argia.eus
INPRIMATU
Frantziako erlezainak sutan

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko ekainaren 29a
Erlea.
Erlea.www.sillon38.com

Frantzian Cruiser OSR izeneko pestizida onartu berri da, koltzaren haziak intsektuetatik eta onddoetatik babesteko. Syngenta enpresa suitzarrak ekoiztutako pestizidak hiru substantzia ditu oinarrian: batetik, Thiamethoxam intsektizida, eta bestetik, Fludioxonil eta Metalaxyl fungizidak.

Frantziako Erlezaintzarako Nazio Elkarteak argi gorriak piztu ditu, pestizida horrek erleengan izan dezakeen eragina dela eta. Beraien ustez, une honetan hain egoera larrian dauden erleentzat beste faktore negatibo bat izango litzateke Cruiser OSR.

Baina guztiak ez dira iritzi berekoak. Osasun Segurtasunaren Nazio Agentzia publikoak (ANSES) dioenez, pestizidak ez du eraginik izango erleen kolonietan, horiek une honetan nahiko osasuntsu baitaude. Diotenez, erleen kopuru orokorra ez da gehiegi aldatu azken urteotan, baina populazioen banaketa-ereduak bai: hirien inguruetan asko ugaldu dira, eta nekazaritza-eremuetan asko urritu. Eztabaida zabalik dago.