argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak, galtzaile txarrari jarriak

Aitor Sarriegi @asarriegi 2011ko ekainaren 21

Kristo jayo ta bi mila eta
hamaikagarren urtian
Maiatz hilaren hogeitabiya
ez zala hain apartian,
kontubak hala suertatu dira
kontzejuaren partian,
Elortza batek hortzetakua
jaso du ezpain artian.

III
Errespetatu behar zuenak
gertatua, igaroa,
irentsi behar izan du nola
joan den bere aroa.
Gero “ez baina, esan nahi nuen
alkate hau ez badoa...”
mingaina bera bufanda baino
korapilatuagoa.

   I
Kontuak ongi doazenean
ia edonor da lagun,
berdin da eskuin nahiz ezkerreko,
espainol ala euskaldun,
baina okertzen hasi daitezke
ai amigo bufandadun...
eta orduan nabarmentzen da
barruan zer daramagun.

IV
Oraintsu arte “zibikoa” zen,
dena perfume usaina,
agintaldiko azken unean
egin du, baina, hazaña.
Alkatetzara nola heldu zen
askok ahaztu dute baina
bi hamarkada ez dira nola
joan den ahazteko haina.

II
Gure pirata bufandaduna,
zapatutik igandera
aginte-postu zaharretik jaitsi
dena eskaileran behera.
Goitik beherako tolerantea
toleranteetan bera...
abordajea heldu orduko
jarri du mastan bandera.

V
“Cobardes!” hoska Salbe egunez
ezagutua lehenbizi,
hogei urtean zenbat danbor hots
bizio eta gutizi!
Bat guztiona omen da baina
zuk badauzkazu bi krisi,
banderak mastan gutxi iraun du,
agur eta Odon bizi!


Doinua:  "Andre txarren bentajak”.


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.