeen lan 12 metro koadroko kamera txikian, aldamio berezi bat erabilita. Hezurrak oso egoera txarrean daude, elizan aurkitu dituzten gainerako 700 gorputzenak baino askoz okerrago, hezetasuna ugaldu duen mikroklima sortu baita kripta barruan. Aberatsen azken patua. Aurkitutako materialen artean, bi nabarmendu ditu arkeologoak: zeramikazko Kristo gurutziltzatu bat eta XVIII. mendeko ezpata bat brontzezko kirten eder batekin. Material guztiari frogak egin dizkiete Madrilgo, Gasteizko nahiz Valladolideko laborategietan, eta emaitzak aldizkari zientifiko batean publikatuko dituzte aurki.
Jesus García ez da batere baikorra Pedro II.aren hezurrekin: “Guztiz ezinezkoa da jakitea zein diren; gainera, seguruena ez dira hor egongo, hilobiak garbiketak jasan dituelako eta hezur gutxi aurkitu dira”. Are ezinezkoagoa da mariskalaren heriotzaz daturik lortzea, alferrikakoak lirateke karbono 14 frogak edo paleopatologoen ahaleginak “delituaren” gorputzik gabe. Asko jota, DNA matrilinealaren bidez, mariskalen eta egungo Corteseko markesen artean erlazio zuzenik ote dagoen jakingo genuke.
Lanak bukatzean, kripta ez da berriz ere guztiz estaliko, sarbide bat izango du etorkizuneko lanetarako, eta presbiterioa kriptaren mailan geratuko denez, hobia ikusgai egongo da. Zentzu horretan, Lizarrako Irujo Etxea elkarteak, Orreaga Fundazioak eta Nabarraldek Pedro II.ari egindako omenaldian eskatu zuten kripta ez zedila gutxietsi: “Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gertu denean, memoria historikoa berreskuratzeko momentu gakoa da honakoa”, esan zuen Irujo Etxea-ko presidente Koldo Viñualesek.
Nafarroako Pedro, gure historiako bertze pertsonaia bat galdurik memoriaren trastelekuan, bertako hauts lodiek lausotua ikusezin suertatzeraino. Bortz mende duela, Gaztelak gure erresuma konkistatu zuenean, nafar indar armatuen arduradun nagusia zen, Nafarroako mariskala... [+]