argia.eus
INPRIMATU
Mugan bizi direnek ez dute mugarik
  • EGILEA ::Kaskezur

    Labatelkueyo

    iraupena ::51´45´´

    prezioa ::10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Baztandarrak burugogorrak eta tematiak omen dira, eta zakurra oso urrun bidali eta bateria jotzailea aldatu ostean bueltan datoz berriro. Diskoaren izenburuan agerian uzten duten moduan musika beraientzat jokoa edo jolasa da, eta horregatik estilo ugaritan barrena aritzea gustuko dute. Gai dira rock klasikoa, funkya eta psikodelia batzen dituen piezarekin hasteko, Negu Gorriak-en kanta dantzagarrietatik hurbil aritzeko eta punk-rock bizi zein zoroa jorratzeko. Mugan bizi direnek ez dute mugarik. Hori gutxi bada, instant batean armonika atera eta bluesaren arima kanpora aterako dute edo doinu arabiarrak rock intentsitatez harrapatuko dituzte, besteak beste. Hitzetan, maitemina, galdera existentzialak, Bagdadeko gorabeherak, martzianoen inbasioak eta bestelako istorioak dituzte berbagai.
"Geroz eta argiago dugu hitz txarrekin ez dela kanta onik"

Gaur egun ezohikoa bada ere, psikodelia zaleak zaretela antzematen zaizue…

Psikodelia ohiko bideetatik ateratzen da, hori ona da. Gaur egun kontsumo azkarreko kanta prefabrikatuak entzutera behartzen gaituzten garaietan, osasungarria da patxadaz musika askeagoak entzutea.

Gaiak ezohikoak, eta hitzak luze samarrak dira. Irudimen handia duzue edo espresatzeko behar handia?

Izerdi handienak hitzak egiten botatzen ditugu, gehien kostatzen zaiguna da. Agian esfortzu hori da ezohiko egiten dituena. Geroz eta argiago dugu hitz txarrekin ez dela kanta onik.

Musika eta hitzetan, klixeetatik alde egiten saiatzen zarete? Helburu kontzientea da?

Bai kontzientea da. Ideiak behin eta berriz errepikatzen direnean azkenean aspertu egiten dute eta diskoaren izenak dioen bezala musika jolasa da eta gauzak beste modu batez egiten saiatzea jolas horren zati handia.  

Ireki begiak. Neskalagun “komunistak” arriskutsuenak dira? Bildu koalizioaren eta Ezker Batuaren hondamendiaren garaietan bada komunistarik?

Neskalagun kapitalistak arriskutsuagoak izateaz gain, garestiagoak dira. Ez dakit komunista askorik egonen den, baina ideia komunista askorekin bat egiten duen jendea dago; are gehiago, egungo sistemak pot egin duenean eta horrenbeste jende diskriminatzen denean.

Oasi ederra. Etorkinentzat keinu gehiago egin beharko genituzke? Nola bururatu zitzaizuen kanta hori?

Berez emakumeari buruzko kanta da. Etorkinei keinu gehiago egin beharrean, herrialdeen arteko elkartasuna aldarrikatu beharko genuke.  

“Kasetteak, biniloak, tertzioko garagardoak, errobotak...”. Faltan botatzen duzue iragana?

Ez dugu iragana faltan botatzen, baina ohitura asko mantentzen ditugu oraindik, CDak eta biniloak erostea bezala. Izan ere, etorkizunak gauza onak eta txarrak dakartza, eta hobe bakoitzetik onena hartzea.