Etxean bakarrik eta menpeko

  • Adineko hainbat pertsonak egoera zaila bizi du egunerokoan, beraien beharretara moldatu gabeko etxeetan bizi direlako eta senideek, gauzak erraztu beharrean, gogor tratatzen dituztelako. Etxean bizi diren adinekoek jasaten dituzten tratu txarrei buruzko ikerketa plazaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Dani Blanco

“Ea behingoz hiltzen zaren eta bakean bizitzen uzten gaituzun!” edo “ezin duzula hori egin? Bai, egin dezakezu, baina alferra zara!” entzuteak gogorra izan behar du. Adineko pertsonen seme-alaben ahotik entzun izan dituzte halakoak gizarte laguntzaileek. Argi dago, hori ez da ohikoena, ez du islatzen gizartean dauden hirugarren adineko pertsona gehienek bizi duten egoera, baina ez dira kasu bakanak ere. Eusko Jaurlaritzak egin duen Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen aurkako tratu txarren prebalentziari buruzko azterlana-ren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 13.249 pertsona inguru bizi litezke antzeko egoerak pairatuz. Hona azterlanaren emaitzek islatutakoa.

Bakardade eta traba sentimenduak. Bizitzaren azken urteetan askok bizkar gainean eraman behar duten zama da. Pertsona aktiboak izatetik euren burua traba moduan ikustera pasatzen dira, eta seme-alaben jarrerak sentipen hori areagotzen die gainera.

Milaka adineko bakarrik bizi dira beraien beharretara ongi moldatu gabeko etxeetan, diru-laguntza eskasarekin eta senideen bisita gutxi jasoz. Etxeko lanetan laguntzeko joaten diren gizarte laguntzaileak dira asteetan ikusten dituzten pertsona bakarrak. “Ez da ohikoena, baina batzuetan zaharren konfiantzazko pertsona bakarrak izaten gara, askotan gu garelako egunean ikusten dituzten pertsona bakarrak eta norbaiti azaldu behar diote barruan duten hori”, adierazi digu adinekoekin lan egiten duen gizarte laguntzaile donostiarrak.

Laguntzaileek gehienez hiru ordu pasa ditzakete edadetuaren etxean, eta bere egoeraren araberakoa da ordu kopurua. Esan bezala, laguntzailetik aparte bisita gutxi izaten dituzte batzuek, eta askotan bisita horiek ez dira behar bezain goxoak, hotzak baizik, edadetua arrotza bailitzan tratatuz. Bisitak ez izatearen arrazoia, Iñaki Abaunz psikologoaren ustetan, ez da senideen gogo falta, daramagun bizimoduarekin lotzen ditu bai bisita eskasia eta bai bisitetako jarrera desegokia: “Gure bizimoduaren erritmoak ez du horretarako denbora ematen, bisita egiteak eta adineko pertsona bat zaintzeak gure egunerokoa guztiz hausten duelako”. Etxeko lanen, haurren eta lanaren ardurari, bikote harreman eta arazoei, gehitu behar zaie adineko pertsonen zaintza, eta egungo bizimoduak ez die familiei nahikoa denbora uzten adinekoak behar bezala zaintzeko, behar duten arreta eskaintzeko. Horregatik, goxotasunez eta lasaitasunez tratatu beharrean, zakar eta gogorik gabe zaintzen dituzte, eta horrek karga moduan sentiarazten ditu edadetuak.

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren ikerketaren arabera, tratu txarren %50 –ohikoena– psikologikoak dira. Elkarrizketatu dugun gizarte laguntzailea bat dator azterketaren ondorio horrekin: “Gehienetan ez dituzte jotzen, baina jarrera ez da egokia izaten eta tratu txar horiek fisikoak baino okerragoak dira, inoiz sendatuko ez den zauria uzten dietelako”.

Hori guztia, noski, ez da lagungarri edadetuen gogo-aldartea hobetzeko. Tristura, samina eta amorrua bezalako sentimenduak izaten dituzte maiz. “Ea egia den, laster hiltzen naizen eta horrela traba izateari uzten diodan!” moduko esaldiak entzun izan dituzte langileek. Egoera horretan, ezertarako gogorik gabe, beren kabuz mugitzeko gai direnak ere ez dira etxetik irteten, beharrezko gauzak egitera. Bazkalorduetan adibidez, lan gogorra egin behar izaten dute zaintzaileek, jan dezaten lortzeko.

