Musikarekin estu lotuta egon da umetatik, baina ez zioten erakutsi musika lanbide bihurtu zitekeenik. Hala, autodidakta sutsua izanda, Euskal Herriko diskogintzaren aita pontekotzat har dezakegu, gure soinu banda osatzen duten taldeetako asko deskubritu eta 2011 arte musikaren tendentzia guztietara egokitzen jakin duelako.
Noiz txunditu zintuen musikak lehenengoz?
1961ean. 10 urte nituela Burlatako Eslava zineman Iruñeko Los Permans taldea ikusi nuen, gitarra elektrikoekin! Niretzat rockaren hasiera zen, ordura artekoarekin apurtzen zuena.
Zeren bila jo zenuen Madrilera?
Jose Mari anaia Radio Madriden zegoen, Joaquin Luquirekin. Irratiak eta musikak asko erakartzen ninduten eta Irudia eta Soinua ikastera jo nuen. Anaiak irratian sartu ninduen eta nire eskola izan zen. Gonzalo Garcia Pelayo, Julio Ruiz, Montxo Alpuente, Juan de Pablos, Juan Claudio Cifuentes… ezagutu nituen. Iruñeko 20 urteko gazte batentzat ikaragarria zen! Garcia Pelayok, Andaluziako rockaren aitapontekoak, erakutsi zidan teknika garrantzitsua bazen ere, sentimenduak garrantzia zuela eta sentimendua azaleratu behar zela. Mundua ikusteko modua aldatu zidan: garrantzitsuena ez da ondo jotzea.
Madrilgo urteak politikoki oso biziak izan ziren…
Bai, 1971-1974 artean hiria Francoren kontra zegoen eta gazteok akratak edo hippyak ginen, baina aurretik Iruñean 1968ko maiatza bizitakoa nintzen, grisen aurretik korrika eta panfletoak banatzen.
Ikasketak bukatu eta Euskal Herrira buelta.
Madril txarrera aldatuz zihoan eta susmoa nuen hemen gauza aberatsak biziko nituela. Iruñeko Cope katera aldatu eta 1977ko irailean Nafarroara itzuli nintzen.
Eta irratiaz gain, idazten hasi zinen…
Bai. La Tubería irratsaioa egin nuen, 1978an Más o menos rock bihurtu zena. Egin-en idazten hasi nintzen: disko kritikak, elkarrizketak…. 1978an Sex Pistols-i buruzko artikulu bat idatzi nuen, baina Eginek ez zuen argitaratu. Ezkerretik punka oso gaizki ikusten zuten. Egin utzi eta Muskaria-n idazten hasi nintzen.
Eta Iruñeko musika eszena ezagutarazten hasi zineten.
Kantautoreak eta musika politikoa ziren nagusi, baina nahiago genuen talde berriak aditzera ematea eta irratitik kontzertuak antolatzen hasi nintzen: El Drogas-en lehenengo taldea izan zen Kafar Naun, Josetxo Bitxoren Tension, Tubos de Plata, Tocamas…
Zuk ere taldea sortu zenuen, ezta?
Madrilen jazz musikariekin kafe-antzerkia egiten aritua nintzen, baina ez zuen funtzionatu. Baina Iruñean, punkaren eta new waveren eztandarekin jotzen jakin gabe musika egin zitekeenez, Ful eta Mol sortu genuen: 1980ra arte iraun zuen.
Gero, Soñuan lanean hasi, eta folk ildoa alboratu zenuten.
Jota eta bestelako estilo ugari grabatu ostean, Nafarrock azpi-zigilua sortzea proposatu nuen. La Pollaren singlearekin hasi, eta atzetik etorri ziren Barricada, Hertzainak, Kortatu, Cicatriz, Jotakie… Barricadarenak izugarrizko arrakasta izan zuen eta Nafarrockek Soñua jan zuen. Ez genuen Madrilen grabatzen. Hango grabazio estudioetan ez zituzten hemengo taldeak ondo zaintzen; eta, gainera, Madrilgo mobidan ez zegoen rock indartsurik.
Zein izan zen Oihukaren arrakastaren gakoa? Konpetentzia falta? Musika taldeen karisma?
Soñuaren ekonomia ondo kudeatzen jakin ez eta lan egiteko iritzi kontrajarriak sortu ziren. Azkenean Soñua Elkarri saldu, eta nik Oihuka sortu nuen Elkarrentzat. Elkarren askatasun osoa nuen, arriskatzeko aukera. 80ko hamarkadako taldeek karisma handia zuten, Espainian ez zegoen halako talde interesgarririk, Madrilgo mobida penagarria zen… Gainera, gure diskoak urbanoak izan arren, landa ingurunean ere ongietorriak ziren.
Zer onura eta zer traba ekarri ditu Euskal Rock Erradikalak?
Onura handia: azpiegitura, musika eta instrumentuei buruzko ezagutza, kontzertu aretoak, grabazio estudioak; eta gure herria ezagutzera eman duen musika estiloa. Bestalde, estereotipo bat ezarri da: musika estilo bat pentsaera mota batekin lotua.
Zer esango zenieke gaur egun iraganeko pareko talderik sortzen ez dela diotenei?
