"Kontsumitzen ditugun baliabideen %90 hondakin bihurtzen dugu"

  • Alfonso del Val (Madril, 1945) ingurumenean aditua da lanbidez, energia berriztagarrietan, urean eta hondakinetan berezitua, ezaguna da Nafarroan: sarri etortzen da Iruñera, han azken 35 urteotan egindako lagunek deituta edo iritzia ezagutu nahi dioten instituzioen eskariz. Gipuzkoar gehienek, aldiz, ez dakite berak 200ean plazaratu zuela PIGRUG Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusiaren azterketa, errausketa ardatz duen plangintza goitik behera larrutzen duena. Alabaina, 50 urteak beteak dituzten giputz ekologistek badute haren berri.   

    Gaztetan arkitektura ikasketak eta soziologiakoak egin zituen, hirien ordenamenduaz interesaturik. Frankismoaren azken hamarkadako mugimendu politikoak ondo ezagutu zituen Madrilgo arragoan. Orduko borroken artean, bere amaren sorterri Pancorbo autopista berriak erdiz erdi zanpatu ez zezan egindako lanak harrotasunez kontatu dizkigu, Zubietan errauste planta eraikitzeko egiten ari diren hondealan erraldoiak ikustera eraman dugunean. Apiril hasieran izan zen Zarautzen eta Usurbilen hitzaldi bana ematen hondakinen errausketaren inguruan, Gipuzkoako Zero Zabor mugimendukoek gaitzat “Errauskailuen kontrola, edo kontrolik eza” ipinita.

    El Ecologista eta Alfalfa aldizkarien sortzaileetakoa izana, Ezker Batuak -euskaraz eta gaztelaniaz- editatu zion Berriro diot, Berdea naiz hartaz gain, Del Valek kaleratuta dauzka Guía para un consumo más responsable eta El libro del Reciclaje, biak ere erreferentzia bihurtu direnak, gehi artikulu andana batean eta bestean, energiaren, kontsumoaren eta hondakinen inguruan nagusiki, Internetez erraz aurkitu daitezkeenak. Nafarroako Canal 4 telebistak egindako elkarrizketa eta Usurbilen emandako hitzaldia bera bezala.

    Madrilgo Gea21 Grupo de Estudios y Alternativas enpresako bazkidea da. Hainbat erakunderentzako aholkulari lana egiten du, Europan, Afrikan eta Amerikan.

Alfonso del Val
Alfonso del ValPello Zubiria
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nondik eta nola iritsi zinen pentsatzera aipatzen ditugun gauza guztiotan gakoa energian datzala?

Biziak oparitu dit amaren aldetiko aitona Pancorbokoa [Burgosko iparrean, Miranda de Ebrotik hurbil] izatea, gurdiak, galerak, orduan “cangrejo” deituak eta abar egiten zituena, basoetatik egurra ateratzeko. Pancorbok oraindik dauzkan baso primario zoragarriak, artez, haritzez eta abarrez osatuak. Mutikotan oporretan hara joaten ginelarik, maite nuen tailerrean laguntzea, ikustea nola ekartzen zituzten zuhaitzak, tren geltokian nola iristen zitzaizkien Altos Hornosetik altzairuzko flejeak, burdin eta zura horiekin galerak egiteko. Dena egiten zuten zerra, arrago, mailu eta abarrekin. Niri harrigarria iruditzen zitzaidan nola fleje batekin egiten zuten kabina, tramankulu oso polit bat nola ekoizten zuten, luma batekin gurpilen radioak margotu… Zumar egurra erabiltzen zuten, eguraldiak hondatzen ez duena, gurdiaren azpia makalezkoa zen, han ikasi nuen makalari ez diotela erasotzen xilofagoek. Garai hartan Pancorbo aldean ez zen pinurik.

Arragoa zen prozesu hartan gakoa, burdinaren goritasun puntua, uretan azkar sartzea, altzairuaren puntua lortzeko. Altzairua tenplatu egiten zen garai hartan. Gogoan dut nola zerratzen zuten zura zerra elektrikoarekin, osabak nola esplikatzen zidan haiek izan zirela Pancorbo inguruko eskualdera iritsi zen lehenbiziko motor eztandazkoa, Gerra Zibila baino lehen. Horren aurretik aziendak edukitzen zituzten jira eta buelta gurpil batean, haiek mugiarazten zuten zerra. Gero iritsi zen lehenbiziko motor eztandazkoa, ondoren lehenengo motor elektrikoa, mundu guztia hura ikustera etortzen zena. Gure zerrategia mugiarazten zuen argindarra Ameyugoko zentral txiki batetik zetorren. Inguruko teileriak beste motor elektrikoa jarri zuenean, ikasi nuen hura piztutakoan gure zerrategiko motorra ahultzen zela, ez zuela zerratzen.

Hortik sortu zitzaidan energiarekiko zaletasuna, batik bat Ameyugoko zentral txiki hura ezagutu nuenetik. Oraindik etxean daukat gordeta Pancorbora heldu zen lehenbiziko bonbila, 1920ko hamarkadakoa. Amamak esaten zuen auzoko emakume lagunak etxera zetozkiola jostera, argi harekin askoz zehaztasun handiagoz egiten zutelako lana kriseiluarenarekin baino.
Hor ikasi nuen zein garrantzitsua den argindarra. Geroago Londresa lehenbizikoz joandakoan, 1969an, esplikatu zidaten hango metroaren tunelak hain handiak zirela lehenbiziko metroak ikatzez mugitzen zirelako, lurrinez. Ingalaterrako Zientziaren Museoan ikusgai daude traktore bat eta eultzimakina baporezkoak. Metroa gelditu egin behar izan omen zuten, ezin baitzuten kea atera inola, motor elektrikoak zabaldu ziren arte. Horrek, energiak iraultza industrialean zehar egindako ibilbidearen ezagutzak, eraman ninduen zentral nuklearrak iritsi zirenean nire buruari galdetzera: “Baina hau zer da?”. Eta energia nuklearrean sakontzen hasi nintzen.

Eta zer aurkitu zenuen energia nuklearraren baitan?

Ikusi, aztertu eta ikasi nuenetik, esango nuke Margalef-engandik [Ramón Margalef i Lopez, Bartzelona 1919-2004, biologoa, ekologian eta ozeoanografian mundu mailako erreferentzia izan dena] hartu nituela ideia nagusiak energia nuklearra den aberrazioaz. Margalefek esaten zuen, militante antinuklear zorrotza izan zenak: “Zientziak dioenez, lau mila milioi urte behar izan ditu Lurrak bizitzeko moduko planeta izatera iristeko, bata bestearen ondotik garatu direlako bakterio zelulabakarrak, zelulaniztunak, mikroorganismoak, ornogabeak, ornodunak eta abar eta abar, ororen buru lortu da atmosfera aerobioa sortzea, lortu dugu bestela hilko gintuzkeen eguzkiaren energia filtratzea, eta azkenean, naturak lortu duenean eguzkia den zentral nuklear erraldoiaren erradiazioak filtratu eta planeta bizigai izatea… orduan iritsi da gizakia eta eguzki hori lurrera jaisten du, prozesua kontrolatzen duela argudiatuz”. 1977, 78, 79, 80… urteetan, mugimendu nuklearren kontra gogor aritu nintzenean, mila bider esan bai nuen suarekin jolasean ari ginela.

