argia.eus
INPRIMATU
Herra
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2011ko abuztuaren 31

Arriya. Zuzendari eta gidoilaria: Alberto J. Gorritiberea. Aktoreak: Iban Garate, Begoña Maestre, Sara Casasnovas, Ramon Agirre, Kandido Uranga, Iñake Irastorza. 101 min. Euskal Herria, 2011

Zentzugabeak eta amaigabeak. Familiak eta gizarteak hausteko gauza. Horrelakoak dira Grezia klasikoaren garaitik istorio bortitzenetakoak sorrarazi dituzten herrak. Horrelakoa da baita ere Antxon eta Pakoren arteko gorrotoa, euren eta ingurukoen bizitza hipotekatu duen apustua tarteko. Zaldiak ala mandoak herrestatuko du harria arinago? Dagoeneko, gutxienekoa da hori. Alde egitea da Peru eta Mariaren irtenbidea, ezinikusi horretatik eta herra bezain zentzugabea eta amaigabea izan daitekeen tradizio pozoitsuenetik ihes egitea.

Liskartuta dauden bi familietako belaunaldi gazteenen arteko maitasun istorio debekatu horrek Shakespeareren Romeo eta Julieta edo Medemen Behiak dakarzkigu gogora eta joera goenkaleroen beldur gauzka hasieran, baina ondo hornitutako mundua eraiki du zuzendari zumaiarrak, kulebroi zantzuetan gehiegi erori gabe, estereotipoetatik harago doazen pertsonaia indartsuei eta elkarri laguntzen dioten istorio paraleloei esker. Putzu handitan ere sartu da Gorritiberea bere lehen filmatzat duen honetan –Eutsi! enkargua izan zen–, errealismo magikoarekin saiatu baita, atzeraka doan denborarekin eta zahartzen doazen pertsonaiekin eta herriarekin jolasean; formulak ez dio kontaketari mesederik egiten eta nahasgarria ere bada hainbatetan. Hizkuntzarekin egindako saiakeran, aldiz, asmatu du zuzendariak, gaztelania eta frantsesa modu natural eta sinesgarrian uztartzen dira euskararekin.

Kontuak kontu, Arriyak irudikatzen duen unibertsoa da erakargarriena, neurri txikiagoan edo handiagoan identifikagarri zaigun erretratu antropologiko anker bezain gordina. Nabarmentzekoa da emakumeak onik ateratzen direla erretratu horretatik. Ohiko rol pasibotik urrun, senar ahoberoak katramilatutako egoerak askatzen eta familiak kateatuta duen mutilaren inguruan erabakiak hartzen dituzten emakumeak dira filmekoak, kementsuak, sendoak eta zentzudunak.

Desafioa bere buruari egin dio Gorritibereak. Erraza ez den gaietan sartu du hatza, teknikoki modu ausartean egiten saiatu da eta islatutako mundua gertutik ezagutzen duenaren maitasunarekin eta ikuspegi kritikoarekin herrestatu du Arriya.