Xora filmaren grabazioa ikuskatzeko menturatu gara Zuberoarat. Hebentik elkartearen “Jinkoak sortu dütüt... eta desegin” goiburuari jarraiki diogu eta “Xiberoa zinez... eta auzolanez” lema lurtarra geure egin. Mixel Etxekoparek hornitutako Peio Cachenaut-en espiritu artistikotik edan dugu.
Mauleko plazan gaude, Café des Allées Dédé ostatuan. Egun erdia joana da. Ekia da nagusi kanpoan; ostatuan aldiz, Peio Cachenaut, Xora filmaren arima eta zuzendaria. Berarekin filmatzen ari den taldea –hamabost lagun inguru– ia osoa dago. Tittika Rekalt eskas da, aktore nagusietako bat. Rekalt bortuko kaiolarrean omen dago, Hollywood izeneko pertsonaiarekin. Filmazioak hamazazpigarren eguna bete du jadaneko.
Aktoreak eta figuranteak beren lekuetan daude. “Akzioa!” erran du ozen zuzendariak. Eszenan gaude: “X (hala izena du Jeff Goinexpek jokatzen duen pertsonaiak) ostatuko kontuarrean bermatuta dago, soa galdurik. Nerea (Xantiana Rekalt) neska-laguna hurbildu zaio kanpotik ezustean. Beltzezko-gizon misteriotsua eszenatokian dabil harat-honat”.
Kanpoko argia eta ostatuko iluna eszenaren aurkia eta binperra dira, Xoraren arimaren distira: “Filmatzeko ordua heldu da, enetzat baina, filmatzeko garrantzizkoena aitzin-prestaketa da. Erabili nahi dugun ‘lengoaia’ barneratu dugu aitzinetik, baina orain, zinez, zehatz-mehatz jakin gabe ari gara” erran digu filmaren zuzendariak akzioan sartu aitzin. Filmatzea esperimentatzea da Cachenautentzat. Hona Xoran bere esperientzia: “Aitzinetik irudikatu ditugun urratsak eginbidean berritu behar ditugu. Gure asmoak errealak –egingarriak– ote direnentz ohartzea da gogorrena. Zinez, jakin ez baitakigu egin nahi dugun horretara iritsiko garenentz”. Eguraldiak, eszenatokien aldaketek, aldian aldiko ustekabeek eta zalantzek filmaren kontzepzioa ukitu dezakete eta kontzesioak egitera behartu. Amore emate horren kezkaz abiatu zen filmazioa: “Alta, taldearen gogoak norberaren trebezia piztu du eta kontzesio gutxi egin dugu” diosku Cachenautek. Konfiantza osoa du taldean: “Tentsio uneak bizitzera behartuta gaude, baina tentsio puntu bat nahitaezkoa da”. Uztaileko eguraldi kaskarrak tenkatu zuen giroa. Filmatzen hasi eta bi gau hutsean joan ziren euri burrustaren erdian: “Joanaren (Zuzendari laguntzailea Joana Asurmendi) lan handiari esker ez dugu filmaketaren erritmoa galdu, gutxieneko sekuentziak gauzatzeko moldatu ginen”.
Idaztea gauza pertsonala da, bakartasunean egin ohi da. Zinema berriz, talde-lana da: “Ni taldeko utopista naiz. Utopiak ezinezkoa gauzatzen laguntzen du. Aulne Carite (Argazki zuzendaria) optimista da. Larrialdien alde baikorra ikusten duena. Joana, prerrealista da. Guztiok guztiz errealistak izanez gero, nekez iritsiko gara aurreikusia errealizatzera”. Peioren aburuz, hiru izaerak beharrezkoak dira taldea emankorra izan dadin. Dédé ostatuan filmatzen ari den sekuentzia enegarren aldiz errepikatu dute: “Xoran hamasei alditan dago errekorra. Zinemagile profesionalen errekorra ehun sekuentziatan goiti omen da. Lasai, beraz” entzun diogu Mixel Etxekoparri.
Transmisioaren minbera
Etxekoparrek –Hebentik elkartearen ordezkariak– horrela agertu digu filma: “Bi protagonistetako bat euskaldun berria da, bestea zaharra. Euskararen transmisioaz mintzo da Xora, baina ez horretaz soilik. Kulturaren eta bizimoldearen transmisioaz ari da, norbanakoen burujabetasuna eta bizi-esperientzia kontatzen ditu”. Xoran maisuaren eta irakaslearen arteko harremana dago, literatura gaiaren haria izaki. Bi protagonisten burujabetasuna ari da auzitan: “Zer ikasten den eta zer irakasten den. Nola erakusten da, hots? ‘Zer’ bezain garrantzizkoa baita ‘nola’”. Lehen film zuberotarra denez gero, honen jite exotikoa iradoki diogu: “Ez da espantu egin behar. Filmak ez du deus berezirik ekarriko. Agian, gure erraietan dugun mina are gordinago islatuko du. Artelana ez da sortzen minik gabe, sortzea erditzea da. Artearen funtzioa hori da”. Transmisioa gai minbera da Euskal Herrian, eta zer erranik ez Zuberoan. Zuberotarren sabelean mina dago, familia gehienetan euskararen transmisioa eten baita.
Mauletik Heletara
Mauleko plazatik Heletako plazara abiatu gara arrastirian; Dédé ostatutik Trabouls antzerki konpainiaren lokalera. Maddi eta Xelin Oihenart Xoran ikusiko ditugu, Argizagi ederra kantuaren emaileak. Oihernatarrak filmatzera goaz. Joanaldia profitatu dugu anartean, Xoraren nondik norakoak entelegatzeko.
Xoraren zuzendariaren pasioa literatura da, zinemaren gainetik izan ere. William S. Burroughs idazleak berebiziko eragina izan du Peio Cachenautengan. Burroughsen Naked Lunch (Bazkari biluzia) nobela esperimentalak markatu zuen gaztetan. Iniziazioko –eta bideko– nobela da zinegile zuberotarrendako. Allen Ginsberg poetaren laguna izan zen Burroughs. Jack Kerouac zinegilearen hurbilekoak biak. Kerouac On the Roaden (bidean goaz gu ere) egilea da. Sortzaile horiek dira Peioren arimaren elikatzaileak, esperimentazioaren ereduak, Collage teknikaren aitzindariak, Beat Generationeko garaikideak. Horiek eta beste asko. David Lynch, esaterako.
Zuzendari zuberotarraren bidaidea naiz. “Ametsen bidean” goaz. Amets, sekretu eta misterioen isla da David Lynch. Alderdi horiek xerkatu eta arakatu nahi ditu ere Cachenautek. Berak idazteko daukan frustrazioa dago Xoraren baitan: “Idaztea ezinezko zeregina da enetzat. Idazteak sinple irudi du, baina biziki konplikatua da”. Idaztea zeregin duinena da zineman hasi berri den egile honentzat. Asko irakurri du, literaturaz nahiz zinemaz. Zinema fantastikoaren, poliziakoaren eta beldurrezkoaren bidez iritsi da zinemara. Banda animatuek eta nobelek ekarri dute zinemaz interesatzera. Bere irudimena gazte garaiko irakurketei zor dio. Autore zinema du gogoko: “Horiek praktikara pasatzea besterik da ordea”. Ikasketa zientifikoak (Biokimika) egin ditu alta, ez letretakoak. Hezkuntzako kontseilari nagusia da Mauleko Nekazal Lizeoan. Maule da bere hiria eta inguru naturala. Nerabezaroa eta gaztaroa bertan eta inguruan –Muskildin eta Urdiñabarnen– eman zituen. Dantzari izana da. Pastoralean eta Maskaradan arizalea. Xora egiteko eman duen urratsa ezingo luke Zuberotik at eman. Ez Baionan ez Donostian ere, konparazione.
32 urte ditu, ama Barkoxekoa eta aita Lapurdiko Itsasukoa. Euskara galdu zuen. Gurasoen hizkuntza mintzatzeko herabe da, kiskun-kaskun mintzo da, hanka sartzeko beldur: “Aita-amak euskaraz egiten zidaten eta nik frantsesez erantzuten nien. Ez dut ahalegin nahikoa egin euskara atxikitzeko. Tristea da erratea, baina frantsesaz maitemindu nintzen”. Frantses eta literatur lengoaiari erabat emana da: “Pentsamendua hizkuntza batean garatzen baduzu, aldenduz zoaz ahulago duzun beste hizkuntzatik. Domaia duzu”.
Fikziora itzuli gara, Xoraren mundura. “Xora bertigoa da, baita lilura ere”. Peiok eromena eta zoramena bizi ditu egun hauetan. Ez da ziur parioa –eta zoria– irabazi izanaz: “Ez gara espezialistak, baina gutxienekoak betetzen ditugu. Nik egin nahi dudanaren ideia orokorra nuen, baita nola lortu nahi nuen ere. Pertsonaiak jokatzen dituzten aktoreen ekarpena neure egin dut. Alegia, ez naiz bakarrik ari”. Rekalteren pertsonaia (Hollywood) buruan zeukan gidoia idatzi aitzin: “Ez nuen beste nehor bere rolean ikusten, baitezpadakoa da. Filmatzean alimalea da, diamante purua. Jeff (X pertsonaia) konplikatuagoa da. Hollywood beroa da, X hotza”. X da filmean gehien agertzen dena, eta ez zeukan esperientziarik, ezta antzerkian ere. Tittika pastoralak idatzitakoa eta jokatutakoa da: “Jeffen lana esperientzia hutsa da, baina biziki ongi ezagutzen dut, nerabe garaitik. Adimen sobera dauka eskatzen diodana egiteko”. Xoran ez dago testu asko. Irudiak hitz egitea nahi du zuzendariak. Musika gailentzea ez du maite ere: “Irudiekin nahi dut transmititu, pertsonen keinuekin. Musikarik gabe ere, nahi nuke jendeak ulertzea zer transmititu nahi dugun”.
Autoaren gidari eta Peiori adi noa. Charles Chaplin eta Buster Keaton aktoreak imajinatu ditut bere hitzetan. Rekalt Charlot da, Goienexpe, berriz, Keaton: “Zinemari gerta dakiokeen txarrena teatro filmatua egitea da. Zinemaren historian elkarrizketak sartu ahala irudia galbidean sartu zen, baita aktoreen interpretazioa ere. Chaplinek trantsizio hura gainditu zuen, Keatonek ez. Keatonek ez zuen harrez gero deus egin zineman”.
Peio Cachenautek honela definitu du bere opera prima: “Sortzea trabatzen gaituenaz mintzo da Xora. Izugarrizko beldurra diogu gure aurreko sortzaileen mailan ez egoteari, haien neurria ez emateari. Ene uste apalean, ez dugu beldurrik izan behar sortzeko, ematen dugun heinarekin bizitzen ikasi behar dugu. Gure neurriko etikaren eta moralaren arabera sortu behar dugu”.
“Ametsen bidean” segitu du auto-gidariak, David Lynchen Mulholland Drive filmaren peskizan eta Xoraren amets, sekretu eta misterioen xerka. Oihenartarrak, ama eta alaba, ikus-entzun ditugu filmatzen Heletan; Argizagi ederra kantari: “Argizagi ederra, argi egidazü. Oraino bide luzean joan beharra nuzu. Gau honetan nahi nuke, maitea kausitu. Haren bortaraino argi egidazu”.
Xoraren Script Suzzanne Tatte-n ohar bat bildu du gidari honek finitzeko: “Zinema erantzun bat bilatzen duen zeregin andana da, erantzuna zinema bera da”.
Larunbatean pertsona talde batek Tolosaldeako Kontseilu Sozialistako kide bati eraso egin ziola salatu dute. Azaldu dutenez, "faxistei aurre" egin zien propaganda jartzen ari zirela, eta piperbeltz espraiarekin zipriztindu zuten.
Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan... [+]
Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu dituzte irakasle beraren aurka, irakaslearen izena eman gabe, baina Filologia Hispanikoko irakaslea dela zehaztuta. ARGIAk gradu hori urte desberdinetan egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du,... [+]
Zuzendaritzak argudiatu du "ahalegin guztiak" egin arren, bezeroen eskaria "drastikoki" murriztu dela. Nafarroako industriaren defentsan igandean egingo den mobilizazioan parte hartuko du enpresaren komiteak.
Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.
Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.
Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.
Arrasateko Udaltzaingoak abiatu du ikerketa, neska batzuek igande goizaldean erdialdeko taberna bateko komunean kamera txiki bat aurkitu ondoren.
Air Force One hegazkinean Super Bowl-erako bidaia aprobetxatu du Donald Trumpek, ezartzear dituen muga-zergen berri emateko. Eszenografiaren aldetik, bikain. Etxerako mezua da “lasai baino lasaiago nago ni; begira nora goazen... Estatubatuarrak ere lasai egon daitezke... [+]
Gasteizko campuseko Farmazia Fakultateko ikasleek "faxismoaren aurka antolatzearen beharra" azpimarratu dute, eta EHUri irakaslearen berehalako kaleratzea exijitu diote.
Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua... [+]
Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]