"Politikan kudeaketa behar da eta demagogia utzi"

  • Maule, 1961. Gotaineko Berruetan du jatorria. Laborari semea da. Gau-eskolan irakasle eta Seaskan engaiatua iraganean. Artzainak lantegiaren burua eta Mauleko auzapeza da. Ez da ezein alderdi politikori atxikia. Maulez, Zuberoaz, Euskal Herriaz mintzatu gara. Politikaz.

Michel Etxebest
Michel EtxebestDani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Abertzaletasuna eta euskara ukan ditugu hizpide solasaren abiaburuan Mauleko auzapezarekin. Honatx egin diogun lehen galdera: Michel Etxebest abertzalea dea? Beste galdera batekin –irriñoa bisaian– erantzun digu: “Zer da abertzale izatea?”.

Zer da, bada, abertzalea izatea zuretzat?

Herriaren alde lan egitea da abertzalea izatea. Gero, abertzalea independentziaren edo autonomiaren aldeko borrokan ihardukitzea bada, enetzat horiek beste kontzeptu batzuk dira eta nik ez dut horietan parte hartzen. Zuberoan lehen problema bizitzea da. Zuberoa berpiztea, jendetza beheiti baitoa, badugu zer bultzaturik eta ez dut uste “politika”n ari den joera batek edo bestek eginen duen.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Maulen eta Zuberoan orobat?

Zuberoa tipia da: 13.000 bizizale dituzu. Horien herenak euskara ematen badu ere, zubereraz mintzo da. Herena 4.000 da, oso gutxi. Aski denez euskalki honen atxikitzeko? Ez dakit. Momentuz, hautetsiek eta botere publikoek alde egiten dute egiturak laguntzen eta engaiatzen. Baina, hori euskararen abarretarik bat baizik ez da. Erran nahi baita, konparazione, irakaskuntzan, haurren heren bat eskola elebidunetan eskolatua da, baina horko haurrak ez dira euskaldunak ateratzen. Euskara entzuten dute, batzuek hitz egiten dute beharbada, baina ez dute ahalik eskolatik at mintzatzeko. Gizartearen aldetik presioa azkarra da, gizarte frantziarraren aldetik erran nahi dut. Ikastolako haurrek ere ez dute euskara garbi bat ematen eskolatik ateratzean, ez denek behintzat.

Egiguzu Mauleko potreta sozial bat, Zuberoaren testuinguruan.

Maulek bi itxura ditu. Batetik, Espainiako gerla zibilaren ondorioz, iheslariak heldu ziren, halaber, espartingintzak langileria ekarrarazi zuen Nafarroatik –Erronkaritik– eta Aragoitik bereziki. Maule erdi “espainola” duzu: Lopez, Perez eta Fernandez asko dago hemen. Beste itxura Maule politikoarena da. Politikaren aldetik Maule frantziarra da. Hauteskunde presidentzialen emaitzak ikusirik, bi heren ezkerrean dago eta heren bat baino gehixeago eskuinean. Maule “langile” herria da, eta honek euskal nortasunari leku gutxi-gutxi uzten dio. Maulen bi kartier nagusi dira, Maule gainekoa, etxe txikiak eta langileria dago. Jaietako gaualdi batean hala Mariatxiak nola Jotak izaten dira. Maule hirian burgesia txikia dago, lantegi tipien buruak. Badago beste zati bat laboraria, dozena bat etxalde daude, euskaldunak izatez, baina ez espirituz. Beste zati bat, Basaburutik, Atharratzetik eta herri auzoetatik jinikako jendea da, euskaldunak dira. Baina Maulen sortzez ez dago euskaldunik.

Auzapeza zara 2008tik. Egiguzu zure esperientziaren bilana Herriko Etxean?

Jada entseatu nuen Herriko Etxean sartzen beste hiru aldiz –1999an abertzale zerrenda batean–, hau izan da laugarrena. Beste bietan ez nuen aitzina egin, bloke politiko azkarrak izan genituen. 2002an ni bakarrik pasa nintzen gure zerrendatik; 2008an, gure zerrenda osoa pasa zen eta bestetik bat bera ere. Udalbatzan 23 gara, talde berekoak, baina hobeto izango zen oposiziotik batzuk egon balira. Heldu den legealdian aldatuko omen da legea, eta aurkezten diren zerrenda guztietatik udalbatzan sartzea espero dut.