Ohikoa da. 25 urte arte kultura eta musika berria xurgatzen aritzen gara; eta hortik aurrera ez gara hain adi egoten. Hala ere, egia da 2000ko hamarkadan taldeak kalkatzeko eta irudiari gehiegizko garrantzia emateko joera handiegia izan zela; irudia berez sortu behar da. Karisma eta maila handiko taldeak sortzen dira, baina jendea ez da ikustera joaten. Hirugarren diskoa atera arte ez dute arreta jartzen eta gero harritzen dira: horra hor, Ken Zazpi, Kerobia, Zea Mays...
Hortaz, baikorra zara? Sortuko diren taldeek harrera hobea izango dute?
Bai. Krisiak ondorio garrantzitsuak ekarriko ditu. Krisi hau oso gogorra da eta gazteen musika mugimendu ikaragarria ekarriko du. Ez dakit rap, reggaeton edo zer izango den, baina ziur oso errebindikatiboa izango dela. Mugimendu indartsuak oharkabean etortzen dira, inork espero ez dituenean.
Baina kontzertu batean arrakasta lortzeko betiko talde handiek baino ez dute balio.
Txosna, jai batzorde eta bestelakoek beti ezagunak diren taldeak kontratatzen dituzte eta ez diegu aukerarik uzten berriei ezagutzera emateko. Belaunaldi berri eta zaharrak aurrez aurre jartzen baditugu, ni printzipioengatik beti gazteen alde egongo naiz.
Zeintzuk dira diskogintzan izandako poztasun handienak?
Asko. Tijuana, Potato, Hemendik At!, Skalariak, Urtz, Marea, Huajolotes, Ken Zazpi, Koma, Berri Txarrak... Potatoren Rula abestia Peruko irratietan lehenengo postuan egon zen! Bestalde, pena dut S.A.-ren maketa ez nuelako entzun; eta Extremoduro La Pollaren antzekoa iruditu zitzaidalako.
Gor diskoetxeak oso begi ona izan du taldeak deskubritzeko; baina, zailtasun handiagoa izan du taldeei eusten…
Gor Goñi anaiok sortu genuen 1991n. Gurekin beste hainbat diskoetxe jaio ziren, baina talde interesgarri asko zeuden eta azkarrak izan ginen: Urtz, Exkixu, Parabellum… deskubritu genituen eta gastuak murrizteko diskoen banaketa egiten hasi ginen. Bestalde, ez dut sinesten taldeak eta diskoetxeak betiko ezkonduta egotea; hori multinazionaletatik dator. Gainera, askotan lehenengo diskoak onenak izaten dira.
Aspaldi euskarazko pop taldeak sortu beharra errebindikatzen zenuen. Ken Zazpik bete du hutsune hori?
Bai, baita Kerobiak ere. Gure musikaren normalizaziorako irratietan hemengo punk eta rock kañeroaz gain, beste zerbait ere erakutsi behar zen. Ezin genuen jarraitu kanpoan Itoiz poparen adibide gisa aipatzen.
Hemendik At!-ekin egindako apustua ere polemikoa izan zen…
Bai. Taldeak oihartzun izugarria izan zuen. Euskaraz ez zegoen halakorik, eta intelligentsia-k begi txarrez hartu zuen. Antzinako garaietan bezala, kantautoreek bateria instrumentu yankee bat zela ziotenean. Gazteek oso ondo hartu zuten, eta nik gazteekiko errespetu handia dut, ni ere erabat teenager-a nintzelako. Halako erronkak maite ditut: Huajolotes, Lendakaris…
Sasoi batean Gaztea irratia eta, orokorrean, irrati-formula defendatu zenituen…
Azkeneko aldaketa egin zuten arte. Euskarazko pop-a ezagutzera emateko irrati baten beharra dago, eta sasoi batean Euskadi Gazteak funtzio hori bete zuen. Badira hori gabe ezagutuko ez genituzkeenak: EH Sukarra, Pog Mo Thon, triki-pop taldeak… Baina, gerora, baldintzak asko mugatu dituzte. Gaur egun euskarazko irrati-formula batean ezinbestez Izate entzun beharko litzateke, eta ez da horrela.
Zer behar dute Euskal Herriko taldeek esportagarriak izateko?
Badira dagoeneko. Berri Txarrak, El Columpio Asesino, THC, Lendakaris, Marea, Barricada, Mermaid, Lisabö, Anari, NCC, Betagarri... Garrantzitsuena da nortasunari eustea. Eta euskara plusa da. Ez saiatu beste batek egiten duena bere hizkuntzan kopiatzen.
Askok diote musika librea dela.
Norbaitek kanta bat idatzi eta berea dela egiaztatu nahi badu, eskubide osoa du. Gainera, musikaren komertzioak musikarenganako interesa gehitzen du. Baina ez ditut SGAEren metodoak onartzen.
Zein da gaur egun diskoetxe baten eginkizuna?
Betikoa, teknologiak ekarri dituen aldaketekin: talde berrien masterrak merkaturatzen laguntzea. Baina gero eta zailagoa da egiturari eusteko irabaziak ateratzea. Autoekoizpenak gorantz doaz, baina autoekoiztea gogorra da, lan handia eskatzen du. Diskoetxeek taldeari lana arintzen diote.
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.
Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]
Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.
Japoniako multinazionalak egin nahi duen erregulazio txostenak plantako langileen herenari baino gehiagori eragingo die. Enpresa batzordeko kide Luis Escalonak adierazi du "langileen aurkako eraso bat" dela, eta lanuzteak egingo dituztela iragarri du.
Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]
350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]
ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.
Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]
'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]
Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]