argia.eus
INPRIMATU
Gaindegia, Euskal Herriarentzako tresna

Juan Mari Arregi 2011ko ekainaren 23a

Euskal Herriko eraikuntza sozialak eta nazionalak, bere jakintza eta eraldaketarako balioko diguten tresnak behar ditu. Hainbat administrazioren menpean egonik –espainiarra, frantsesa eta europarra...– eta baita Hegoaldean bi administrazioz bananduta egonik ere –EAE eta Nafarroa–, Euskal Herriak ez du, salbuespenak salbuespen, berezko nazio egitura instituzionalik. Eta gure herrialdea antolatzeko beharrezkoak dira egitura horiek. Norabide horretara bideratu beharko lirateke gure ahalegin guztiak, baita euskal gizarte osoarenak ere. Ahalegin horiek tresna egokiak eskatzen dituzte, egitura nazionalak lortu ahal izateko.

Testuinguru horretan, nabarmentzen da Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako behategia, Gaindegia. Umiltasunez, baina duintasunez eta lana ondo eginez gainera, zailtasunak izan arren, jadanik bost urte bete ditu. Gaindegia autonomiaren adibide da, bere funtzionamenduari, aniztasunari, profesionaltasunari eta zorroztasun intelektualari dagokionez. Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko, aztertzeko eta irudikatzeko beharrezko tresna eskaintzen du Gaindegiak. Ezinbestekoa da gure gizartea eraldatzeko. Horregatik, zailtasun instituzional eta ekonomikoak dituen arren, aitortu eta txalotu behar da egunero-egunero Euskal Herri osoaren argazki sozioekonomikoa hobetzeko egiten duen ahalegina.

Hor kokatu behar da berrikitan argitaratu duen Txostena 2010 Gaindegia –laugarrena jadanik–. Bertan, Euskal Herriko adierazle sozioekonomikoen analisi zehatz eta profesionala egiten du. Bidezkoa eta beharrezkoa litzateke euskal erakundeek –publikoek eta pribatuek–, baita euskal herritarrek ere, Gaindegia babestea modu batera edo bestera, laguntza ekonomikoa barne. Euskal Herriko interes sozial eta nazionalen zerbitzura dagoen tresna baita.