argia.eus
INPRIMATU
Beti UPNetan
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2011ko uztailaren 08a

UPN berriz ere. PSN ohekide, gainera. Gurpil zaharrak jiraka segituko du lau urte gehiago. Gogo txarra ematen du pentsatze hutsak. Gaitz erdi litzateke horien ondoan argia ikusteko perspektibarik batere bagenu.

Nafar abertzale gehienek mende laurdena egin zuten balizko negoziazioaren ustezko etekinen espero antzuan. Noizbait jabetu ziren, zerua lortzerik ez bazen, bederen infernutik ateratzeko urratsak ematen hasteko komenientziaz. UPN gobernutik kanporatzea lehenetsi dute 2000ko hamarkadaren erdialdetik hona. Hiru zutarri zituen xede horrek: euskaltzaleen elkartzea, sektore berrietara ailegatzea, PSNrekiko konplizitatea. Guztiek bat ez egitea ez zen traba. Ezker abertzale legez kanporatua kanpoan egoteak zelaituko zituen bideak bai boto berriak erdiesteko bai sozialistak gobernu alternatibo batera erakartzeko.

Estrategia hori gauzatzeko sortu zen Nafarroa Bai. Indar euskaltzale batek Foru Komunitatean inoiz izan duen sostengurik handiena erdietsi zuen 2007an. Nafarroako lehen indar abertzale gelditu da 2011n. Helburuetan, berriz, porrot egin du. Ez zuen Miguel Sanzen hirugarren legegintzaldia galarazi ahal izan. Ezin izan du Yolanda Barcinaren lehena eragotzi.

Nafarroa Bairi barne tirabirek higatu diote zola. Bildu atera zaio, plaza berean jokatzen duen kontrario gogorra. Hain plaza berean non EAEko indar soberanistak paktista eta transbertsal jokatu baitu, Lizarrustitik hona, hauteskundeen ondotik. PSNk, halere, ez du amua irentsi. Zein dira Nafarroan sozialisten eta abertzaleen arteko akordioa posible eginen luketen baldintzak? Erranak dira ETAri eta haren arrastoari dagozkionak. Bada bertze bat, aipatze hutsak tripako mina eragiten duena: Gasteizerako on izatea Iruñerako on dena. Nekez izanen da traturik PSNren eta abertzaleen artean, abertzaleen eta PSEren artean ez bada.

Ez gaude horretan. Ez alde batean, ez bertzean. Madrilgo nahiz EAEko interferentziek zimendu sendoa ezarri diote Yolanda Barcinaren eta Roberto Jimenezen arteko ezkontzari. Bertze fase batean gaude maiatzaz geroztik. Hartan, lehen hilotza dugu sozialistekin gobernu aurrerakoi bat noizbait osatzeko ideia. Ez dago hain garbi, alabaina, ordezko estrategiaren ardatza.

Erran berri dut: politika espainiarrak PSNren jokamoldea nola, halaxe baldintzapetzen du gure mendebaldekoak Foru Komunitateko eremu abertzalea. Aralar –Nafarroa Baiko alderdi nagusia– ukiturik utzi dute hango emaitza kaskarrek. Bildurekin bat egin ala ez, eztabaida mahai gainean du Patxi Zabaletaren alderdiak. Zer erabakitzen duen, halakoa izanen da NaBairen etorkizuna.

Maiatzeko boto erauntsiak haize eman dio ezkerreko fronte soberanistaren ametsari. Jadaneko bada Bildu Euskal Herriko lehen indar eginda ikusten duenik. Hala dateke EAEn. Nafarroan urrun gaude halakotik. Belaunaldi-aldaketa etorri omen da. Hemen, Mendialdean baizik ez da detektatu, non eta euskal irakaskuntza orokortua dagoen tokietan. Ez dezala UPNk jakin.

ETArik gabe ere, fronte soberanista batek, bere bakarrean, ez gaitu infernutik aterako, nekez erakarriko baititu abertzaletasunetik urrun daudenak. Nafarroa Baik bere apurñoa egin du alde horretatik. Agian izanen dugu lanari jarraipena nork emana.


Segi dezatela suharrenek independentziaren zeruaz amesten. Bitartean, norbait ibili beharko da gu infernutik ateratzeko bide berriak asmatzen. Latza litzateke gure seme-alabek ere gure kantan segitu behar izatea: “Beti UPNetan, beti UPNetan bizi naiz mundu hunetan...”.