Fusioz funtzionatu behar omen duen teknologiak ere ez zaitu konbentzitu…

Kontsumitutakoa baino energia gehiago sortu behar omen duen fusiozko hori ez dugu sekula ikusiko. Hasieran sodioz errefrigeratuko omen zen. Nik gogoratzen dut gaztetan Fisikan egiten genituen esperimentuetako batean orratzaren burua adinako sodio pittina pila batean bota eta sutu egiten zela… nola hoztuko da zentral nuklear bat sodioz? Gero etorri zen beste zentral famatua, hasieran Bartzelonara etorriko ote zen, gero Japoniara, azkenean Frantziara joan dena [ITER zentrala], fusiozko erreaktore industriala, hori ere atzeratu da. Urrutiago iritsi dira ingelesak beren ereduarekin, neurri ttikian, baina ezin dituzte gainditu sortutako eragozpen izugarriak. Izan ere, eguzkia eskala txikian sortu nahi izatea baita.

Beti ari gara ahalegin horretan, badakigulako daukagun energiak mugak dituela, eta eguzkiak damaiguna mila bider entzun dugu zein handia den baina ez dugu lortzen etekinik ateratzea. Plaka fotovoltaikoen errendimendua barregarria da. Hementxe, Iruñean, jarri genituen lehenbizikoak, ordura arte inork ikusi gabeak, bata Antsoaingo etxolan eta bestea kanpainako autobusean, hondakinen gaikako bilketa proiektuan ari ginenean. Gogoan dut nola behin, auzolaneko baratzearen inaugurazioa zenean, denak joandakoan zinegotzi bat ari zela guk etxolan ipinitako Isofoton plakaren azpian erreparaka; “Zer ari zara?” galdetu nion eta berak “Pilak non jarrita dauzkan bilatzen”. Kontzejalak ez zuen sinesten gauza txiki hark eguzkiaren energia elektrizitate bihurtzen zuenik. Hala ere, plaka horien errendimendua askorik handitzea ez da lortu. Agian denbora asko barru lortuko dute %80a gainditzea, baina gaurkoz ez da lortu eta erabiltzera iristen garen pittina ez gara pilatzera iristen, egun argitan baizik ezin du funtzionatu.
Horregatik diot energia agortezinarena gizakiaren aspaldiko mitoen jarraipena baizik ez dela, Ikaroren mitoa dagoen legez, hegan egitearena, berdin daude hilezkor izatera iristeko eta ahitu ezinezko energia edukitzearen mitoak. Azken mito hau egia bihurtzeko presa handia dago gainera, gaur egun haginak garbitzeko eskuilak berak elektrikoak baitira. Energia da sistema industrial garatuaren sistema neurologikoa, horretan ez da egon ezberdintasunik sozialismo errealistan bizi ziren herrialdeen, marxisten, hala nahi baduzu, eta mundu kapitalistaren artean. Marxismoak aipatzen zuen “produkzio indarren garapena”, kapitalismoak bestela formulatzen du, baina ez batek eta ez besteak ez dute aitortzen garapen infinito hori ezinezkoa dela, kontsumitzen dituzten natur baliabideak urriak direlako. Bi sistemetan gauza bera egiten ari ginen, biek behar zuten energi emari gero eta handiagoa. Biek garatu zuten kontsumoa, biek bultzatu zituzten zentral nuklearrak… besteren artean plutonioa behar zutelako arma atomikoak ekoizteko.

Hiru ondorio ateratzen genituen guzti horretatik. Batetik, energi iturrietan nuklearrak zeukala lehentasuna, konplexuena zelako, esku gutxienek erabili dezaketena. Hiru teknologia baizik ez zeuden nuklearrak eraikitzeko, AEBetakoa, sobietarrena eta frantsesena. Energia nuklearra zen lehen urratsa bonba atomikoa eskuratzeko, kapitalak kontzentratzeko, eta boterea kontzentratzeko. Berdin zait Sobiet Batasunean bezala sozialista edo estatu kapitalismoa deitu, edo beste aldean bezala kapitalista deitu.

Deszentralizazioa izan zitekeen guztia, jendeak kontrolatu ahal izatea, arriskua saihestea, iturri berriztagarriak… hori ordurako iruditzen zitzaidan ez zela gai tekniko bat, aitzitik, giza eredu berri baten euskarri izan behar zuela, parte hartze sozialista baten, eta jendeak bere produkzio tresnen kontrola edukitzearen oinarri. Honek ekarri behar zuen produkzioa eskala txikiagotara mugatzea, gutxiago kontsumitzea, iraunkortasuna [gaztelaniaz durabilidad esan du], konpongarritasuna, eta abar.

Joan den egunean kontatu zenigun zure esperientzia Nafarroan energia berriztagarriekin, orain jorratu dituzun kontuon ildo berean.

Nafarroako Diputazioarentzako, orduan hala deitzen zen, energia berriztagarrien plan nagusia egin genuenean, ni arduratu nintzen hidraulikoaz, baina bereziki mini-hidraulikoaz, asko baitzeuden iparraldean, Bidasoa bailaran ugari zeuden, zentral txikiak herriei argindarra eta bertako zerrategi eta bestelako atelier txikiei indarra emanez, autonomia handia ahalbideratzen zietenak. Ni Nafarroako mendialdean Pancorboko nire haurtzaroko giroaz gogoratzen nintzen, Ameyugoko zentralaz.

Orduan Iberdueroko ingeniariek-eta esaten zidaten 50 Kilowatt baino gutxiagoko zentralek ez zutela interesik. Aldiz, ni txikietan tematzen nintzen. Gogoan dut nola hurbildu nintzen Arizakunen dagoen Maribeltzenea zentraleraino, Elizondotik hurbil, esan zidaten han bazela Kilowatt bakarreko zentrala bazela, indarra ematen ziona zerrategi txiki bati eta bost baserriri. Eta egia zen! Galanki kostata baina iritsi eta ikusi nuen, ezinezkoa zirudiena existitzen zen. Baina beranduago EHN Energía Hidroeléctrica de Navarra [2003an Acciona enpresa pribatuari saldu zioten] sortu zutenean, zentral horiek guztiak erosi, automatizatu eta aldi berean zentralizatu egin zituzten.

Guk bestelako asmoak genituen. Hemen Iruñean, Gotorlekuan, mundu osotik etorritako jendea bildua zen 1978an astebetez alternatibez hitz egiteko, eta nik han jardun nuen energia deszentralizatuaz, garraioan galerarik izango ez duenaz, ez duela logikarik Madrilera argindarra eramateak Almaraz edo Zoritako zentral nuklearretatik iristea linea erraldoietan barrena, bidean sekulako galerak jasanez, azpiko aldean kristoren arazo elektromagnetikoak sortuz…

Energiaren gaia eten ez den harietako bat izan da zure bizitzan.

