Fermin Erbitik (Iruñea, 1964) X. Juan Zelaia Saria irabazi zuen iaz Hiru koaderno txiki saioarekin (Kepa Larrearen Itzalak harturik lanarekin ex aequo). Kazetaritzako hainbat esparru –prentsa, irrati eta telebista– landu ditu. 1993tik Nafarroako Comptos Ganberako komunikazio arduraduna da.
“Ustekabean harrapatu ninduen Juan Zelaia Sariak. Azken bi urteetan testuak egiten aritu nintzen, lasai, helbururik gabe... Zelaia sariaren deia ikusi nuen prentsan, eta testu horietatik gehienak pixka bat txukundu, antolatu, moldatu eta aurkeztea erabaki nuen. Nahiz saririk ez eman, ezagutuko dira eta agian argitaratuko dute pentsatu nuen” erran digu Fermin Erbitik solasaren abiaburuan.
Zeren ondorioz erditu duzu Hiru koaderno txiki saioa?
Testuen abiapuntuak liburuetan aurkitu ditut, baina ez denak. Badaude pelikulak ere, eta kantak edo norbaiti entzundako esaldi baten segidako gogoetak. Gehienak liburuetatik ateratako esaldiak dira. Hortik tiraka hasi naiz, nire gogoetatxoa eskaini asmoz, azken punturik jarri gabe betiere, baina nire ekarpena egiteko asmotan. Liburu gehienak liburutegietan hartu nituen. Horietan ordea ezin nituen azpimarrak egin edo oharrak idatzi, itzuli behar bainituen. Liburuan oharrak hartu zalea naiz. Orduan, oharrak hartzeko hiru koaderno txiki inguratu nituen. Hiruak betetzean “agian fundamentuzko zerbait atera daiteke horietatik, hasi lanean” esan nion nire buruari.
Liburutegietara joateko joera duzu, jendeak ere ba al dauka ohiturarik zure inguruan?
Liburutegi nagusia hementxe zegoen, Comptos etxearen ondoan; San Frantzisko plazan. Niretzat primeran. Iruñeko Mendebaldera eraman dute orain gutxi, beste puntara... Nik liburutegia betidanik erabili izan dut, asko. Esango nuke jendeak erabiltzen duela, eta gauza txukunak daudela, beste gauza bat da nola zaintzen dituzten liburutegiak. Nik liburuzain on batzuk ezagutzen ditut, besterik da politikariek ere zenbateraino hartzen duten kontuan liburutegia. Azken finean, inbertsio horrek ez du boto askorik ematen, ezta?
“Txunditzen gaituzten ideiez beterik daude liburuak” esana duzu inoiz.
Liburuak aukera ematen dizu jende interesgarri asko ezagutzeko. Esaterako, Primo Leviren liburuak irakurri eta gero zera pentsatu nuen: Iruñean –eta Nafarroan oro har– haren moduko idazleak izanen ditugu, ez beharbada haren kalitatearen mailakoak –naziei buruzko istorioen mailakoak–, baina 1936ko gerran Nafarroan zer gertatu eta idatzi zen interesgarria da oso. Irabazleen eta galtzaileen kontuak... Gerran batzuk liburu zaleak ziren, irabazleen artean ere bai. Falangista batzuk kultura maila altukoak ziren, eta badaude haien lekukotasun interesgarriak. Kontrakora joan gaitezke, eta galtzaileek zer esan zuten ezagutu.
Badago zer arakatua, alegia.
Bai. Batzuek gauza batzuk ahaztu nahi dituzte egun... Esaterako hor daude Rodeznoko Kondea edota Galo Viergeren [Los culpables; Pamiela] bizitzak, zinez interesgarriak dira. Viergek kontatutako honek hunkitu ninduen: Aste Santuko ostiralean prozesioa gelditzen da San Anton karrikan; birjina bertan zegoen, La dolorosa. Gelditzen da, eta emakume erdi erotu batek beste bati esaten dio “zuk negar egiten duzu seme bat hil dizutelako, bada niri bost seme hil dizkidate”. Jendea belauniko zegoen. Izugarria. Alegia, sufrimendua izan zela esan digute, baina alde bakoitzak nola kontatu duen, edo irabazleek nola islatu duten. Ze, gauza bera zen, baina bakoitzak bere modura kontatzen du. Hori ezagutzea oso inportantea da. Garcia Serranoren kasua ere hor dago: iruindarra, bere semeak liburu interesgarria egin zuen, sari bat eman zioten La gran esperanza liburuarengatik. Primo Leviren liburuaren peskizan ezagutu nituen idazle hauek. Alegia, Primo Leviren antzekoak toki guztietan daude.
Prentsarekin kritikoa zara. Espainian kazetari oro-jakile asko al dago?
