Carmen Rodriguez Suso koordinatzaile nagusiaren dimisioak amaiera eman diezaioke Musikenek azken bi urteetan bizi izandako egoera aztoratuari. Goi mailako musika eskolaren kudeaketarako eratutako bi batzordeek izango dute orain Musikenera normaltasuna eramateko ardura, eta batez ere, musika hezkuntzari kalitatea itzultzeko erronka.
Uztaileko lehenbiziko astean bukatuko da ofizialki ikasturtea Musikenen, baina ez edonola. Badira egunak ikasleak klasera ez doazela, zentroaren kudeaketa salatzeko greban. Carmen Rodriguez Susok gidatutako zuzendaritza taldearen jarreraren kontra azken bi urteetan piztutako mobilizazio eta protestetan azkena izan da iragan maiatzaren 19an hasitako greba. Helburua argia zen, Musikene normaltasun egoerara itzultzea, eta horretarako, ezinbestean, Rodriguez Susok kargua uztea. Iragan ekainaren 15ean eman zuen dimisioa koordinatzaile nagusiak. Hori izan zen “konponbiderako lehenbiziko pausoa”, Musika Hizkuntza eta Hezkuntzaren Pedagogiako ikasle den Beñat Rallaren ustez.
2009ko urrian izendatu zuten Rodriguez Suso Musikeneko koordinatzaile nagusi, eskolako patronatuko presidenteak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Celaak, hala proposatuta. Kargura iritsi eta hilabetera egindako adierazpenetan, “metro koadroko horrenbeste irakasle eta kudeatzaile on izatea Musikeneren harrotasunerako arrazoi nagusietako bat” zela nabarmendu zuen Rodriguez Susok.
Hitzok, ordea, ez zetozen bat errealitatearekin. Izendatu eta gutxira Musikeneko araudi organikoa bertan behera utzi eta zentroko zuzendari artistikoa eta zuzendari kudeatzailea kaleratu zituen Rodriguez Susok, haientzako ordezkorik aurreikusi gabe. Orduan jakin zen eskolako hainbat karguk eta sailburuk dimisioa eman zutela ere, politika berriarekin haserre. Politika horrek Musikenerako aldaketa sakonak aurreikusten zituen, Susoren aurretik egondako zuzendaritza taldeak musika eskola egoera “jasanezinera” eraman zuela argudiatuz eta murrizketa ekonomikoak ezinbestekoak zirela azpimarratuz. Zentzu horretan, eta eman berriak ziren kaleratzeak zirela eta, “egoerak larritasunez hartu beharreko zenbait neurri exijitzen” zituela adierazi zuen Pedro Luis Ariasek, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerkuntzako sailburuordeak.
Irakasleen, eta batez ere, ikasleriaren artean sortzen hasiak ziren ahots kritikoak areagotu besterik ez zituzten egin zuzendaritzaren neurri berriek. 2010eko otsailean, Musikeneko Ikasleriaren Eskubide eta Betebeharren Araudia sinarazi zitzaien zentroko ikasleei. Bost orritako agirian puntu batek erakarri zuen arreta, eta protestak eragin. Araudiaren arabera, zuzendaritzak hutsegite oso larritzat jotzen zuen, eta hortaz, ikaslearen kaleratzea eragin zezaketen “kanpora begira Musikeneren izen ona eta irudia kaltetzen duten jarrerek”. Neurri horrekin, jada errezeloa sortzen hasia zen politikaren kontrako ahots kritikoak estaltzen zituen praktikan Rodriguez Susoren taldeak. Hain zuzen ere, garai hartan kaleratu zuten Musikeneko hainbat ikasle eta irakaslek Musikene salba dezagun manifestua, kudeaketa berriak urte luzeetan “eraikitako eredua” arriskuan jartzen zuela salatuz (egun musikarekin lotutako 2.700 pertsonen atxikimendua dauka testuak).
Juan Carlos Perez zuzendari artistiko berriaren izendatzeak ere eragin zituen ika-mikak, 2010eko apirilean. Itoiz taldeko kide eta konpositorearen ibilbide artistikoa zalantzan jarri gabe, musika titulaziorik eta kudeaketa akademikoan eskarmenturik gabeko pertsona zela salatu zuten ikasleek. Aukeraketarako irizpideak goi mailako eskolako zuzendari akademiko bati dagozkionak ez zirela kritikatu zuten. Irakasleek ere “harridura” azalerazi zioten zuzendaritzari, eta hautaketa “desegokia” iruditzen zitzaiela jakinarazi. Perezek, kritiketatik ihesi, Musikeneko patronatuaren erabakian babestu zuen bere burua, ETBri eskainitako elkarrizketan: “Nik nire curriculuma aurkeztu nuen, eta patronatuak egokitzat eman zuen”.
Hezkuntzaren kalitatea gainbeheran
Izendatu eta gutxira eskainitako elkarrizketa horretan, Musikenerako planteatzen ziren murrizketek izan zitzaketen ondorioak erlatibizatu zituen Juan Carlos Perezek: “Ez dut uste murrizketek eraginik izango dutenik hezkuntzaren kalitatean; zenbaki berrietara egokitzea izango da soilik”.