Lehen esan dizudanez, haurtzaroan ikasitako kontuetan ibili naiz. Gizaki baten bizitza da imitazioa, oroimena eta erreflexioa. Unibertsitate garaian bizi izan nuen politizazioa eta gero, ikusi nuen bizitzak oinarri haien gainean eraiki behar duela, eta horretan energiarena funtsezkoa zen.

Iruñerrian zuek antolatu zenuten garai hartan Europan hondakinen bilketa selektiboan aitzindaria izan zen esperientzia bat. Badakigu zure “El libro del Reciclaje”n luze deskribitu duzula. Guri laburbilduko al diguzu?

Iruñeak bazuen planta bat, Aborgan [Felix Huartek sortutako enpresa, 1978an itxi zena. Gaur izen horrekin Kolonbian dago ongarriak saltzen dituen enpresa bat] izenekoa, konposta egiten zuena etxeetako jaki hondarrekin. Hori leku askotan egiten zen, Valentzia aldean asko; hortik ateratzen zen ongarriak akaso ez zituen gaurko estandarrak beteko, baina baserritarrei interesatzen zitzaien. Baina 1970eko hamarkadatik aurrera zaborra konplikatzen hasi zen: plastikoak agertu ziren eta batik bat bidrioa, usatu ondoren itzultzeko ohitura galtzen hasi baitzen. Horrela sortutako konpostak arazoak ematen zizkienez baserritarrei, azkenerako itxi egin zuten Aborganeko planta, eta Nafarroako Diputazioak baimendu zuen Iruñeko hondakinak Argiñarizko zabortegira eramatea, hasieran urtebeterako, gero bigarrenean ere bai.

Iruñean, San Franzisko eskoletan, antolatu zituzten “¿Qué hacemos con las basuras?” jardunaldiak eta tartean niri ere deitu zidaten. Ordurako “Reciclaje: ni el Estado ni los Ayuntamientos saben lo que es” artikulua argitaratua nuen, datu beldurgarriak eskainiz, hondakinen berreskuraketan ari ziren jendeen garrantzia aipatuz, ijitoak eta traperoak… Pío Barojak “La busca” ezagunean kontatu du trapero horietako baten bizimodua.

Hortik abiatuta, Iruñean ekologismoaren inguruan zebiltzan Patxi Tuñon, García Tabuenca, Mario Gabiria eta abarrek lortu zituzten sos batzuk hondakinen gaikako bilketan hiruzpalau esperientzia berriak egiteko. Hirutatik bat guri eman ziguten, Lorea izeneko enpresari, eta Antsoainen hasi ginen. Zergatik Antsoainen? Zergatik gizartez eta hirigintzaz Iruñea izanik Nafarroara etorritako inmigrante portzentajerik handiena daukalako, analfabetismo tasa handiena daukalako eta unibertsitateko tituludunik ez daukalako. Horregatik, hemen funtzionatzen badu, inork ezingo du esan kontuok Suitzako edo Alemaniako gauzak direnik. Gure abiapuntua zen hondakinak bereizteko kultur mailak ez zeukala zerikusirik, alderantziz, jende horiek hurbilago zeuden naturatik, nekazaritzatik, herri txikitik.
Hasi ginen bereizten beirakiak, paper eta kartoiak, trapuak... eta honetan harremanetan jarri ginen Traperos de Emausekoekin, Iruñeko traperoen mundu zoragarria deskubrituz. Lortutako materialekin erakusketa antolatu genuen Antsoainen: horma-irudi handiak azalduz nola birziklatzen diren gomak, aluminioa, gai organikoak… jaki hondarrak otar batean jarrita, konposta, paper pasta, paper birziklatua, jendeak ukitzeko moduan. Hortik aurrera planteatu nion Iruñeko alkate Julian Balduzi Antsoainen egindakoa modu askoz zabalagoan antolatu genezakeela Iruñea osoan, hondakinen arazoari benetako soluzioa emateko. San Juan auzoan bukatu genuen paper eta kartoiak, arropak eta altzariak bereizten, eta San Juan barruan Ermitagainan astebetez bildu ginen herritarrekin, han hasi nahi genuena beste inon egin gabea zelako. Alemanian hilabete batzuk beranduago hasi ziren, eta ez genuen orduan elkarren berririk.

Lorea enpresa lau gizon eta lau emakumek osatzen genuen. Lortua genuen herritarrek bereiztea oihalak, paperak, potoak… eta aurrerago joan nahi genuen. Gutako batzuk ekologiaz asko irakurriak ginen, bi emakume biologoak dira, eta erabaki genuen hurrengo urratsa izan behar zuela hondakin organiko hartzigarriak bereiztea, jaki hondarrak, landare adarrak, eta beste. Izan ere, herritarrek organikoa bereizten baldin bazuten, gainerako hondakinak lehorrak egongo ziren eta bereizten oso errazak.

Kanpaina oso zehatza egin ostean, 1983ko martxoaren 21ean ekin genion bilketa selektiboari: alde batetik organikoa eta gainerako guztia bestetik. Ermitagaina hautatu genuen Antsoain bezain herrikoia izanik aurreratuagoa zegoelako. Hau da, Ermitagainaren sorreran kooperatibak egon ziren, ondorioz egitura sozial antolatua zeukan, auzo oso parte hartzailea zen. Haien lider naturalengana jo genuen, ez genituen gurekin biltzera konbokatzen, ez, geu joaten ginen haien bileretara. Gogoan dut etxe multzo bat: haien poltsak ikertzen genituenean, berdeak %100 organikoz beteta zeuden beti, eta urdinak gainerako hondakinez.

Zorro urdin horietako batzuk erakutsi genizkien materialen berreskuraketan aritzen zirenei eta berehala interesatu zitzaien haiek biltzea, ikusten zutelako haietako gehiena aprobetxatu zezaketela. Organikoarekin, berriz, konposta egiten hasi ginen Argiñarizko zabortegian bertan. Lanza del Vastoren komunitatekoak kontratatu genituen plastikozko zorroak irekitzeko, eta zabortegiko makinak usatuz konposta egin genuen, politikariei erakusteko konposta bakterioek egiten dutela, naturak, horrek ez duela inbertsiorik eskatzen… ez baldin baduzu kopuru handietan egiten, esan nahi dut.
Ermitagaiñako esperientziatik kontatu ditzaket mila pasadizo. Dirua bageneukan kanpainarako, baina ez izugarri. Auzoan baziren ileapaindegiak, emakumeentzako eskola bat… eta nik haiengana jotzen nuen, kanpaina aurkeztearekin batera eskatzeko ea jakinaraziko ziguten herritarrek pentsatzen zutena, egunero entzuten zutena. Oso sistema merkea da eta oso fidagarria, inkesta garestiak baino fidatzekoagoa. Horretaz gain afitxak inprimatu genituen eta lanik gabe zeuden emakumeei eman jartzeko… eta iragarritakoaren biharamonean kentzeko, jakina, jendeak ez dezan hondakin bihurtuta ikusi hondakinik utzi behar ez dela dioen kartela. Erreportaje bat egin genuen emakume boluntario baten sukaldean gauzak nola bereizi Telenavarran erakusteko. Jendeak gauzak hobetzeko daukan borondatea erabiliz lorpen handiak eskuratu ditzakezu.

