argia.eus
INPRIMATU
M15-eko horiek

Xabier Letona Biteri @xletona 2011ko ekainaren 23a
M15-arekin lotutako mobilizazio bat.
M15-arekin lotutako mobilizazio bat.

ARRAKASTA izateko gizartearen aurrean, gutxien-gutxieneko oinarri batzuk behar dira: ideia batzuk izatea, gutxieneko antolaketa bat eta, bistan da, herritar askoren sostengua edo, gutxienez, ulermena. Hirurak ditu Espainian garatu den M15eko mugimenduak eta, oztopoak oztopo eta arazoak arazo, horrexegatik ari da izaten arrakastatsu. Oraingoz behintzat. Baina ez ei zaio asko geratzen: asanblearioa da, botereak maneia dezake –biolentoa da… edo bakezaleegia–, sortzez garbia bezain inuzentea, ez da errealista, utopikoegia, sistematik kanpo dago, atomizatuegi… Horiek guztiak eta gehiago izan daitezke bere ahuldadeetakoak, zalantza barik, baina horietako ezaugarri askotan dira bere indar guneak ere.

Gure lurretatik so ez da ohikoena, baina oraingoan hegoak freskura dakar. 2011ko maiatzak freskura ekarri du Hegoaldera, eta haserrea, sumindura, harridura… hori guztia bai, eta nagusiki ez haserretuen mugimenduagatik hain zuzen. Baina baita horregatik ere. Eta kontua da Arriagan edo Gazteluko Plazan biltzen diren horiek ez daudela haserre Arnaldo Otegi espetxean delako, euskararen egoeragatik edo Fukushima eta Garoñako zentralen egoeragatik… Edo akaso bai, batek daki, baina biltzen dituena ez da hori: haserre daude lanik ez dutelako, edo izango ez dutelako, haserre diruaren jopu diren agintariekin, haserre etorkizun ezarekin, Euroaren Itunarekin… Iazko ekainaren 29an edo aurtengo urtarrilaren 27an greba orokorrean Euskal Herriko kaleetara atera ziren haserretuen antzera; orain Espainian greba orokorra deitzen duten haserretuen antzera.

HILAREN 17-AN 20 bat minutuz izan nintzen Iruñeko Gazteluko Plazako haserretuen batzarrean. “Politikariak ere borondate onenarekin ari dira, hori bai beren logikarekin, haiek ez dira gure etsaiak” zioen gazte batek, baina ez zuen esku jira-birarik eragin edo bakarren batzuk, ia ez dago txalotzen ez den partehartzerik eta. Hurrengoan beste gazte batek zehatz-mehatz eta kalitatez azaldu zuen beren enpresan lan hitzarmena negoziatzeko nola ari diren borrokan, eta hori Euroaren Itunarekin lotuz gainera. Denetik entzuteko aukera du gisa honetako batzar anitz eta jendetsuetan dagoenak, barregarrienetik jasoenera.

Eta beldurrik gabe eta ilusioz kalera atera diren gazte eta ez hain gazte horiek, badute beren protesta bizitza laburraz harro egoteko arrazoirik… ezer gehiago egin gabe ere egungo demokrazia formal eta erabat defizitarioaren mahaian ukabilkada itzela jo dutelako, eta jo duten moduan jo dutelako. Baina itxura guztien arabera, hau gehiagora ere joango da, besteak beste krisiak oraindik astindu handiak emango dituelako; besteak beste, seguruenik, 2007ko egoera ekonomikora inoiz itzuliko ez garelako.

Eta noraino hel daiteke M15eko hau? Batek daki, edo agian susma genezake, listoenek egiten duten gisan iraultza eta erreformaren artean geratuko dela iragarriko diot. 1917az geroztik Europan gizartea errotik aldatu gura izan duten mugimendu gehientsuenak bezala. Mundu honetan benetako aldaketak garesti daude, euskaldunentzat, greziarrentzat , egiptoarrentzat eta baita Madrilgo Sol-eko gazteentzat ere.

HARRO eta tentuz ibiltzeko arrazoirik ere badute gazte eta ez hain gazte horiek: mugimendu izatetik parlamenturako bidea eskatuko baitiete demokrata zintzoenek; eta egiazko iraultza, muturrekoenek. Barrutik ere herritarren begirunea eta arbuioa non dagoen asmatu beharko dute: Bartzelonako Legebiltzarrekoa iritzi publikoaren arbuio-onarpen horretatik oso ertzean zegoen. Funtsean, betikoagatik dutela gaitza: askotarikoak direlako, denbora gutxian eta ezinbestean asmatu behar dutelako –begi guztiak gainean dituztenean gainera– eta nahi duenak basoa ikusi beharrean beti zuhaitza ikusten duelako.

Eta hala ere, beti geratuko dira zientziari ere argi-gaitz zaizkion misterioak. Esate batera: Diario de Navarrak espazio zabal eta tratamendu egokia eskaintzea joan den igandeko Iruñeko manifestazioari, Gazteluko Plazako bukaerako ekitaldiko hitzaldia lehenengo euskaraz izan zenean eta bertan euskarazko leloak ere aireratu zirenean. Eta hala ere beti geratuko da esperantza eta aliantzetarako aukera, hainbeste bestelako nahi dituzten hainbesterentzat.