Menpekotasuna onartzea ez da batere erraza. Gogorra da aldaketa: beren burua pertsona aktibo gisa ikustetik, traba direla sentitzera igarotzen dira. Pertsona aktiboak zirenean, senideekin eta lagunekin denbora gehiago eman zezaketen, gustuko gauzak egiteko aukera zuten eta askok biloben zaintza ere bere gain hartzen zuten. Menpekotasun egoerak, berriz, ia egun osoan etxean egotera behartzen ditu, eta guztiz aldatzen da seme-alabekin eta bilobekin zuten harremana.

Tratu txarren sorrera

Menpekotasun egoeran egon aurretik adineko horiekin izandako harremanak pisua duela azaldu dute senide batzuek. Hala, errain eta suhiek sarri esan ohi diete gizarte laguntzaileei ez dutela pertsona hori zaintzeko gogorik, urtetan gaizki tratatu dituelako. Edonola, gurasoak menpeko direla ikusita, seme-alabek batzuetan zor zaien errespetua galtzen dietela uste dute zaintzaileek, agresibo jartzen direla hainbatetan, eta bisitan joaten direnean gurasoen kexuak entzuteaz aspertu eta denbora luzez berriro ez agertzeko erabakia hartzen dutela.

Faktore askok eragiten du halako jarreretan. Batetik, senideen nekea dago, urteak pasatzen baitituzte edadetua zaintzen. Eta bestetik, familian aurretik pasatako gauzak daude. Askotan rolak aldatzen dituztela uste du gizarte laguntzaileak, seme-alabek aurretik jasotako tratua ematen baitiete gurasoei. Denbora luzean barruan izandako haserrea azaleratzen dute orain, pertsona edadetuak euren kabuz moldatu ezin daitezkeenean. Baina badaude baita ere, guraso eta aitona-amona onak izan arren, bueltan tratu hori jaso ez dutenak.
Halaber, senideen jarrera ezberdina izaten da edadetuaren egoeraren arabera. Dependentzia maila handiena dutenak izaten dira okerren tratatuak, ahulenak izanik beraien zaintzak dakarrelako ardura handiena eta lan gogorrena. Gehien sufritzen dutenak, ordea, dependentzia maila txikiena dutenak dira, guztiaz ohartzen direlako, eta egoera jasangaitza egiten zaie. Jendeak uste du adinekoak haurrak bezalakoak direla eta ez direla egoeraz ohartzen, baina ez da hala eta gizarte laguntzaileak haserretu egiten dira halakoak entzunda.

Asko daki zaharrak, erakutsi beharrak dio esaerak, baina hainbatetan badirudi ahaztu egin dela bere esanahia. Gizarteko jakitunak izatetik eta errespetua eta begirunea jasotzetik, mespretxatzeko eta baztertzeko joera nagusitu da maiz. Ondo dauden bitartean, bilobak zaintzeko ere baliatzen dituzte seme-alabek, baina garai hori amaitutakoan, karga moduan ikusten ditu jendeak eta gizarteak berak alboratzen ditu. “Askotan haurrek ere errespeturik gabe hitz egiten diete, hori baita etxean ikusi dutena”, dio gizarte laguntzaileak. Iñaki Abaunz psikologoak ere gauza bera uste du: “Familia kontzeptua erabat aldatu da, eta gaur egun familia esatean ez dugu eurekin kontatzen, edo gertuko familiaz ari garenean ez behintzat”. Hori aldatu behar dela dio Abaunzek, urtetan eman diguten guztia itzuli behar diegula adinekoei.

Bestalde, ikerketak kontuan hartu dituen tratu txarrak ez dira bakarrik pertsonengandik etortzen eta ohartarazi du helduen beharretara moldatutako baliabideak faltan dituztela hainbat etxek. Esaterako, igogailua, eskailerak igo ezin dituenarentzat; dutxa, baineran sartzeko arazoak dituztenentzat; edota ohe bereziak, ohetik altxatzeko zailtasuna duenarentzat. Aztertutakoaren arabera, ordea, igogailurik gabeko eraikinetan bigarren zein seigarren pisuan bizi diren 80 urtetik gorako pertsonak daude, bizilagunek igogailua noiz jarri erabaki bitartean kalera irteteko 85 eskaileratik gora jaitsi eta igo behar dituztenak. Edadetuen etxebizitzak, orokorrean, ez dira haiek bizitzeko ondo egokituak egoten. Etxe askotan ez da inolako berrikuntzarik egin 40 urtean.