Lehen aipatu diguzun beste ardatza gizartearen ikuspegi alternatiboa izan da.

Bai, jendeak parte hartu dezala erabakietan. Urte haietan, hondakinen bilketa selektiboaz antolatu genuen operazio hartan, gehiago interesatzen zitzaidan erakustea sortzen ari ziren arazo berriak, batez ere ingurumenari lotutakoak, ez zegoela konpontzerik jendeak haren ezagutzaz eta jokabide aldaketaz besterik. Honekin, batetik lortzen dugu arazoa konpontzea eta, bestetik, laguntzen du elkarren artean partikatzen, sozializatzen. Politika ezin da izan gaur arte izan dena.
Proiektua gure taldeari eman aurretik orduan Iruñeko alkate zen Julian Balduzi esan nion: “Ematekotan aho batez eman behar diguzue lehiaketan alderdi guztiek, ekologiaren gaian ez da posible batzuek hondakinak bereiztea eta besteek ez, batzuk egotea energia fotovoltaikoaren alde besteak nuklearraren. Ez. Mugimendu hau bestela antolatu behar dugu.
Beti egon izan naiz Alderdi Ekologista sortzearen kontra. Pentsa “El Ecologista” aldizkariaren jabea nintzela, baina ez zitzaidan alderdia interesatzen. Hau beste kontzeptu bat da, denoi eragiten diguna…

Gaur “transbertsala” deitzen zaiona, alegia…

Horixe. Zorte handia izan genuen hondakinen gaia Antsoaingo eskoletan landu genuenean Nafarroan irakaskuntzako inspektorea zenarekin, ezer ez esatea erabaki baitzuen. Bi urte generamatzala gai hauek lantzen erabaki genuen eskolako maisuekin eta zuzendariarekin batera, orduan OHO [gaztelaniaz EGB] zen zazpigarren mailari zegokiola urtean zehar baratzea egitea, Berlingo komunaren ametsa zena. Neska-mutikoek egin zuten baratzea, konposta egin zuten, oholak zerratu… Ikasmaterial gehiago ere argitaratu genuen, euskaraz eta gaztelaniaz, Frankfurteko azokan aurkeztu zen. Baratzea eginez erakusten genuen ez direla bereizi behar eskulana eta intelektuala. Eskolan ikasten zituzten beharrezko kontzeptuak, konpostetik abiatuta bakterioak eta onddoak, horiek desegiten dituzten gai kimikoak, erreakzioak, zer den zerra, behar zen egur kopurua kalkulatzen, hura nola lortu zerrategiarekin kudeatzen…

Zoragarria izan zen. Neska-mutikoek etxetik ekartzen zuten organikoa, eta hor aurreikusten zen nolakoa izan behar zuen etorkizuneko Iruñerriak, haurrek baratzea eta konposta eginez ikasten zuten, eta haiek heldu ahala ez zen ez denborarik eta ez dirurik galdu beharko propaganda eta bestelakoetan, ikasita edukiko zuten. Gaur oroitzen naiz garai haietaz eta nire buruari diotsot: “Baina nola izan ginen gauzak hortik joango zirela pentsatzeko bezain ingenuoak?”. Baina hura egin genuenok esan dezakegu “lortu genuen eta funtzionatu zuen”.

Antsoaingo ametsa zen eskoletan ikasi eta egin egin behar zutela haurrek, fisikoki, lan intelektuala eta eskuzkoa ez zirela bereizi behar, sexu bereizketarik ez zuela egon behar. Egurra zerratu behar zela? Hamabost egunen buruan neskek ederki manejatzen zuten zerra…

Eta halaz eta guztiz ere, hura guztia pikutara joan zen.

Pikutara joan zen funtsean ontzien fabrikatzaileek, tartean ANFEVI Asociación en Defensa del Envase de Vidrio beirakien patronalak, horretarako estrategia bat zeukatelako, Europatik kopiatua. Beirakien fabrikatzaileek erabakita zeukaten errotik eliminatzea ontzien itzulketa, betidanik egiten zena. Gipuzkoan, esaterako, sagardogileak botilak itzultzearen alde zeuden. Katalunian cavaren patronala ere bai. Bidrioak pisatzen duenaren arabera pagatzen baita botila. Cavaren botilak bateratuta zeuzkatenez, errekuperatzaileek bildu eta garbitu ahala cavagileei saltzen zizkieten; botila usatuok berrien erdia kostatzen ziren.

Guk Iruñean bidrioa berreskuratzeko planta jarri genuen martxan, kapital pribatuarekin, eta han bildutako botilak kontrol guztiak pasa eta gero berriaren erdi prezioan ateratzen zitzaizkigun. Ontzigintzan ari den sektoreak negozio itzela ikusi zuen berreskuratzeko sistema hori utzi eta usatu eta jaurtitzeko ontziak zabaltzearekin. Nik “El libro del Reciclaje” liburuan idatzita daukat ANFEVIk itxi zuela Iruñeko RECRISA boikotaren poderioz, behin baino gehiagotan mehatxatu naute auzitegira eramatearekin hori esan nuelako; eraman nazatela, eta han izango dugu aukera luze eta zabal esplikatzeko.
Iruñean galdu egin genuen bataila. Europan zer gertatu zen? ERRA European Recovery and Recycling Association sortu zuten, Espainian sortu zen Club de los Residuos eta orain ISR Instituto de la Sostenibilidad y los Residuos denaren antzekoa; alegia, Europa mailako lobby bat ontzi desetxableak sustatzeko. Lobby horrek finantzatu zuen Europa osoan hondoratzea guk Ermitagainan geneukana bezalako bilketa sistemak. Europan leku askotan zihoazen gure bidetik. Katalunia batean 1994ko hondakinen plana hasten zen aipatuz zenbaterainoko garrantzia zeukan organikoa bereizita biltzeak, eta abar. Baina fabrikanteek erabakita zeukaten usatu eta botatzeko ontziak ezartzea, milioi pila jokatzen da hor.

Orduak pasa nitzake hondakinen inguruan dagoen negozioaz hizketan. Horregatik, hemen egiten ari zaretena Atez Ateko bilketarekin harrigarria da. Euskaldunok eduki behar duzue gene bitxiren bat, gauza bat deliberatu duzuenean horren alde borrokatzeko. Xabier Garmendia [Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea, Gipuzkoa eta Bizkaiko hondakinen planen idazlea, hondakinen eta porlangintzako enpresetako nagusia] eta enparauak tripako minez edukiko dituzue.

Eta zergatik gelditu zen guzti hura?

Dudarik gabe gehiegi aurreratu ginen. Etsenplua ez zen zabaldu. Azkenerako, esperientzia honetan gurekin aritu zen Tere Saez irakasleak, emakume oso jatorra, aipatu zigun zuzendariak galdetzen zuela ea esperientzia haren bideo bat ez genuen grabatu nahi, arrastoa gera zedin. Egin genuen guztiaren ondoren, ea arrastorik utziko ote genuen? Esperientzia hura ez zen interesatu.

