argia.eus
INPRIMATU
Erregeari ipurdia garbitzeko ohorea

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko ekainaren 22a
Henrike VIII. a Ingalaterrakoak (1491-1547) lau
Henrike VIII. a Ingalaterrakoak (1491-1547) lau "gorozkien zerbitzari" izan zituen bere erregealdian, baina jarduera ohoragarria berehala desagertu zen.Hans Holbein.

Londres, 1527. Sir Henry Norris Ingalaterrako errege Henrike VIII.aren Groom of the Stool izendatu zuten. Norrisek Sir William Compton ordezkatu zuen zeregin horretan, eta hamar urtez eutsi zion tituluari. Ondoren, Sir Thomas Heneagek beste hamar urtez bete zuen zeregina eta, azkenik, Sir Anthony Dennyk urte bakar batez eutsi zion karguari, erregea hil baino lehen. Izenaren aurreko “sir” horrek pertsonaion noblezia adierazten duen arren, Groom of The Stoolen itzulpenak ez du halako kutsurik; “gorozkien zerbitzari” esan nahi du, hau da, aipatutako laukoteak erregearen sabel-husteez arduratzeko ohorea izan zuen.

Gorozkien morroien lanbidea noiz sortu zen garbi ez badago ere, Ingalaterrako gortean mendeetan aritu zirela badakigu. Erregearen zerbitzupean zeuden soilik, eta haien egitekoa agintariari iraizte funtzioan laguntzea eta, ondoren, hondakinak garbitzea zen. Baina erregearengandik hain “hurbil” egoteko aukera ematen zuenez, postuak gero eta garrantzi handiagoa izan zuen. Erregearen konfiantzazkoak ziren eta haren idazkari izatera ere iritsi ziren. Henrike VII.aren (1457-1509) agintaldian zergak ezartzeko eskumena lortu zuten ipurdi garbitzaileek. Horrenbestez, ingeles nobleziako familia nagusien artean hain kargu ohoragarria lortzeko lehia gatazkatsuak izan ziren.
Baina ofizioaren hurbiltasunak, pribilejioez gain, arriskuak ere bazituen. Aipatutako Sir Henry Norrisi Anne Boleynekin sexu harremanak izatea egotzi zioten, eta Henrike VIII.ak lepoa moztea erabaki zuen, geroxeago Anne berarekin egingo zuen bezalaxe. Horrela eskertu zion erregeak Norrisek urtetan eskainitako zerbitzu berezia.

Gorozkien zerbitzarien tradizioak ez zuen luze iraun. 1558an, Elisabet I.ak koroa jantzi zuenean, lehenengoz emakume bati egokitu zitzaion zeregina. Baina hurrengo urtean erreginak kargua bertan behera uztea erabaki zuen. Dena den, agintariei ipurdia garbitzeko ohitura, literalki ez bada ere, bizirik dago oraindik.