Kapuscinskiren pasartea aipatzen dut horren harian: “Kazetari onak pertsona umilak dira, bestea errespetatu eta jarrera hori erakusten dutenak...”. Alegia, irratia edo telebista piztu eta –prentsan ere– enpatia galduta dago, eta batez ere espainiar komunikabideetan. Ni harrituta nago. Fakultatean garai batean esaten ziguten “Espainian ez dago prentsa horirik, egunkari guztiak kalitatezkoak dira. Britainia Handian adibidez egunkari batzuk ez dira serioak...”. Baina, hemen ona omen den horren barruan, zer ez ote dago, ezta? Hedabideetako tonua batez ere mezua da askotan.
“Monterrosok ez du idazten, zuzentzen du”. Oscar Wildek koma kendu du goizean testutik eta arratsaldean ipini berriz. Zein da zure esperientzia idaztean?
(Irri egin du) Bada, testua behin eta berriro hartzea eta ekitea. Niri asko gertatzen zait hori. Prentsan ari nintzenean, egunkarian komekin eta besteekin denbora piloa ematen nuen. Biharamunean testua berrirakurri eta “zergatik kendu nuen koma hori?” pentsatzen nuen. Hamaika buelta emanda ere, hau kendu eta hori aldatuta ere, hala gertatzen da. Idazte prozesua ez da inoiz amaitzen, inprimitutakoan beti aurkitzen duzu akatsen bat edo beste.
Aldartearen arabera ere ezberdin idazten da...
Idaztea bera da borroka. Batzuetan uste duzu gauza biribila idatzi duzula, baina beti aurkituko diozu zerbait, beti. Horregatik Monterrosorena asko gustatu zitzaidan, baita Wilderena ere.
Ironia puntua ere badauka zure saio honek.
Ironia oso garrantzitsua da bizitzan eta literaturan ere bai, noski. Borgesek zioenez, garrantzitsua da bizitza ironiaz hartzea edo egoeretatik aldentzea, zure burutik aldentzea. Alegia, nik alde egin behar dut Ferminengandik, Fermin hori ikusteko. Hori egitea inportantea da, gauzak edota gertaerak ez direla guk uste dugun bezain larriak erakusten dizulako, ez direla horrenbesterako.
Pablo Antoñana izan duzu gogoan, besteak beste. Gehiago merezi izan zuen...
Pablo Antoñanaz zer esan. Nafarroan izan den idazle handienetakoa da, ongi frogatu du hori. Antoñanak oso ondo ezagutzen zuen Nafarroa, asko sufritu zuen. Bakarka ibiliz gero zein gogorra den bidea, ezta? Miguel Sanchez-Ostizek karrikaratutako azken liburuan –Nafarroaren egoeraz– hori esaten du. Hau da Iruñean denok elkar ezagutzen dugu baina ez dugu elkar maite, ez dago gehienok batuko gaituen zerbait. Antoñanak intolerantziaz asko idatzi zuen. Badakizu koadrilaren babespean zein goxo bizi garen, eta Antoñana ez zen horrelakoa, oso kritikoa zen, eta literatur maila handikoa, eta hemen ez zitzaion merezi zuen kasu egin. Beno, Vianako Printzea Saria eman zion Nafarroako Gobernuak. Harrigarria, bere ibilbidea ezagututa.
“Elkarrizketatu eta elkarrizketagilearen adimen mailaz” idatzi duzu Hiru koarderno txikin, Salvador Panikerren Cuaderno Amarillo hizpide kasurako...
Oso interesgarria da besteek nola ikusten gaituzten ezagutzea. Duela gutxi bidali didate kritika bat, filosofo batek egina, nik ezagutu ez nituen gauzak ikusi zituen berak nire testuetan.
Bere liburua ezagutzen ez zuen euskal idazlearen pasadizoa ere ekarri duzu. Gure munduko marka mundiala.
Bai. Institutuko irakasleak ikasleei euskal idazle baten liburuaz pare bat folio idazteko eskatu zien. Mutiko batek –hamazazpi urtekoa– idazlea auzokoa zuenez, etxera joan zitzaion bisitan. Liburuaren gakoak egilearen eskutik idatzi eta lana irakasleari aurkeztu zion. Irakasleak esaten dio ikasleari: “Bost jarri dizut, eta oso eskuzabala izan naiz, ez dituzulako liburuaren gako nagusiak ulertu”.
Kazetaria zara ofizioz, komunikazioaren arloan diharduzu egun. Irratian aritu zinen iraganean...
Aurren-aurreneko saioa Radio Nacionalen egin nuen (irribarre egin du). Bi orduko saioa egiten genuen egunero euskaraz. Harrigarria zen orduan, baita gaurtik begiratuta ere. Halere, Navarra Hoy egunkarian hasi nintzen kazetaritzan. Gustura aritu nintzen, eta ondoren Telenavarran ere bai. Ni naiz, Iruñean, Espainiako TVEn saio bat euskaraz egin duen bakarra teknikari guztiak erdaldunak izanda (irri egin du). Bestalde, geroago, Euskadi Irratian hiru astetan behin Sormenari lehio literatur-saioa egin genuen Jon Alonso eta biok. Euskalerria Irratian jardun dut eta Euskadi Irratian kolaboratzen segitzen dut. Irratia gustuko hedabidea daukat, bai.
Nola ikusten duzu komunikazioaren esparrua. Zerk libra gaitzake (in)komunikaziotik?