Egindako beste gauzetako bat izan zen xerigrafia tailer bat, birziklatutako paperarekin gaztetxoek albisteak zabaldu zitzaten. Aldizkari bat egiten ikasi. Bartzelonatik ekarri genuen aditu bat, “Alfalfa” aldizkaria maketatzen zuena, eta irakatsi zien. Hasieran irakasleak apuntatu ziren, baina grafista laster ohartu zen interesa galtzen zutela eta benetan helduetan ikasi nahi zuen bakarra garbiketan ari zen emakumea zela. Aldatu nahian hasita, gure motorra ondokoenak baino erreboluzio gehiagotan zebilen.

Zer bihurtu zen hura? Nafarroako Gobernuak esperientzia Iruñerri osora zabaltzeko saioa. Ekipo zabalagoa osatu zen, furgoneta eta guzti, ikastetxeei parte hartzea proposatzen ziena. Lehenbiziko ereduak proposatzen zuen hitzaldi bat, erakusketa antolatzeko horma-irudi batzuk erakusten zituztenak batek gai konpostagarriak (patata azalak, sagar ustelak) eta alboan konpost egina, besteak aluminio puskak, poto usatuak, eta abar, eta ondoan lata berri bat, paperarekin berdin, zahar bereiziak batetik eta paper birziklatua, pneumatikoekin gauza bera…

Hurrengo eredua tailerrek osatzen zuten. Eta hirugarren eredua, baratzea. Honetan nekezago apuntatzen ziren, gaur esango genuke zerbait “light”agoa nahi zutela. Baina okerrena ez zen hori izan. Gure asmoa zen sortutako materialak -irakaslearen liburua, ikaslearena, eta abar, bi hizkuntzetan argitaratuak, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren sariak jaso zituztenak- horiek izan zitezela Nafarroako Diputazioak ingurumenaren errespetuaz zabalduko zuen testuliburuaren sarrera berria, tartean sartuta konpostaketa eta hondakinen gaikako bilketa, Nafarroa osora. Horretarako, noski, gaikako bilketa honek Iruñean ugaritzen joan behar zuen. Eta hoberenean geundela, sekulako arrakasta lortuz Ermitagainan, gauzak okertzen hasi ziren.

Nolaz okertzen?

Batetik, esperientziaren jarraipenak ez zuen ezkerreko partiduen babesa lortu Udaleko osoko bilkuran. Guk gai guzti hau Lorea izeneko enpresa batekin bideratzen genuen eta nik hasieratik eskatua nuen kontratua urtebeterako izatea, berriztagarria. Orain ohartzen naiz oker egin nuela. Iritsi zen kontratua berritzeko eguna, Herri Batasunak plenoan atsedenaldia eskatu zuen, Alianza Popularrarekin bat egin zuen eta pikutara bidali zuen esperientzia.

Beste aldetik, hondakinen industria gainean geneukan. Europa osoan European Recovery and Recycling Association lobbya egiten ari zen bezala. Ari ziren lehertu nahian ontzi berrerabilgarrien merkatua, usatu eta jaurtitzeko ontzienarekin nagusitzeko. Saltsa horretan, Iruñerriko Ur Partzuergoaren barruan sortu zuten zaborren atala. Niri eskaini zidaten zuzendari nagusi izatea, baina ohartzen nintzen enpresa pribatua sartzen baldin bazen gure eredua ez zitzaiela batere interesatuko. Beste lekuetan ikusita banekien zer pasatu behar zuen. Balduz alkateari lagundu nion zuzendaria hautatzen, baina ni apartatu nintzen, gure esperientzia hankaz gora bota behar zutela banekielako. Hondakinen industriak ez baitu gogoko.

Garai horretakoak izan behar dute zabortegien inguruko istiluek.

Hortik sortu zen Argiñarizko zabortegia martxan jartzea, aurretik geldiarazita baitzegoen, ikusi arte ea zer gertatzen zen gaikako bilketarekin. Julian Balduz alkateak ikusi baitzuen posible zela. Baina hura eten zenean eta enpresa pribatua sartu, honek ezarri zuen eskueran zeukan teknologiaren araberako soluzioa, zabortegia. Hau da, inbertsio handiekin, kamioiak, baskulak, eta abar.
Hor esan zuten Aranguren bailarakoek ezetz. Ez zuten zabortegirik nahi. Labianoko apeza buru zutela, gatazka oso bortitza sortu zen. Guardia Zibilak sartu behar izan zuen, lanen ardura zeraman ingeniariak etxetik joan behar izan zuen. Nik ordurako [1990 inguruko kontuez ari da orain] zin egina nuen ez nintzela sekula gehiago Nafarroako hondakin kontuetan sartuko, ezta munduko urre guztiaren truke ere. Gau batez Nafarroako pertsona nabarmen batek deitu zidan: “Alfonso, norbait hil daiteke Arangurengo gatazkan. Beldur gara azkenean ETAk esku hartuko ote duen saltsa honetan. Labianoko apezak ez du hizketarako inor onartzen zu baizik”. Eta etorri nintzen. Pentsa noraino egon naizen Iruñerrian sartuta…

Orduan zabortegia egitea erabaki zuten. Orain, aldiz, errauste planta egin nahi dute.

Jakin behar da uraren eta zaborren industria eta adreiluarena, eraikuntzakoa, bat bera direla. Garai hartan zabortegi kontrolatua zen hondakinentzako Espainian zeukaten erantzuna. Hau da, zabortegi bat probintziako, batzuetan probintzia bat baino gehiagorentzako. Gogoan dut Valladolideko Diputazioak Lorea enpresari eskatu zion azterketa bat Gaztela-Leongo gobernuak –alderdi berekoak izan arren- proposatzen zuen zabortegiaz. Joan ginen egin berria zuten zabortegi erraldoira, eta autoarekin jira eta bira ibili behar izan genuen zaborren bat aurkitzeko, ezin aurkitu, hain handia zen eta hain urria herriek sortzen zuten hondakina.

Sistema horrek zekartzan kamioi handiak, edukiontziak herrietan, errepide handiak, mugimendu handiak, dena handi… Hori zen adreiluaren industriak orduko medioekin egin zezakeena. Ohartu direnean horrek ez duela hainbeste etekin ematen, orduan datoz europar estiloko zabortegiak: azpian hartxintxarrak edo geotextila, isuri zikinentzako sistemak, biogasa baliatzeko sistema, zentral erregulatzailearekin gasa elektrizitate bihurtzeko… Eredua? Asturias.

Asturiasko hondakin guztiak, industrialak, arriskutsuak, denak, haran batean biltzen dituzte. Kristorena da. Milaka hodi gasa bideratzeko, erregulatzailea, behar duten energia sortu eta gainera esportatu egiten omen dutela… “Omen”, diot; datuak eskatu eta oraindik zain nago. Baina Espainiako Felipe printzea eraman zuten harantz, eta esan zuen: “Hau da jarraitu beharreko eredua”… ideia zipitzik eduki gabe. Merezi luke hemerotekan erakustea, gaur egun legearen kontrako sistema baita, eta hortik aurrera hasi ziren denetik ingerianiak erromes moduan bisitan. 1988-90 garaietaz ari gara.