Ongi moldatzen zarete udalbatzan?

Egoera ez da gaiztoa. Boterean gu gara bakarrik, baina kudeatzeko unean ere bakarrik gara, eta hori problema da. Oposiziorik ez izatea ez da ona, beste zerrendatik bizpahiru jende balira, guretako, enetako hasteko, errazago izango zen. Nire politikaren kontzepzioa –baita Artzainak lantegian ere– lana delegatzea da. Lan asko delegatzen dut, nik bidea eta helburua erakusten ditut eta jendeak ahal bezala egin dezala.
23 hautetsi horien artean badira denetarik, ez dira denak buru edo buruorde. Gizartean bezala. Hiru urte hauetan gure izaera ezagutu dugu, gure urguilua eta eskasiak agertu dira, eta ikasi dugu gure artean moldatzen. Une gaiztoenak pasa dira, hori eta hura nola kexatzen den ikusi dugu, bestea bazterturik joan da eta itzuli da. Beste hiru urtetarako bidea markatu dugu. Orain aho batez bozkatzen ditugu proiektuak, denak ari gara ildo berean.

Zein dira arrangura handienak?

Ez dugu biga, baño dago: herri hau dinamizatzea jende kopuruz goiti eramateko. Nik besterik ez dut buruan. Gero baditugu horiek aitzina eramateko ideiak, baina helburu bat eta aski konkretua da. Ni lantegi buru izaki, helburuak jartzea maite dut, demografia begiratuz eta konparatuz, ez da beste biderik. Jende berria behar da lanean kausitzeko, urratsak emateko prest dagoena.

Non ikusten dituzu trabak? Indarrak berriz?

Trabak denetan. Herri bakoitzak baditu bereak. Eman dezagun, segurtasun aldetik ongi bizi gara Zuberoan, ene autoa bulego aitzinean daukat gakotu gabe, karrikan, momentuz bizi gaitezke horrela. Azpiegitura handietatik urrun bizi gara. Guk ez dugu ez autobiderik ez AHT hemendik pasatzen ikusten, ez dugu aireportuen arrangurarik. Aldiz, AHTk zeharkatu duten lurraldetan jendearen kexuak konprenitzen ditugu, guretzat maleruski problema horiek urrun dira. Alta, guk azpiegituren beharra dugu, ziur. Zuberoan badaude indarrak, baina alde berera bultzatu behar ditugu. Zentzu horretan nortasuna, enetzat euskaldun izatea, indar bat da, gure hizkuntza eta euskaldun agertzea, gure buruaz ahalke ez izatea, hori da indarra. Beste indar bat da lantegia. Lantegi asko dira oraindik ere Maulen: 40 lantegi industrialak. Lantegi txikietan 1.000 lanpostu dira. Egitasmo azkarra dutenak, goiti doazenak. Ene definizioan Zuberoan ekoizten dena eta kanpo saltzen dena –Frantzian nahiz munduan– hemengoa da. 40 lantegi horietan indar handiena duenak 100 langile ditu, kanpoko kapitalaz egina. Gaineratiko guztiak zuberotarren esku dago. Eta kasu honetan zuberotarra ez da soilik euskalduna dena, Zuberoan lantegia plantatu, edota lan eta bizi dena ere zuberotarra da.

Lana delegatzea maite duzu, demokrazia parte-hartzailea, naski.

Bai. Ezagutzen nauenak badaki hori, hori bizi dut. Artzainak lantegian ari naiz goizetan, udaletxean eta Herrien Elkargoan arrastietan. Badakizu, teknologia berriei esker, –emailak, SMSak– lotzen ahal da jendearekin. Artzainak-en 50 langile gara, 30 milioi euroko negozioak egiten ditugu. Sei lantegi txiki ari dira, bakoitzak badu bere burua. Nire lana horien kontrola eramatea da, ez naiz bakarra. Hilean behin horiek guztiak nola doaz jakiten dut. Ez naiz ehuneko ehunean aritzen, ezin dut eta ez nuke nahi ahal izanez ere.

