argia.eus
INPRIMATU
Argi bidezko geneen aktibazioa

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko uztailaren 05a
Melanopsina.
Melanopsina.

Geneek, aktibatzen direnean, oso substantzia desberdinak sortzen dituzte, eta substantzia horien ondorioz era bateko edo besteko portaerak sortzen dira izakiengan. Baina noiz aktibatzen dira geneak? Edo hobe esanda, posible al da geneak artifizialki aktibatzea? Bada, ikerlari talde frantziar-suitzar batek horretarako bidea aurkitu berri du.

Melanopsina erretinaren hainbat zeluletan dagoen fotopigmentoa da; argi urdina xurgatzean hainbat erreakzio kimiko eragiten du, eta erreakzio horien ondorioa da zenbait gene aktibatzea. Ikerlariek zera egin zuten: melanopsina kodetzen duen genea txertatu zuten gizaki eta saguen zenbait zelulatan. Horrekin batera, luziferasa entzima kodetzen duen genea ere txertatu zuten; luziferasak bioluminiszentzia eragiten du, hau da, bizidun batek argia igortzea. Eta ikusi zuten argi urdinaren presentzian bioluminiszentzia gertatzen zela. Alegia, gorago deskribatutako mekanismo konplexuak funtzionatu dezakeela erretinarenak ez diren zelula-multzoetan ere. Genetikaren aplikazio berri baten atarian izan gaitezkeela ematen du.