Adineko bikoteen arteko tratua

Adineko pertsonen arteko tratua ez da beti egokia izaten. Bikoteetan arazoak sortzen dira, adibidez, kideetako batek menpekotasun maila handia duenean eta besteak zaindu behar duenean. Zahartzaroaren buruhausteei gehitzen zaienean bikotekidea zaindu beharra, ondoan beti izan duten pertsona hori ez dute betiko moduan sentitzen, eta horrek haserrarazi egin ditzake. Gizarte laguntzaileek tratu txar kasuak ikusi izan dituzte bikoteetan, oihuak eta bultzadak. Hala baieztatu digu zaintzaile donostiarrak: “Bikotekidea hainbeste aldatu izana ez dute ulertzen, eta haien haserrea eta amorrua era agresiboan azaltzen dute. Bikotekidea bere kabuz komunera joateko gai ez denean, edo premia duela adierazten ez duenean, asko haserretzen dira, esanez nahita egiten dutela pixa eta kaka praketan”.

1.207 elkarrizketatu

EAEn egin den lehen azterketa da erreportaje honetan azaldutakoa eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ez da antzerakorik egin. Gaia lantzeko, 1.207 pertsonarekin izan dira denera, beraien etxeetara joan eta elkarrizketak eginez. Horretarako prestatutako galdetegia izan dute, eta batzuek tratu txarrak pairatzen dituztela onartu dute, baina beste kasu batzuetan elkarrizketatzaileak beraiek ohartu behar izan dira horretaz. Alfonso Gurpegi Gizarte eta Enplegu Saileko zuzendariak dio zaila dela gaia, sarri morbora jotzen dela, eta hori saihestu nahi izan dutenez, kontu handiz egin dutela ikerketa. Azterlanak azaldutako ondorio nagusia da adinekoen %0,9k tratu txarra jasaten dutela, gehienbat emakumeak direla biktimak eta adinean gora joan ahala kasu gehiago ikus daitezkeela. Etorkizunera begira, zahar etxeetan bizi direnak galdekatzea da asmoa, hirugarren adinekoen egoeraz ikuspegi ahalik eta zabalena izateko.

Zahar etxeetan ere, garrantzitsuak dira bisitak

Jaurlaritzaren azterketak ez ditu kontuan hartu zahar etxeak, baina egoitza hauetan ere, etxe partikularretan bezala, egunero adineko pertsonari eguna alaitzera gerturatzen diren senideak daude, astean edo hilean behin agertzen direnak, eta baita inoiz gerturatzen ez direnak ere. Horrek guztiak eragin zuzena du zaharraren egoera animikoan. Bisita gutxi edo bat bera ere jasotzen ez dituzten pertsonak tristeago, haserretuago egoten dira. Aldiz, egunero ordubeteko ikustaldia jasotzen dutenak alaiago daude. “Oso egokia da, ordubetez bada ere, beraiekin egotea eta bakarrik ez daudela sentiaraztea”, dio Gipuzkoan dagoen zaharren egoitza bateko langileak.
Askotan, bisitak jasotzen ez dituztenek inbidia izaten dute ingurukoek jasotzen dituztela ikusita, eta jarrera berekoia izaten dute. “Besteekin duten harreman eskasaren ondorioz beraien jarrera penagarria izaten da”, dio langileak. Indarkeria arazoen atzean batzuetan maitasun falta dagoela sumatuta, familiakoei bisitan joateko eskatzen diete zaintzaileek, senideekin egon ostean zaharren jarrera hobera aldatzen delako gehienetan.

Langileak aitortu digunez, zaintzaileek beraiek ez dute denbora soberan adinekoak zaintzeko: “Zaintzaileak gara, eta lana ahal dugun ondoen eta euren gustura egiten ahalegintzen gara, baina frustrazio guztia gurekin agertzen dute, zaila baita denekin asmatzea. Gu jotzen saiatzera ere heldu dira”. Mundu guztia, dena den, ez dago prestatuta edadetuak etxean izateko, langile honen iritziz: “Gure buruarekin ondo egon behar dugu horrelako pertsona bati laguntzeko. Ardura handia da, eta ondo prestatuta ez bazaude, oso gogorra egiten da. Guztia ondo antolatzen ez baduzu, ezin duzu aurrera eraman, eta orduan arazoak sortzen dira”. Zahar etxeetan baliabideak dituztela dio, adinekoak hobeto zaintzeko eta psikologikoki ere ondo egon daitezen.
 


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude