argia.eus
INPRIMATU
Negar malkotan
Jakoba Errekondo 2011ko ekainaren 22a
(Argazkia: www.pinterest.com).
(Argazkia: www.pinterest.com).

Paisajistok paisaiak sortzen ditugunean, erabiltzaileak izango direnen izaera eta premietara makurtu izan ohi dugu gure lanaren mamia. Mendearen hasierarekin mendi aldera joan nintzen bizitzera eta inoiz bukatuko ez dudan paisaia baten sorkuntzan murgildu: etxeko sailak.
Katuaren mugarrien barruan, etxe-kontran dezenteko pendiza dugu. Aldapa tzarra eta ez ikusiarena ezin egin, eta ezkutatu edo gainzuritu beharrean malkarra indartzea irtenbide egokiena. Baso bat landatuz, zuhaitz eta arbolen adarrez eta hostoz, eite osoaz, jauzi are eta handiago bat eraiki. Kolore, forma eta egitura desberdinetako hostajeak nahasiz, bata bestearen gainera boteaz malda izugarri bat lortu nahi dut.

Bertagi dagoen aldapa izugarritu eta neure izaerara makurtu. Ezagutzen nauenak badaki: negartia naiz. Malkoen emana zuhaitzen alimaleko akiti batera eraman dut.

Gain gainean pago negartiak, Fagus sylvatica “Pendula”, hamar bat, urteen poderioz egundokoak egingo dira eta atzealdeari sekulako sakontasuna erantsiko diote. Hauen azpian fruitu arbola negartiak: Prunus subhirtella “Pendula” gereziondo dotorea, udaberriko petalo finezko lainoa. Aldamenean sagarrondoak, hibrido negartiak hauek ere: Malus x scheideckeri “Red Jade”eta Malus x “Royal Beauty”. Lehenaren lore zuri gorrietatik sagar txiki gorri-gorriak sortzen dira eta hostaje guztia erorita ere han segitzen dute neguan txantxangorrien pozerako. Bigarrenak hostaje guztia du gorri iluna eta ilunagoko gorrikoak dira udaberriko lore arrosa bizietatik etorritako sagar koxkorrak, hauek ere neguko hotzaren mokoek jaten dituzten arte.

Baso negarti honen beheko barreneko muturrean, zuhaitz eta arbola guztien azpiko aldean, negar hauen malkoak xukatuko dituen arbola dago: Davidia involucrata. Zein?