Atharratzeko kantonamenduan bozak izan dira berriki. Arnaud Villeneuve sozialista da kontseilari berria, Mixel Arancete zentristaren ordez. Zer iritzi duzu?

Kantonamenduan hamasei udalerri dira. Arnaud Villeneuvek sozialisten sostengua ukan du, baina bera 75 urteko gizona eta langabezian balitz, sozialista izanik ere, ez zen hautatua izango. 37 urte ditu. Zahar Etxearen zuzendaria da, gaztea eta dinamikoa, ideia argiak ditu. Horregatik bozkatu du jendeak. Erran nahi dut: politika nazionalak zer eragin du horretan? Baluke zati bat, baina jendeak bozkatu du dinamismoa duen jendea behar duelako. Jendeak elkar ezagutzen dugu eta pertsona bozkatzen du. Alderdiak ere badu garrantzia, naski, baina gehiago bozak gero eta goragokoak direlarik.

Abertzaleek bozen %7,93 ukan dute; 156 boz bildu dute.

Gaitz da abertzaleentzat. Jendeak badaki Zuberoa Euskal Herriko bazter batean dagoela. Euskalgintza tipiagoa da mugetan. Guk Francorik ez dugu ukan, ez dugu Hegoaldeko kanpoko jendetzaren etorrera handi-handia; bon, ukan dugu halere. Baina bereziki Frantziako politika bizi izan dugu, ez dugu Francoren errepresio gaitza ukan, baina finean eta funtsean, guk jasan duguna gaiztoagoa izan da. Egun ez dugu euskara ofizializatua. Ezin badugu hori ukan, euskara hilko da.

Euroaginduaren aurkako zure jarrera ezaguna da. Nola bizi izan duzu posizionamendua Herriko Etxean?

Bada urte bat eta erdi Aurore Martinen ahizpa udaletxera heldu zela: sostengatuko nuela erran nion. Aurore sortzez mauletarra duzu, baina Mauleko auzapezak duen pisua ez da hain handia. Izenpetu dut euroaginduaren aurka, jendeak entzun nau. Mauleko auzapeza naiz, baina ez naiz mintzatu ene taldearen izenean. Hasteko arazoaz mintzatu dugu. Arazoa lehenik ulertu behar baita, jendeak ez ditu gako guztiak berehala bere egiten. Kasua justiziatik pasatzen baita, lege bat da, batzuk legalistak dira. Eztabaida sortu da, erran genezake gure taldearen heren bat alde atera dela, beste batek ez daki, eta beste bat ez dago alde. Hemengo demokrazia hola da.

Aurore Martin EHBaiko hautagi izateak zerbait berezirik ekarri al du?

Ez du eztabaidarik sortu, ez dut uste... Atharratzen izan da, ondoko kantonamenduan. Ezohikoa izan da, exotikoa, azpimarragarria... Baina, horrek ez du bozik ematen ez kentzen.

PSko Georges Labazée da departamenduko presidente berria. Eskuinetik ezkerrera aldatu da Kontseilu Nagusia. Aro berri bat heldu dela aipatu da, aldaketa historikoa... Zerbait aldatuko al du horrek?

Eskuin eta esker beti izanen da Zuberoan. Ez dakit aldaketarik izanen den... ikusiko. Guk gauza berriak proposatzen baditugu, dinamikoak, enbeia baldin badugu, bai. Finantziazioa etorriko da guk proiektuak proposatzen baditugu. Baina ez da pentsatu behar Pauek hala Baionak lagunduko gaituztenik, guk egin behar dugu gure eredua landu eta elikatu. Kanpotik ez da laguntza etorriko berez.

Zerk alda dezake Zuberoaren geroa, edo ziurtatu bederen?

