argia.eus
INPRIMATU
Gutarrismotik kamikazismora eta buelta
BeƱat Sarasola @bsarasola 2011ko uztailaren 20a

Euskal Herria dugu, Euskal Harria baita ere, Euskal-tel, Euskal Pizza, Euskal Bideo, Euskal Kebab... Baina Euskal Bihotzik ez, antza. Ezagutzen dut proposamen bat baino gehiago –Kaixo, Holaxe...– buruan duenik, baina momentuz egitasmoak baino ez dira. Euskal Brangelina, Euskal Belen Esteban eta enparauei buruz ariko litzatekeen aldizkari edo dena delakoa dugula faltan, alegia. Halakotan besteren kontuekin asetzen da norberaren morbo beharra, eta akaso, Uxuek iradokitzen zuen gisara, euskaldunok gure artean ezin halakorik egin, gure besteak urrutiago daudelako beti. Euskal Herritik kanpo baino ezin ditugu besteak aurkitu ahal, eta horregatik ezin gure famatuen inguruko txutxu-mutxuka ibili, publikoki bederen. Bortitzegia litzateke.

Esana dut hemen bertan eta ez dut kontuaren gainean sobera tematu nahi, baina nabaria da atzerriko artista kaskar baten lepotik trufatzea naturala eta kasik osasuntsua dela, eta gure arteko bati buruz gauza bera egitea –arrazoiak berdin-berdinak izanik ere– ordea, gauza lohi eta laineza. Gutarrismoaren autokontsumorako joera-edo.

Ez dugu laidoztatzeko sortu den figura publikorik, beraz, bai ordea souvenir dendetan saltzeko moduko hamaika pertsonaia sinboliko eta mitifikatu. Ezbairik gabe, beharrezko dira mitoak. Gorrotagarriak dira sasi guztien gainetik ibiltzen diren pertsona inpartzial, hotz, ultrarrazional, ultrailustratu eta handiusteak, (ustez) mito oro mespretxatzen dutenak. Baiki, gutarron arteko gutarrismo goragutagutarra bezain gorrotagarria. Mitoak behar ditugu, egia da, baina ahal dela kafeina gabeak eta sakarinarekin, arren. Eta horixe da, hain justu, pop kulturaren ezaugarrietako bat: mitoak sortzen ditu baina serioskiegi hartu gabe. Erabili ostean zakarretara botatzeko moduko mito merkeak. Hamazazpi urterekin Morriseyren kamiseta eraman dezakezu, hogeita birekin Morrisey madarikatu eta berrogeita bostekin haren itzulera-kontzertu batera joan zaitezke bion tripatzarraren tamaina erkatzera. Horregatik, ez dakit Euskal Bihotza dugun faltan, baina bai behintzat Euskal Popa, askok adierazi izan duten bezala.

Honakoa dut denboraldi honetako azkeneko ttakuna. Aurtengoari so azkarra egin eta erraz ohartu naiz dexente izan direla buruz eta kaskorik gabe sartu naizen nahaspila, istilu eta abarrak. Lokatz-nahastetatik matazetara ibili naizela maiz. Hain zuzen, ziur aski, besteak gutarron artean bilatzen ahalegintzearren. Horren ondoriozko kalteak ere ez dira makalak izan: lau ezker crochet, eskuineko bi, bost uppercut, orotara zazpi zuzeneko ukaldi... kanpaiak salbatu nau anitzetan. Maite omen nautenek esan didate badela garaia kamikazismo eta mohikanokeria honi amaiera emateko. Uzteko baratzaren buztina eta joateko lorategiko lili, arrosa eta mitxoletetara. Uzteko gizon-kontu hauek eta hasteko behingoz literatura egiten. Ez dakit jabetzen diren askoz ere okerrago izan daitekeela hori, baina haatik, behingoagatik, jaramon egiten ahaleginduko naiz. Gainera, egungo literaturako joeretako bat han-hemenkako norberaren testuak –hitzaldiak, zutabeak...– nobeletan berrerabiltzekoa da. J. M. Coetzee eta Enrique Vila-Matasek egin izan dute halakorik. Bada, nire xumean gauza bera egiten saiatuko naiz hurrengo denboraldian. Literatura egiten. Balizko nobela batean berrerabiltzeko moduko ttakunak idazten. Aurreratuko dizuet: Uxue izango da hiltzailea eta Jose Luis, berriz, detektibea.