Krisi ekonomikoari aurre egiteko asmoa zuten neurri berri horiek 27 irakasle kaleratzea eragin zuten, 2010eko abuztuan. 2010-2011 ikasturterako ikasle berrientzako plazak ere 114tik 50era murriztu nahi izan zituen zuzendaritzak, eta aldi berean, ikasleen espezializazioak 34tik 20ra mugatu. Irakasle eta ikasleen partetik sortutako mobilizazioek eta presioek atzera bota zuten zuzendaritzaren asmoa, eta azkenean 75 plaza eskaini ziren, aurreko ikasturtean baino nabarmen gutxiago, halere. Masterclass gisa ezagututako klase berezi bat bera ere ez da burutu azkeneko urtean, eta ikasleek egin ditzaketen hautazko irakasgaiak ere izugarri murriztu dira. Ikasle bakoitzaren musika tresnan trebatzeko praktika klaseak –orain arte pertsonalizatuak– kolektibizatzeko proposamena ere egin zuen zuzendaritzak.
Juan Carlos Perezek esandakoaren kontra, Musikeneko ikasle eta irakasleek behin eta berriz salatu zuten zuzendaritzaren neurri berriek hezkuntzaren kalitatearen kalterako zirela. Ikasleen musika formaziorako indibidualtasuna –musika tresnen trebatze praktikoan batik bat– eta espezializazioetako aukera zabala ezinbestekoa zela nabarmendu zuten. Salatu zutenez, ospe handiko irakasleak kaleratuz, Musikenera irakasle horiekin ikastearren matrikulatuko liratekeen ikasle asko, ez ziren matrikulatuko. Enmanuel Ferrer-Laloe zentroko piano irakaslearen hitzetan, Musikene “musikaren fakultate teorikoa” bilakatzen hasia zen. Ikasleek, bestetik, “hezkuntza zentro batean enpresetako koste terminoak ezin” direla erabili salatu zuten, “musika formazioa ez delako torlojuak egiteko enpresa”.
Musikenek urteetan lortutako “bikaintasuna”, Europan –are gehiago estatuan– erreferente bat izatera eraman zuena, arriskuan ikusi zuten ikasle eta irakasleek, zuzendaritzak hartutako neurrien ondorioz. Uste zuten posible zela egindako murrizketa “zorrotzak” gabe ere kalitate minimo bat bermatzea. Egoera ekonomikoari aurre egitea baino neurriek bestelako helburuak zituztela pentsatzen zuten ahotsak agertu ziren. Beñat Ralla ikaslearena da horietako bat, iritzi pertsonala dela nabarmendu nahi badu ere: “Nik askotan izan dudan susmoa da ez dutela Euskal Herrirako horrelako zentrorik nahi. Espainian ez badago, hemen ezta ere; ez dadila nabarmendu Euskal Herria zentzu horretan ere”. Rodriguez Suso koordinatzaile nagusiak esandakoak ez doaz ideia horretatik sobera urrun: “Musikene ez dadila parakaidista izan, ez dadila bikaintasunaren irla izan kaskarkeriaren ozeano erdian”.
Esperantzarako tartea
Hilabeteek aurrera egin ahala, eta bestelako neurri eta susmo polemikoak medio –batik bat, Rodriguez Suso Pier Caorekin Parisen batzartu izanaren salaketa, hau ofizialki Orkestra Ikasketetako zuzendari izendatu aurretik– zuzendaritza berriaren kudeaketaren kontrako kritikak ugaritu zituen. Aurtengo maiatzaren lehenbiziko egunetan, Musikeneko zuzendaritza taldeko hiru kidek eta eskolako hamar sailburuek dimisioa aurkeztu zuten. Dimisioa eman zutenek zuzendaritzaren gardentasun falta eta Rodriguez Susoren irakasleekiko konfiantza eskasa salatu zuten. Era berean, azken hilabeteetako irakasle eta karguen hautaketa prozesuan erabilitako irizpideengatiko zalantzak agertu eta hezkuntzaren kalitatea murrizten zuen “prekarietatearekin” bukatzeko baliabideak exijitu zituzten. Egoerari ezin eutsita Juan Carlos Perezek berak dimisioa aurkeztu zuen maiatzaren 18an, karguan urtebete eskas eman ondoren.
Ikasleek, egoerari konponbidea emateko Rodriguez Suso koordinatzaile nagusiaren dimisioa ere ezinbestekoa zela iritzita, ordura arteko protestak areagotu eta greba deitu zuten maiatzaren 19an, ikasleen %68,75ek hala sinatuta. Donostiako Bulebarrean kontzertuak emanez gerturatu zioten gizarteari aldarrikapena.
Azkenean, ekainaren 15ean, Rodriguez Susok Musikeneko patronatuaren esku utzi zuen bere kargua, eta honek dimisioa onartu hurrengo egunean. Horrela, hainbat egun lehenago Hezkuntza saileko arduradunek eta Musikeneko enpresa komiteak adostutako neurriari bidea ireki zion. Horren arabera, bi batzorde eratuko dira, kudeaketarako bata –hiru kiderekin, Patricio Goyalde buru izango duena– eta batzorde mistoa bestea, hezkuntza komunitateko sektore guztien ordezkaritza izango duena. Horiek izango dira, hemendik aurrera, Musikenera normaltasuna eramateko ardura izango dutenak, eta musika hezkuntzari kalitatea bueltatzeko erronka hartuko dutenak, kaltetutako “bikaintasuna” konpondu nahian. Ikasleak ere agertu dira neurriaren alde, eta esperantzaz bizi dute egoera, Rallaren iritziz “Patri Goyalde konfiantza ematen digun pertsona” baita.
Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.
52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]
AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".
Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.