argia.eus
INPRIMATU
Oporrik gabe

Uxue Apaolaza Larrea 2011ko uztailaren 28a

Beñat zure nobelan hiltzaile izateko ohorea ematen badidazu, arren, izan dezala ausardia aski detektibeak –Jose Luis– zerbeza batetara gonbidatzeko, pare bat behintzat beharko baitugu. Badira bi aste bere maiteminaz pentsatzen ari naizela, Alaitz eta Maiderrekikoa, bai, (gai serioetara itzuli beharko genuke, ez baitakit Jose Luis, kontu arinokin gure buruari fabore egiten diogun, oso Erasmus, bokazio komertziala leporatuko digute) eta ez zait kasualitatea iruditzen nire nerabezaroko maitasun platonikoa Jon Sarasua izatea, gaur egun Argiako bideoetan ikusi eta bere paleta zanpatuekin hipnotizaturik geratzeraino. Diot, ez dela kasualitatea, zureek eta nireek badutelako kastitate katolikotik gertu dabilen irudi onbera, eta zure trikitixarainoko zirrara horrek ez zirudien teologiaz hitz egiteko gogoa... zein morbo gaiztok mugitzen gaitu?

Gainera Beñat, beroa erotikoa izateaz gain, edo hargatik, hiltzaile senen pizgarri ere izan liteke; sargoriak hiria hartzen duenean Faulkner edo McCarthyk idatzi gabe baina imajinaturik utzi zituzten krimen guztien susmoa sortzen zait, Lizarralderen ipuinetako orrialdeetan egin gabe utzi nituenak; hiltzaile papera egin nezake beraz nahiko egoki. Ez dakit zein hiltzaile mota nahi nukeen izan ordea.

Orain iraultzak baketsuak direnean (beharbada horregatik ari da hainbeste atzeratzen) ezin naiz bankariak hiltzen hasi. Zalantza sortzen zait gainera, erabaki ekonomikoen ondorioz krimenak eginez hasiko banintz, laster bihurtuko nintzateke nahiko espainolista, izan ere, ni Madrilen bainaiz langile, PNVri orain hainbeste molestatzen dion Espainia pobre horretakoa, eta noski, beraien kontra egin beharko nuke lan erreformaren kontura, aurrekontuen kontura, beti noski nazio trapitxeoen aitzakiaz, mesedez, PPk hauteskundeak irabaztean egingo dituztenengatik, Sarrionandiak aldizkari honetan utzi zuen esaldiaren kontra, euskaldunak bankariago baikara senegaldar etorkin baino, dirudienez (zin dagit, ez dugu etorkin senegaldarren antzik, eta beraien egoerarekiko errespetuz diot); ez da egokia klase kontuez nazio kontzeptu bidez hitz egitea, zehazgabe eta injustua izaten da.

Madrilen duela egun gutxi Vallecasko taberna batean gertaturiko bahiketaz oheratu ginen, ezer lapurtu nahi ez zuen gizon baten eskutik. “Depresioa dela eta tratamenduan zegoen” hasten ziren berriak hurrengo egunean. Elkarri begiratu genion lagunak eta nik: “Aizu, gogoa ematen du zerbait egiteko, ez gara tratamenduan alferrik egongo”. Beñat, bolondres bat gehiago hiltzaile izateko, bikotea ginateke, bat tratamenduan, bestea tratamenduan izana, titularretarako balio izaten du, behin psikiatratik pasa bazara, psikiatratik pasa direnen perfil bihurtzen baitzara, eta hilketaren bat egiten baduzu, zer esanik ez.

Arriskutsuak gara oporretan ez gauden guztiok; lanean ari garelako, langabe gaudelako, edo deprimiturik. PNVri espainiar pobreek sortzen dioten disgustua kontuan izanik, hirugarren mundu izaten hasita, gero eta gehiago hobe orain Palestinar bokazioa utzi eta alemaniartzen ari den Euskal Herriarentzat, patronala berdin gogaitzen dugu, alegia, pobreak, genetikoki pobreak, gero eta urrunago mantentzeko hartuko diren neurrien ondoren, askoz gehiago izango gara etorkizuneko abuztuetan Madrilen itzulika ibiliko garen sistemaz kanpoko depresiboak, oporretatik bueltatu direnen arropatan itsaso bila usnaka. Hiltzaile ere izan gaitezke, hartara jarrita, aukeratzeko izango duzu Beñat; denbora librea oso txarra da oporrik gabe.