Sistema horren muina zera da: eraikuntza garesti eta zentralizatuak, energia nuklearrarenak bezalakoak. Kapitalista handiek ez beste inork ezin dituelako egin horrelako inbertsioak. Kapital handia, kapitalaren kontzentrazioa, kapitalaren diktadura… nahi duzun moduan deitu, salda berean egosten ari dira.

Orain errauste plantak iritsi dira. Alemanian azaldu zen errausketa, Alemanian zabortegiak debekatu zirenean sortu ziren. Mugimendu ekologista indartsua zeukan, populazio kontzentrazio handia, industrializazio oso sendoa, zaborrak uzteko kasik lekurik ez zen geratzen… eta errausketa azaldu zen. Prozesu industrial guztiak erraustean oinarrituta daude, berdin dio fundizio bat, metalurgia, bihotza labean datza. Beraz, “zergatik ez ditugu hondakinak ere erreko?” eta azaltzen da intzinerazioa.

Gero azaldu ziren dioxinak eta furanoak, badirudi Holandako laborategi batek aurkitu zituela orduan interpretatu ezin zituen arrasto moduan, konposatu kimiko ezezagunak zirelako. Analisi horiek, dirudienez, pare bat urtez gordeta eduki zituzten eta azkenean Alemaniako mugimendu ekologista izan zen salatu zuena gai kimiko horiek azaldu zirela eta errausketarekin lotuta zeudela. Eta Alemanian errauskailuen kontrako mugimendua abiatu zen.

Baina, jakina, industriak amortizatu behar zituen errausketan egindako inbertsio handiak, izugarri handiak. Eskalako ekonomiak agintzen du gero eta handiagoak egitea, errauskailuak bezala hegazkinak, ikusi azken Airbusak. Nire amaren jaioterriko biztanle guztiak sartuko lirateke bertan, eta leku gehiago legoke artean. Hori bai, ezinezkoa da abioi hori erortzea, nabigatzeko oso sistema aurreratuak baitauzka lehengoek ez zeuzkatenak, berdin dio hegazkina bada edo intzineradora, aparailu berriak ez ditu edukiko aurreko ereduak zeuzkan akatsak.

Beraz, inbertsioak errentabilizatu behar ditugunez, nora bidaliko ditugu errauskailuak? Ingurumenaren babesa, garapen industriala, ekologisten presioa eta abar Alemaniakoak baino apalagoak diren herrialdeetara. Ez da inor salbatzen. Hori bai, kuriosoa da, errauskailu gutxiena dauzkan herrialdea Estatu Batuak dira, inperioa, populazio gehien daukana, garapen industrial handiena… eta zentral nuklearrak ere berak dauzka gutxien, nahiz eta arma nuklear gehien dituena izan.

Badut idatzi bat AEBetako zientzialari batzuek egina, non esplikatzen duten nola instalazio izugarri garestiok produzitzen dituzten korporazio erraldoi handiak joaten diren mundutik aztertuz non egin instalazio berri bat, inbertsioei etekin handiagoa ateratzeko. Jakina, orain garestiena dagoeneko ez da errausketa, garestiagoa da plasma. Horregatik kontatu nuen nola Cabo Verdeko Mindelo hiriburuan, munduko herririk txiroenetako batean, nola galdetu zidan zinegotzi batek: “Alfonso, zuk zein iritzi daukazu plasmari buruz?”.

Horregatik gertatzen dira horrelako gauza eskandalosoak, nazioarteko elkartasun funtsekin plasmazko fabrika bat eraikitzea. Konparazio bat egiteko, hori da Rolls-Royce bat erostea soroan patatak biltzeko. Edo Madrildik Toledora joateko hegazkina hartzea.

Zeri begiratu behar diogu, Bizkaiko Zabalgarbikoaren edo Gipuzkoan egin nahi dutena bezalako errauskailu baten aurrean gaudela?

Liburu bat daukat honetaz idatzia, “Insisto, soy verde. Una alternativa a la incineración de residuos en Gipuzkoa”, Ezker Batukoek argitaratua eta orain Interneten Hernanin Zero Zabor taldekoek ipini dutena. Horren lehen zatian saiatu nintzen desmontatzen PIGRUG famatua argudioen aldetik. Ondoren lau eranskin biltzen ditu: bat gai organiko hartzigarrien garrantziaz mintzo da, bigarrenak aztertzen du organiko hori modu selektiboan biltzea, hain zuzen orain zuek egiten ari zaretena, hirugarrenak aztertzen du biodigestioa, gasa egiteko, eta laugarrenak esplikatzen du zer den errausketa, kontzeptu fisiko eta kimikoen aldetik.

Gai organikoak dira erre daitezkeen bakarrak. Organikoetan batetik daude hartzigarriak, naturan daudenak, izan animaliazkoak edo landarezkoak. Horiek osagai sinpleagoetan deskonposatu daitezke, bakterioen, aktidiomizetoen eta abarren eraginez. Beste aldetik daude hartzigarriak ez direnak, petroliotik eratorritako guztiak adibidez. Petrolioz egindakoak sutu daitezke, baina ezin da konpostik egin haiekin.

Janarien hondar horiek konpost bihurtu ditzakegu eta naturari berreskuratu, hori litzateke gai organikoen birziklatze zikloa osatzea. Hori da hondakinik garrantzitsuena. Lurrari kendu badizkiogu landareak, egurra eta beste, eta hondarrak ez baldin badizkiogu itzultzen konpost bihurturik, orduan lurzorua pobretzen ari gara. Horrek dakartza higadura arazoak. Espainiak daukan arazo ekologiko nagusia higaduragatik lurzoru galera da. Batez beste gure lurzoruetan gai organikoak %1aren azpitik daude, ondobidean gutxienik %3an egon beharko luketenean. Lehentasuna dauka gai honek. Zergatik ez den egiten? Ez duelako negoziorik sortzen, lurrak ez duelako kexurik adierazten. Aldiz, negozioa hondakinak beste moduetan erabiltzean dago.

Zergatik errausten dira hondakinak?

Plastikoak eta bestelako organiko sintetikoak erretzea oxidatzea da, konpostatzea den bezala. Hondakinak kontzentratzen dira eraikuntza handietan, kamioi handiak erabiltzen dira horretarako, hondakinek daukatenaz gain energia gehiago behar dute errausteko. Hori da eredu industriala. Labeetan asko dago ikertuta, izan metalen fundiziorako, labe garaietarako, porlan fabriketarako… Eta labeen teknologia hori ahal den guztiei saldu nahi zaie.

1978an “El Ecologista” aldizkarian artikulu bat plazaratu nuen galdetuz ea zer gertatzen den herrialde honetan hildakoekin, orain arte lurperatu egin izan direla, konpost bihurtuz. Madrilen udalak jarri zuen lehenbiziko krematorioa, eta dohainik errausten zituen gorpuak, milaka urteko kultura tradizionala aldatzeko, jendeak onartu zezan berrizalekeriaz, teknologiagatik: krematorio zoragarriak, egongela politekin... Berria, teknologikoa… Gaur hilotz bat erraustea, tanatorioa eta gainerako parafernaliekin, 3.000 euro inguru kostako zaizu. Zer gertatu zaigu 3.000 urteko lurperatze ohitura galtzeko 30 urtetan? Orain hilotza erretzeagatik pagatu egiten dugu, sortzen duen kutsadura guztiarekin. Teknologikoa, industriala eta aurreratua omen dena, alor guztietara zabaldu nahi dugu. Erretzea, erraustea, denetan aplikatu nahi dute instalazioak amortizatzeko.

Hondakinetara etorrita, gaur egun erraustea ez da garestiena, plasma are karioagoa da, teknologiaz aurreratuagoa. Saltzen dutenek diote ez omen duela kutsadurarik eragiten. Beti instalazio industrial modernoago batek gainditzen ditu aurrekoaren eragozpenak. Ez omen du batere eraginik izango.

Tamalez, edo zorionez, nondik begiratzen diogun, Japonian gertatu denak [Fukushima Daiichiko zentral nuklearraren istripu larriaz ari da] erakutsi du, non eta munduan industriaren kontrolean eta kudeaketan perfektoentzat zela jotzen zen herrialdean, zentral nuklearra berez sekulako atzerapauso teknologikoa dela, lur gainean eraikitzen duelako erradioaktibitate foko txit arriskutsu bat, aurretik 4.000 milioi urte kostatu denean planeta honetan arnasa hartzeko moduko giroa sortzea. “Kontrolatuta zegoen”… bai, kontrolatuta zegoen kontrola galdu zen arte. Oso deigarria suertatuko da Fukushimakoa, askok ez baitute hain erraz sinetsiko berria izateagatik, azken belaunaldikoa izateagatik, iraganeko akatsak errepikatuko ez dituela. Ez dut imajinatzen zer pasako zen Espainian gertatu izan balira lurrikara eta tsunami haiek, agian ez ginen hemen egongo gaur.

Beraz, galdetu behar duguna da ea zer den saldu nahi digutena.

Eta zer da?

Saldu nahi digute hondakinak erretzeko orain arte dagoen sistemarik garestiena, alde batera utzirik plasma, hau are karioagoa da eta. Kapital kontzentrazioaren eta kudeaketa zentralizatuaren logikari erantzuten dio. Errauste planta bana probintziako, ahal balitz lau handi herrialde osoan, autopista handiz inguratuta, kamioi handietan hondakinak kiskaltzera eramateko.

Ez da hemengo arazoa soilik. Bada hogei urte Argentinan Kordobako mediku batek esaten zidala udalaren aurrekontuaren %40 hondakin bilketak eta tratamenduak eramaten zutela. “Gomorra” filma ikusi baldin baduzue, dena mugitzen da hondakinen tratamenduaren inguruan dagoen ustelkeriaren bueltan. Hondakinak kontzentratu egiten dira, eta horien gain aplikatzen dira teknologia oso garestiak diru publikoz pagatzen direlako, gai honetaz herritarren artean dagoen ezjakintasun izugarrian oinarrituta.

Kalkulatuta dago, Europar Batasuna 17 herrialdek osatzen zuten garaian, europar bakoitzak urtean baliabide naturalen 50.000 kilo kontsumitzen zuela. Kontsumitzen ditugun baliabideetatik hondakin bihurtzen ditugu %87-%93, airera, uretara edo lurrera doazenak. Gizarte industrialetan gizakia da baliabideak hondakin bihurtzen dituen izaki bat. Horregatik, hondakinen kudeaketaren mundua erraldoia da. Baina ezkutuan dago, ez zaigu interesatzen, unibertsitateetan ez dago Hondakinen fakultaterik. Beste planetatik antropologo bat baletorkigu bisitan, itzulerako txostenean esango luke gizakia espezializatuta dagoela mugatuak diren baliabideak hondakin bihurtzen. Hor kokatu behar ditugu errausketa, plasma eta gainerakoak.

Errausketak, eta oro har hondakinen kudeaketak, erabiltzen ditu diru publiko kopuru izugarriak. Zabalgarbi errauste plantak, Bizkaian, eraikuntzan irentsi zituen milioika euroez gain, atera berria du lehiaketara eraikin gehigarri bat, iristen zaion hondakin organikoa lehortzeko; gainerakoan energia gehiago kontsumitzen baitu daukan ura galtzen gero kiskaltzean sortuko duena baino. Sacyr-Vallermosok irabazi du lehia, aurreikusi gabe zegoen pre-tratamendu planta bat 200 milioi eurotan eraikitzeko. 200 milioiok ez zeuden aurreikusita hasierako kalkuluetan.

Hondakinen errausketaz ari garela, beti euroak ehunka milioitan kontatzen dira…

Egia da. Zergatik? Hondakinen tratamendua dagoelako herrialde honetako industria indartsuenaren esku, adreiluaren industriarenean. Espainia etxebizitzaz hormigoiztatu duten enpresa horiek berek biltzen dituzte hondakinak eta tratatzen dituzte urak. Horiek dauzkate kamioiak, ezagutzen dute negozioa, kamioi horiek mugiarazteko instalazio handiak nahi dituzte. Hasieran zabortegi erraldoiak nahi zituzten. Gero errauste planta handiak. Edo biogas planta erraldoiak, funtzionatzen ez dutenak edo ikaragarri gaizki dabiltzanak, Tuterakoa bezalakoak, edo Madrilgo biak bezalakoak, hasierako gastuak bi halakotu eta oraindik martxan hasi ez direnak. Inork ez ditu gauzok jakiten.

Hori bai, etxeetako fatxadetan ezin da arropa garbitua zabaldu, patio aldera zabaldu behar dira, aurreko aldea itsusituko lukete kuleroek, maindireek. Ikusi egiten baitira. Baina ikusten ez dena… Madrilek hektareak eta hektareak dauzka, zabortegiak, eskonbroen biltegiak… errepideetatik aparte daude, ez ditugu bistan nahi.

Adreiluaren industria indartsua, sekulako kontzesioak eskuratzen dituena, aurrekontuak zatikatuta hain itxura gogorra ez emateko, jendearen ezezagutza… horien gainean daude antolatuta errauste plantak.

Zer da, beraz, errauste planta bat? Makina bat beroa sortuz erretzen dituena mugatuak diren materialak, batzuk ekologikoki beharrezkoak ditugunak lurrari itzultzeko, janarien hondarrak eta antzekoak, besteak birziklatzeko modukoak, plastikoak eta. Plastikoen birziklatzen sekulako tradizioa edukiak gara.

Zer da errauste plantaren labe bat? Hasi nintzenean Madrilgo auzitegiak eskatuta aditu lana egiten, hasi nintzen aztertzen Madrilgo errauskailuaren proiektua, hasieran Dragados eta gero Fomento izeneko enpresarena. 14-15 liburuki irakurri, bukatu eta inondik ez ziren azaltzen nik behar nituen datuak: labearen diseinu eta funtzionamendua, isurien aurreikuspenak, eta abar. Ez ziren inondik ageri. Gaur egun obra publiko handietan nahiko ohikoa da, proiektua sekulakoa da baina ez dira definitzen gero arian-arian birmoldatu daitezkeen atalak.