Nik gure nortasuna aipatzen dut. Hori da lehen-lehenik landu behar dugun parametroa. Zuberoko jendea ez da ohartzen, baina frantximenten presioa hor da, telebista bidez, emek-emeki, frantsesten ari da probintzia tipi hau. Adibidez, Paue aipatzen da, baina guk hurbilago dugu Oloron [Oloroe]. Administratiboki Zuberoa Oloroni lotu da. Garapen Kontseiluarekin lan bat abiatu dugu aspaldi, Baionan. Zerbitzu publikoei buruzko lana da: azpiegiturak, hizkuntza, urak... Lurren espekulazioaren aurka joateko egitura bat sortu dugu Ipar Euskal Herrian, oraingo karta administratiboa hautsiz, Zuberoa Euskal Herrian kokatu nahi duena administratiboki. Zuberoa ari da indartzen. Adibidez, gu osasungintzan Paueri lotuak gara, lan bat egiten dugu jendeak nortasuna atxiki dezan, jakinik euskalduna dela. Aldi berean, osasunaren arloa ekonomikoki dirua eta bizibide bat baita. Zuberoa berrantolatzeko eztabaida badago. Parisek Herrien Elkargoak sustatu nahi ditu. Gu Baxenabarreko elkargoarekin lotu gintezke, ni Mauleko auzapeza naiz eta Herrien Elkargoan lehendakari orde. Agian egunen batez Olorongo suprefektura zapartatuko da. Pentsatzen dut ene bizitzan ikusiko dudala –eta ez 30 urte buruan– Zuberoa legalki Euskal Herriari lotua, baita administratiboki ere.

Kantonamenduak desagertu eta Herrien Kontseilua delako egitura berria sortu liteke beraz.

Zuberoan bi kantonamendu dira, Atharratze eta Maule. Egitura aldatzen bada bakarra izanen da, bietatik bat sortuko da. Zuberoa bere osotasunean egonen litzateke. Herri Elkargoa –13.000 bizizale– hein onekoa izan liteke, baita Donapaleuri lotua izan ere, guk gogor atxikiko dugu horrela izan dadin.

Frantziako egituraketa politiko administratiboa alda liteke geroan...

Frantziak krisia bizi du. Espainiak bizi duen krisia etorriko zaio beharbada. Uste dut, arrazionalizatu behar dela, eta azkenik, Zuberoak nahi badu administratiboki beste euskal lurraldeei lotu, utziko diotela.

Nola igurikatzen dituzu heldu den urteko presidentziarako bozak?

Presidentzialak hauteskunde oso politikoak dira, jendeak politikoki bozkatzen du, alderdi bat bozkatzen da. Baina hori Frantzian, Espainian edo Portugalen ere gertatzen da. Barne politikak eragiten du, baina kanpotik presio gaitza da, dirugintza aldetik hasteko. Orduan, boterean izan nahi duenak sosa behar du. Politikan, ene ustez, kudeaketa behar da eta demagogia utzi.

Sarkozyren alternatiba ikusten duzu ezkerretik?

Bai, eman daiteke. Izan ere, presidentea bozen ehuneko 48 eta 52 artean erabakitzen da. Aldea ez da handia, eta Espainiako edo AEBetako politikan, adibidez, berdin.

François Bayrou hautagai ikusten duzu, zentro aldetik?

Aurkeztuko da naski, baina ez du talderik boterea kudeatzeko.

FNko Marine Le Pen? ...

Le Penek egin dezake goiti. Noraino? Ekonomia areago gaiztotzen bada... hori da arazoa, funtsean hori da arazoa, eta kasu.

(...)

Guk beste problemak ditugu, ez ditugu politikaren giderrak eskura, ez guztiak, behintzat. Zorrik ez badugu zerbait gehiago egin dezakegu, baina zorrak egiten baditugu, bankuarekin bizitu behar dugu, eta tinkatzen bagaitu beste batengana joan, eta hala ere berdin. n

“Zuberoa biziko da Maule mugitzen bada”

“2002tik 2008ra legealdian ikusi genuen zer egin behar zen udalean. Mauleko Herriko Etxea berrantolatu dugu. Buru berri bat ezarri dugu eta 40 bat langile ditugu orain. Guk ez dugu hamar biderik, bat baizik: Zuberoa bultzatu behar dugu, Maule da udal handiena. Zuberoko jendetzaren laurdena hiriburuan dago. 13.000 biztanletatik 3.500 biztanle hemen bizi dira. Maulek badu bere indarra. Zuberoa biziko da Maule mugitzen bada.

