argia.eus
INPRIMATU
Kataluniatik ikasgaia
  • Ez dut Katalunia asko ezagutzen, ez naiz bereziki katalan zalea, gutxitan ibili naiz handik. Urruti  samar ikusi izan dut beti, eta ez diot aparteko atentziorik jarri. Udan, bost egun pasa ditut Gironan. Denbora oso gutxi izanik ere, ikusitakoak ematen dit zer pentsatua.

Aitor Zabaleta 2011ko abuztuaren 31

Edonora joanda, edozein albisteren edo gertaeraren aurrean, detaileak ditut gustuko, txikikeriak diruditenek beste edozerrek baino gehiago erakusten baitute askotan. Sartu naiz taberna batean eta apalean zintzilik dauden sei egunkarietatik lau, katalanez dira. Liburudendan, kostatu egin zait gaztelaniaz idatzitako liburuak topatzea. Egunkaria irakurtzean jakin dut telebistako hamar programa ikusienen artean, bost TV3koak direla Katalunian. Eta txikikeria horiek pentsatzera naramate han badagoela kultura oso indartsua, sekulako bultzada duen herrialdea, independentea ez dena, baina eguneroko bizitza hala balitz moduan egiten duena. Nabari da iragan aberatsa dutela, ibilbide kultural luze eta emankorra.

XI. mendean, Katalunia herrialde egituratua zen dagoeneko, independentea ia-ia, lehenengo musulmanei eta gero frankoei aurre egin eta gero.

Zenbait lekutan badago materiala ez den ondarea, ukitu ezinezkoa, airean, atmosferan nabari dena, eta horixe sumatu dut Katalunian. Ez nago Amerika deskubritzen, esan nahi dudana da zirrara eragin didala Europan estaturik gabeko kultura indartsuenetakoarekin izandako hartu-eman laburrak.

Katalanez lau egunkari badaude, ez da abertzaletasunak edo konpromiso patriotikoak bultzatu dituelako, errentagarriak direlako baizik. Independentismoak gero eta indar handiagoa dauka ez katalanak abertzaleago sentitzen direlako, independente izanda, gauzak hobeto joango direla uste dutelako baizik. Abertzale izan gabe, independentziaren aldeko apustua egin daitekeela erakusten digute Kataluniatik, eta posible dela subiranotasun transbertsala, gurean oraindik entzun ere egin ez duguna.

Katalan “epelen” aldean, euskal abertzaletasuna sendoago eta aurrerago zegoela uste izan dute askok Euskal Herrian, ohiko harrokeria puntuarekin. Baina handik ikasgai oso argia datorkigu, krudela bezain erreala: urteetan sufritu dugun gatazka armatua desastre hutsa izan dela, samina eta desgrazia besterik ekarri ez digun hondamendia. Gurean Aldundiek jasotzen dituzte zergak, baina nik ez daukat dudarik: independentziatik gertuago daude Katalunian. Jordi Pujolek bere azken liburuan dio: “Independentistak izan ala ez, gutxienez izan gaitezen oso independenteak”.