argia.eus
INPRIMATU
Musuen paradisua
  • MAIDER GARCIA DE VICUÑA eta IRATXE PORRAS ::Sexualitatean xirikatuz

    Erein

    orrialdeak ::350

    prezioa ::24€

Gema Lasarte 2011ko urriaren 05a
Sexualitatean xirikatuz
Sexualitatean xirikatuz liburuaren azala
Liburu bat gustatu zaigunaren seinalea, irakurritakoan norbaiti oparitzea edota gomendatzea izaten da. Irakurri berri dudan liburua oparitzeko eta gomendatzeko ezin interesgarriagoa da. Badut iloba bat 16 urtekoa eta iruditzen zait sexualitate marjinatuez, prostituzioaz, pornografiaz eta erotismoaz, transexualitateaz, homosexualitateaz nahiz trabestismoaz edo transgeneroaz ikasteko oso ondo etorriko zaiola. Liburu honek kontzeptu esparru oso aberatsa du. Kapitulu bakoitza, informazio kapsula bat da. Gustura irakurtzen dena eta luzeran tamaina aproposa duena. Hamar minutu irakurri eta hurrengo egunerako mesanotxean utzi. Hartara, beste liburu bat tartekatzeko aukera ere eskaintzen du.

Hain interesgarria iruditu zait, euskaltegietako irakasleei ere, testu tipologia lantzeko edota irakurmena jorratzeko aproposa begitandu zaidala eta gomendatu diedala. Are gehiago, esparru didaktikoan lana egiten duten lankideei ere, pedagogiaz, generoaz, eta sexualitateaz euskaraz ikasteko nahiz irakasteko oso interesgarria dela aipatu diet. Pedagogikoa, didaktikoa eta gainera komunikatiboa da liburu hau. Gaiak, berriz, lehen esandakoaz gain, modu erakargarrian landu dira, jakintza handiarekin alegia. Laranja Erdiaren teoria azaltzeko Aristofanesenganaino jo dute edota Elizak emakumea baztertu duela esateko Maria Magdalenaren bazterketa proposatu dute. Jesus eta Maria Magdalena bikote izan ziren susmoa ikerlarien artean gero eta hedatuago dago. “Gutxienez seme bat izan zutela, Judah izenekoa” eta egileek, horren harira, James Cameroren The lost tomb of Jesus (Kristoren Hilobi Galdua) dokumentala ikustea aholkatzen dute.

Sorginak ere ez dira falta historiari egindako behatu honetan. “Herritarrek begirunez hartzen zituzten emakume horiek, baina agintariek sorgin berritsutzat hartzen zituzten, eta zientzia jakin batzuk indarra hartzen hasi zirenean (medikuntza, kimika, fisika, farmakologia), lan horietan ari ziren gizonek bat egin zuten Estatuarekin eta Elizarekin emakume horiek erditik kendu ahal izateko”.
Zazpi kapitulu dira guztira, eta orain arte esandakoari gehituko nioke, sukalde lanetan aritzeko ere lagungarria suerta daitekeela liburuak dakarren afrodisiakoen zerrenda: dela baratxuria, dela zainzuria, azafraia, ginsenga, jenjinbrea, mertxika, melokotoia, kalabaza…

Hainbeste gauzen artean nekeza lirudike desioaren misterioa deskubritzea, baina 350 orrialdetan barrena seguru aurkituko duzula, izan ere, sexualitatearen zirrikitu guztiak ondo miatu eta ikertu baitituzte sexologo hauek, Zakil Jainkotik hasi eta Musuen Paradisurainoko bidaian.