Mauleko elkarteek atzerapena ukan zuten, diru laguntza berant hartu dute, azpiegituretan bereziki. Lehen hiru urteetan egin dugu lan azpimarragarriena: kirol zelaiak antolatu ditugu. Kirol arloa azkarra da Maulen. Igerilekua, errugbi eta futbol zelaiak, tenisa, eta petanka gunea berritu ditugu. Kudeaketa normala izan da, baina berantarekin heldu da. Duela 40 urteko instalazioak ziren. Errugbiaren kasuan, Maule maila onean ari baita.

Bertze ekimen handi bi izan da: Aguerria fraide etxea erosi du Herriko Etxeak, handia da. 6.000 metro koadroko solairukoa, 100 bat hektarea lur dituena inguruan. Fraide etxea Herriko Etxetik 500 metrotara dago eta guk erosi ezean salduko zen. Ez genuen aukera galdu nahi. Herriak ez zuen dirurik, baina elkarte bat sortu dugu, ekonomia mistokoa, erran nahi du Mauleko herriak duela gehiengoa, baina zuberotarrak berak ere sartu direla kapitalean, 200 bat zuberotar. Herrikoa elkarte ekonomikoaren moduko kudeaketa hemen konkretatua da, nolabait.

Beste arlo bat da espartingintza. Eremu hori berrabiarazi nahi dugu, eta untsa biziarazi ere. Espartingintzaren beherakadak biziki sufriarazi du Maule azken 30 urteetan. Maleruski, lantegi heste eta beste izan da, baina berriz ere espartinaren urguilua berpizten ari da, berriz ere gure historia izan dena berbideratu nahi dugu. Nafarroako Erronkari eta Aragoi gure historian daude, gure nortasunari lotua. Segitzen ahal dugula sentitzen dugu. Euskalduntasunaren bidean, espartinaren eremu ekonomiko hori bizirik dago oraindik ere”.

Iparralde eta Hegoalde hizpide

Zuberoa eta Iparralde hizpide hartuta, zure hitzak dira hauek: “Lotura egiteko mundu zabalarekin lehenik jakin behar dugu nor garen gu, eta Iparraldean ez dut uste dakigun”.

Eman dezagun, Iparraldeak ez du bizi Hegoaldeak bizi duen egoera, egoera turistikoa, Donostiak bai, baina hemen ezin dugu Hegoaldean bezala turismoa kontrolatu. Jendea heldu da, etxeen prezioak goiti doaz. Hautetsiek erranen dute hori edo beste, baina jendea heldu da legalki, jendeak baimenak eskuratzen ditu. Jende hori alde edo aurka bozkatu arte denbora pasako da, batzuek jubilatuak dira bestetzuk gazteak, ez dute hemengo bizitzan parte hartzen. Ni joaten banaiz herri auzo batera ez dut parte politiko zuzena hartuko berehala, funtsean bakea nahi dute. Jende horrek dirua eta botera daukate eta gu txipiak gara. Kostaldeak badu barnealdearen beharra, bere itxuran, euskalduntasunean bizi nahia, jende batzuk ere heldu baitira nortasunaren xerka. Barnealdekoek badakigu zer garen, zer nortasuna dugun? Garapen Kontseiluan egiten ari da horri buruzko lana. Atharratzeko kantonamendua zer da kostaldean, adibidez?

Iparralde eta Hegoalde hizpide: Badago dioena Euskal Herria eraikiko bada, ekonomiaren bidetik eginen dela, kulturaren bidetik baino? Akort?

Zuberoa bizi da Hegoalderik gabe hasteko. Kultur arloan laguntza batzuk heldu dira Hegoaldetik, Euskaltzaindia ere hor dago, Madrilek laguntzen du, funtsean Erreta Akademia baita. Egitura oso gutxi dira Hegoalde eta Iparralde estaltzen dituenak. 1993an nire lantegiaren gerentea nintzen, lanak eraginen zuela helburuz. Jendeari lana ematen bazaio herriari lana eta lantegiak ekartzen zaizkio, gizarteak hori ikusten du. Finean ni ez naiz PCko edo PSekoa, alta, Mauleko bi herenek alde horretara bozkatzen du. Euskal Herria egiteko euskal lantegi asko badago, herriko edo tokiko akzionistekin, horrek eraginen du.

