Virginiako Unibertsitateko (AEB) Angeline Lillard eta Jennifer Peterson ikerlariek oso saiakera bitxia egin dute 4 urteko hamasei haurrekin: marrazki bizidunetako bi film ikusarazi diete; batean irudiak eta eszenak azkar igarotzen dira, eta bestean polikiago. Lehenbizikoa, hain zuzen, Bob Belakia pertsonaiaren film bat izan da, eta bigarrena Caillourena.
Pediatrics aldizkarian argitaratu dituzten emaitzen arabera, umeen portaera arras aldatu da film bat ala bestea ikusi. Caillou ikusi ondoren, umeen kontzentraziorako eta arretarako ahalmena ez dira aldatu. Bob Belakia ikusi eta gero, berriz, euren jarrera erabat aldatu da, eta aztoramen handia izan dute.
Ikerlarien esanetan, frogatuta geratu da telebistan ikusten ditugun filmek eragina dutela gure jarreran, eta eragin hori gero eta nabariagoa izaten dela zenbat eta gazteagoa izan.