ETArik gabeko eszenatoki politikoaren birmoldatzea jasaten ari dira hauteskunde hauek ere eta ezkerreko mugimendu soberanistak urrats bat gehiago eman du Aralar ere bere baitara biltzearekin.
Egoera normaletan ohikoena da abertzaletasunean ere zentro-ezkerra eta zentro eskuineko indarrak biltzea, eta euskal esparru politikoa ere horretarantz doa. Ezkerreko esparru soberanista egituratzen ari da oraindik, baina maiatzaren 22ko emaitzek hegan jarri dute aukera. Ez da zalantzarik batasun kontu horiek ilusio maila handia sortzen dutela abertzaletasunean, Bilduren emaitzak lekuko; eta baita zailtasun batzuk ere –txikiagoak hauek– Nafarroako abertzaletasunaren desadostasunek erakusten duten moduan.
Ura azkar doa euskal politikaren ubidean, baina hala izaten da aldaketa politiko eta sozial handien garaietan, edo asmatu eta egokitzen zara edo korronteak ahanzturara eramaten zaitu. Testuinguru horretan atera du Bilduk indar abertzale guztiei azaroaren 20rako elkarrekin aurkezteko egindako proposamena. Aralarrek baiezkoa eman dio eta EAJk ezezkoa. Jeltzaleek, gainera, proposamena ez dela serioa bizkarreratu diote Bilduri, eta honek EAJren ezezkoa azaleratzea bakarrik bilatzen duela. Eta akaso hala da, jakinik Urkulluren EAJk orain ez duela halakorik onartuko, aldarrikapen abertzale zaharra mahai azpitik atera eta jeltzaleak ezetz ematera behartu.
Ekimena zintzoa edo amarrua izan den albo batera utzita, abertzaletasunari komeniko litzaioke halakorik? Ona litzateke? Gaitza da erantzun bakarra izatea eta, seguruenik, unean uneko abagunearen arabera jokatzea litzateke logikoena. Gizarte eredu desberdinak dituzte EAJk eta ezker soberanistak, eta alde horretatik ez luke zentzu handirik hautagaitza bateratuak. Krisi ekonomikoaren aurrean, adibidez, EAJk PSOEren erreformak aurrera ateratzea ahalbideratu duenean, ezkerreko indar abertzaleek hiru greba orokor sostengatu dituzte erreforma horien aurka.
Baina, teorian bederen, herri proiektu bat ere partekatzen dute, Euskal Herriarena, eta beronen egituraketa politiko-instituzionala eta bere burujabetza aldarrikatzen dute. Eta alde horretatik bai izan dezake zentzua noizbait elkarrekin joatearenak: ekimena ondo mugatu eta zehaztuz gero, hautestontzietakoa herri gisa eman daitekeen erantzun indartsu eta deigarrienetakoa da. Zalantzarik gabe, eraginkorra litzateke abertzaletasunaren indarra erakusteko, eta baita herri gisa ditugun ezaugarri garrantzitsuenen defentsan –euskara eta euskal kultura– era nabarmenean sakontzeko.
Hau al da halakorik egiteko unerik aproposena? Baietz pentsa liteke, bakearen eta normalizazioaren txanpa hau baliatu behar dela halako proposamen bati indarra emateko. Bilduren emaitza onek argi adierazten dutela herritarren eta, bereziki, abertzaleen ilusio une hau baliatu behar dela. Gainera, horrek bereziki lagunduko lukeela bake prozesua.
Baina ezetz ere pentsa liteke, jeltzaleek egin duten moduan, eta horretarako ere arrazoi ugari egon daitezkeela: azkar dela horrelakorik egiteko, edo bloke politika horiek baztertu egin behar direla, edo aurrera begira horrek abertzaletasunaren ikuspegi independentistena elikatuko duela eta EAJrentzat arriskutsua izan daitekeela, edo gizarte ikuspegia, edo…
Proposamena ez da gauzatu eta listo, baina akaso ez litzateke txarra unea baliatzea bi gai behintzat sakon hausnartzeko: bat, indar abertzaleek zein eratako elkarlana egingo duten Madrilen bake prozesu bat ondo egituratzeko eta nola jokatuko duten elkarrekin nazio aldarrikapenen garapenean; eta bi, ea epe ertainera begira abertzaleen hautagaitza bateratu bat aurkez daitekeen, esate batera lau urte barru Espainiako hauteskunde orokorretan.
Uste dut datozen urteetan normalizazio politikoan jarri behar dela indarra, herritarrok bakeaz gozatu ahal dezagun, eta euskal gizartean diren proiektu politiko desberdinak bake egoeran lehia daitezen. Ezin da hori egin eta, demagun, erabaki eskubidea ardatz hartuta, Estatuarekin konfrontazio dinamika bat modu bateratuan eraman. Baina behin bake prozesuarena bideratuta, zergatik ez? Logikoa eta zentzuzkoa da abertzaleek ere normalean ezker-eskuin paradigmaren araberako hauteskunde eskaintza egitea. Baina hori bezain logikoa da salbuespenak ere baliatzea eta herri izaerari dagozkion aldarrikapenak era bateratuan akuilatzea.
Nola, noiz, norekin… hausnarketa eta elkarrizketa serioak besterik ez dira behar. Duela lau urte hasi zen irudikatzen posible zela ezkerreko esparru soberanista batzea eta emaitzak begien aurrean dira dagoeneko. Lau urte barru, posible ote eskaintza abertzale bateratua?