Luze litzateke taxuz horretaz aritzea. Nire ustez azkeneko urteotan teknologiaren aldeko apustua egin da, eta ondo dago, denok dakigu hori garrantzitsua dela. Pentsa, gu idazmakina eskuetan hartuta joaten ginen fakultatera, baita Navarra Hoy egunkarira ere. 1986az ari naiz, ez da aspaldiko kontua ere. Hau da, komunikazioaren esparrua asko aldatu da urte gutxitan. Azken urteetako iraultza teknologikoari esker kazetaritza ona egiteko aukerak ditugu, beste kontu bat da, edukiak nola lantzen diren. Edukiak, neurri batean, alboan utzi dira. Eta halaber, penagarria da kazetarien lan egoera, lotsagarria. Bestalde, prentsaurrekoetan maila handiko kazetaririk ez da ikusten, eta hori tristea da. Gure kazetariaren isla da hori, kazetaritza egiteko esperientzia pixka bat duen jendea behar baita, eta oroimena ere bai.
1990 aldean, Espainiako Radio Nacional irratian aritu zen Erbiti: "Zuzendaria oso berezia zen. Irratira iritsi eta lehendabiziko hitzak hauek izan ziren: 'Lasai egon, ez prestatu deus...'", dio kazetari iruindarrak. "Nik bi orduko programa egin behar nuen, autonomoa nintzen, freelance. Telenavarra telebista etxe berean zegoen. Navarra Hoy utzi nuen eta bi orduko saioa egiten nuen Telenavarran, euskarazko laburpena, eta astean behin bestelako gauza batzuk TVEn". Garai horretan PSN Nafarroako Gobernuan zegoen; ondoren Juan Cruz Alli heldu zen gobernura, 1991n. "Alli heldu zen eskuina elkartzeko, eta UPN horri esker heldu zen Diputazioko Gobernura", azaldu digu. "Gabriel Urrabulburu, aurreko presidentea joana zen, handik hiru urtera espetxeratu zuten. Allik UPN utzi zuen, gero CDN sortzeko, berriki desagertu den alderdia... Tira, aspaldiko kontuak dira..."
Segi kontatzen...
Testuinguru hartan gu ere “erabili gintuzten” nolabait, Euskalerria Irratiari lizentzia ez emateko. Oso joko zikina egin zuten sozialistek.
Orduko garaia harrigarria izan zen. Garai berezia izan zen, baita gaurtik begiraturik ere, Josetxo Azkonak Radio Popularren jardun zuen, Mikel Bujandak [Euskalerria Irratiko zuzendaria] Ser irratian. Haiek garaiak ezta? Ni Navarra Hoy egunkarian hasi nintzen, gustura aritu nintzen, eta telebistan ere bai, ni naiz Iruñean Espainiako Telebistan euskarazko saio bat egin duen bakarra, teknikari guztiak erdaldunak izanda.
Tira, irratia gustuko hedabidea nuen, eta gaur egun ere bai. Euskalerria Irratian segitzen dut kolaborazioak egiten, han ditudan adiskideei esker.
Kontatu pixka bat gehiago Radio Nacionaleko esperientziaz.
Kontuan hartu behar da Radio Nacional irratiak bazuela indar handia, toki guztietan entzuten zelako, izan ere, euren errepikagailuak mendi guztietan zeuden, zabalkunde aldetik ona zen. Hau da, bi orduko euskarazko saio bat egiten zenuen eta leku guztietara heltzen zela zenekien.
Horretan ari ginela Diputazioan hizkuntza politika zuzendaritza nagusia sortu zuten EAk eta PSNk, biek ala biek, Gobernu berria sortu zutenean. Tira, ez zuten gobernua osatu 1995era arte, baina aurretik babesa ematen zioten euskaraz ari zirenei. Behartuak edo, sozialistek hizkuntza politikarako zuzendaritza sortzea hitzartu zuten.
Orduan, besteak beste, akordio hau egin zuten: “Euskara sustatu nahi duten hedabideei diru laguntza emango zaie”. Horri esker hasi nintzen ni Radio Nacionalen. PSNk ikusi zuen Euskalerria Irratia kanpoan utzi zutela; lotsagarria izan zen sozialistek horrela jardutea (Ondoren ere gauza bera egin izan dute). Presidentzia kontseilaria Aladino Colin (PSN) zen, eta zera esan zuen: “Hau gertatu da, baina lasai, zeren eta guk badugu Radio Nacionalekin hitzartuta euskarazko programazioa, 12-15 ordukoa”.
Nik banekien gezurra zela, ni nintzelako kazetari euskaldun bakarra, eta bi ordu ziren egunean. Beraz, joko zikina begi-bistakoa zen, horretaz baliatu ziren. Hau da, “Euskalerria irratia ez baina hemendik egingo dugu euskarazko irrati publiko bat...” zabaldu zuten. Aspaldiko kontuak dira [disgustuz, esan digu hori Erbitik].
Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]
Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]
Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]
Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.
Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]
Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.
EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".
Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.
----------------------------------------------------
Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]