argia.eus
INPRIMATU
Zerk izutzen

Joxemari Ostolaza 2011ko irailaren 13a

Zaituzte? Zeren beldur bizi zarete? Lortua zenuten lortua, zuen normaltasuna zeuen legediari izkin eginez gordetzea, eta –ordutegia baliatuz, eta zuen indarraren erakustaldiari jarraipena emanez– alarde mistoak alboratzea. Baina ez erabat, zuen Irungo eta Hondarribiako sozioek nahi luketen bezala. Eta hastapeneko denboralea igarota, kalmatzen eta berdintzen zihoan bi txanden artekoari, ekaitz artifiziala ekarri diozue zuen kontrolpeko haizegailu bortitzenak hondarribiarren aurka boteaz. Tranpa eginez hartu zenuten Gasteiz eta lehorretik irabazi nahi duzue estropada, alarde mistoa itsasotik errekara eraman nahi horrekin. Errekako urak irakiten eman eta bertan guztiak egosi daitezen ahaleginetan zabiltzatenak, erredura gaitzez atera zaitezkete pariotik, enbatetan haziak atxikeko ur ponpak beti ditu prest lagungarri. Probokazio merkez ari zarete eta garesti ordaindu dezakezue zuen erasoa, errekakoek euren kolorez itsasora egiten baitute beti, korronte azkarrez. Eta jakina, itsasoak eman ematen du, baina kendu ere bai. Momentuz gutxiago gara baina ez gara gutxi ataka horretan jarri nahi gaituzuenak, eta Gasteiz ez dugu Kamerun. Argi ibili eta garaiz damutu.