Gaindegiak ekonomiari buruzko mahai ingurua antolatu zuen iaz. ARGIAk “Muga bat... bi errealitate?” adierazi zuen erreportajean.
Zuk erran zenuen Eduardo Zubiaurrek (Adegiko presidentea) ez zuela Iparraldeko sare ekonomikoa ezagutzen...

Bai, hori erran nion, eta horrela ezin zela lan egin. Gure errealitateak ezagutzeko helburuz Donostiako eta Baionako Merkataritza ganberek lan bat egin behar dute elkarrekin. Elkarren arteko egitasmoa lantzen ari dira Hegoaldeko eta Iparraldeko lantegien arteko ezagutza egiteko. Bada beste ekimen bat ere: Zazpiak eraiki. Maulen Hegoaldeko eta Iparraldeko lantegien arteko harremana lantzeko bilera bat izan da. Lehenbizi elkar ezagutu behar dugu, ikusi, nor garen, zer egiten dugun. Badira nortasuna pusatzen duten aldeak, baina behar da gauzatu, gauzak bideratu... Bada muga bat.

“Herri baten egiteko Gaindegia beharrezkoa da”

Gaindegiaz zer bilana egiten duzu?

Aurreko bozen ondorioz, Gaindegiak ezin izan du hemen dirua jaso botere publikoen aldetik. Bi hilabete azken hauetan agian hatsa hartu dute berriz, ez dakit. Gaindegia behar-beharrezkoa da, baina lehen-lehenik ezagutu behar dugu elkar. Ezin da lehenik ideologiaren esparruan lan egin, ez badugu elkar ezagutzen. Gestioaren esparrua ezagutzera heldu behar dugu. Jendearen eta lantegien datuak, ikerketak egin. Han badira hamar hemen bederatzi, han badira zazpi, hemen... Han hau egiten da, hemen beste hau, elkar ezagutu behar dugu. Ezagutzeak ekartzen du giltza nolabait. Gaindegiak sator lana egin behar du, datuak emeki-emeki bilduz. Datuak higitzen dira, eta berriz neurtu eta ekarri behar dira, bost urtetan behin. Eta horretarako jendea behar da, herri baten egiteko Gaindegi beharrezkoa da.

Udalbiltza ekimena zapuztu zen iraganean. Egun hartuko zenuke Udalbiltzaren egitura?

Zein Udalbiltza? (Irriak)

Bon, hastapenean bakarra zen.

Mauleko auzapeza naiz, zendako ez? Halere, Udalbiltzak milioi bat libera bildu zuen eta ekarri zuen, eta udalak “zuberotarrek ez dute deus eskatu. Nondik heldu da diru hori? Zeren egiteko?” galdetu zuen. Beraz, lehenik politikoki elkar ezagutu behar dugu.
Berriki, Amurriotik lantegi bat Donapaleura etorri da, gauza ona. Frantziako trenbideetan sartzeko eta inbertsioa egiteko hemen zabaldu behar zuen lantegia, Parisen egiteko partez Donapaleun egin dute, eta hobe, Euskal Herria egiteko. Frantziako administrazioak gogor fama du, korapilatsua da. Baina hor bada bide bat egiteko. Gehiago pentsatzen dut bide horretan, herriek bat egin dezaten, zendako ez? Zeren egiteko da kontua. Autobusa bat bete mauletar eta Amurriora joan, zergatik ez? Asteburu on bat pasatzeko, ongi. Haiek ere hona heldu berriz, ongi. Baina gero? Maule uztartua da Tuterarekin. Erdaraz mintzo gara. Tuterako eta Sohütako ikastolen arteko harremana izan da, amini bat euskaraz, baina gainetako guztiak gaztelaniaz. Jaia egiteko untsa, baina...


Azkenak
2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


Eguneraketa berriak daude