Usurbilgo jardunaldira [Atez Atekotik Zero Zaborrerantz Errausketarik gabe, II. Jardunaldia, 2011ko martxoan burutua] gonbidatu zaituzte Madrilgo errauskailuaz hitz egitera. Zehatzago, errauskailu haren kontrolaz eta kontrolik ezaz.

Greenpeace, Ecologistas en Acción eta Comisiones Obrerasek 1996an Madrilgo Auzitegiko ingurumen fiskalari eskatu zioten artean frogatan zegoen errauskailuareren jarduera oztopatzeko, frogatu arte haren isuriak ez zirela kaltegarriak gizakien osasunarentzako. Fiskalak lau perito izendatu zituen: Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC)eko doktora madrildar bat, dioxina eta furanoen laginak hartzeko; Rodriguez Farre doktorea, dioxina eta furanoek giza osasunean duten eraginaz Europan gehien dakitenetakoa, Bartzelonako CSICekoa; Sarriáko institutu politeknikoko irakasle bat eta ni neu, konpostaketaz eta birziklaketaz aditu gisa. Hura gaizki bukatu zen, auzitegiak ez zion fiskalari kautelazko itxiera onartu.

Alabaina, urtebete pasa baino lehen, errauskailua martxan zegoela, Madrilgo komunitateak egin zuen ikerketa bat udalak egiten zuenaren paraleloan. 16 analisi eskatu zituen arren, fiskalari bakarra pasatu zion: dioxina eta furanoetan onartutako gehieneko maila %1.480an gainditua zuen. Maximoa ezarrita zegoen aire metro kubikoan 0,1 nanogramotan. Fiskalak berriro deitu zidan, dioxina eta furanoetan aditu lanak egin nitzan. Ez nintzen horretan berezitua, baina fiskalak deitutako beste adituetatik inork ez zuen onartzen, onartuz gero ez baitzuten gehiago lanik egingo sektorean. Eta azkenean nik hartu nuen.

Zorte handia izan nuen. Beti dago jende ondradua lanean ikusitako informazioa pasako dizuna, bere izenik ez azaltzekotan. Zortzi urte eman nituen horretan, nik paper bat idatzi, sektoreak beste batekin erantzun, eta abar. Azkenean fiskalak lortu zuen Madrilgo 35. Auzitegiak onartzea auzi penal bat “por contamimación grave y perjuicio para la salud y el medio ambiente”. Zergatik dioxinak eta furanoak?

Edozein errauskailuk airera jaurtitzen dituen gaiak erre dituenei dagozkio. Kimikaz zerbait dakienak badaki edozein gai organiko hartzigarri osatuta dagoela glukosaz gehi osagai gehiagoz. Haragiak dauzka nitrogenoa, fosforoa, potasioa… Landarekiek dauzkate sodioa, potasioa eta abar. Naturan glukosa hutsez egindako ezer ez dago, erleen eztia ez bada. Beraz, erretzen badugu gai organiko purua, aterako zaigu CO2, ur lurrindua, beroa… gehi daramatzan osagarriak. Baina gainera, erretzen dugunak baldin baditu erre ezin diren osagaiak, adibidez metal astunak, kromoa, kadmioa, merkurioa, eta abar… edo gai organikoekin batera kloroa baldin badago… Kloroa ugari daukagu inguruan, ez bakarrik PVC famatuan, baita janarien gatzean ere. Esaten da klororik ez dugula behar bizitzeko, gatza gehigarri bat da (besterik da batek baino gehiagok pentsatzea gatzik gabe janez bizitzekotan, hobe dela hiltzea). Kloro honek, gai organikoak kiskaltzen direnean, joera dauka dioxina eta furano famatuak sortzeko.

Argitu pittin bat kutsagai horien kontua.

Errauskailuaren tximiniatik gauza asko ateratzen da, kromoa, merkurioa, eta abar, zaborrak gauza asko dauzkalako gai organikoez gain. Baina Munduko Osasunaren Erakundeak dioenez, dioxina eta furanoak dira gizakiak sortu dituen elementu sintetikoen artean osasunarentzako kaltegarrienak. Gainera, ez dute ezertarako balio. Horregatik 2000. urtean Estokolmon 51 herrialdek sinatu zuten itun bat dioxina eta furanoak murriztu eta eliminatzeko. Espainiak 2001ean sinatu zuen eta konpromisoa hartu zuen dioxina eta furanoen sortzaile handienen inbentarioa egiteko: porlan fabrikak, metalurgia, paper fabrikak, baita gorpuen krematorioak ere eta hirietako hondakinen errauste plantak ere bai.

Hor erabaki zen dioxina eta furanoetan airean onartu daitekeen gehiena dela 0,1 nanogramo metro kubikoan. Nanogramo bat ateratzen da gramo bat mila milioi zatitan banatzetik. 0,1 nanogramo da gramo bat hamar mila milioi zatitan banatua.

Madrilgo komunitateak egindako analisian, esan dugunez, ikusi zen hango errauskailuak tope hori gainditzen zuela %1.480an. Nik ulertu nuen ezin zela egun bakarreko kasualitatea izan. Hori izan zitekeen edo kudeaketa txarraren ondorio, edo aitortua baino kloro gehiagoko hondakinak kiskaltzearen ondorio.

Aireko dioxina eta furanoen analisia garestienetakoa da analisien artean. Analisi bakar bat kostatzen da 2.000-2.500 euro artean. Perito hasi nintzenean Espainian erakunde bakarra zegoen horretarako baimendua, Bartzelonako CSICena, gaur bi dira, Sarriáko institutu politeknikoak ere egin ditzake. Baina prozesua konplexuagoa da. Sei bat enpresa daude baimenduta errauskailuaren tximiniatik airea hartzeko. Errauskailuak erregistro bat eduki behar du altuera batean, eskailera batetik teknikariak haraino iristeko moduan. Espainian UNE Una Norma Española protokoloek arautzen du nola hartu laginak, nola analizatu, eta beste.

Nik epailearentzako prestatu nuen informean analizatu nituen Madrilgo komunitatearen analisietan ikusitako okerrak, batean teknikoetako batek ez zuela sinatzen, bestean halako puntu ez zela aipatu, eta abar, formazko oker txikiak. Baina, aldiz, udalak egindako analisietan [dena ondo zebilela bermatzen zuten haietan] ez zegoen erreferentzia bakar bat ere UNE arauak betetzeaz, ez zegoen laginak hartu zituen enpresaren daturik, ez zen azaltzen ez nork aritu zen horretan, zenbat orduz… Laborategiko emaitzak besterik ez zegoen.

Zer gertatzen zen? Madrilgo udalaren analisiek beti 0,1 nanogramo azpiko kopuruak ematen zituztela, batez beste 0,05 nanogramokoak, gehiengo mugaren erdia. Baina gainera, ikusita lehenbizikoz peritu aritu nintzenean zer gertatu zitzaidan, bigarren aldi honetan Guardia Zibilaren Seprona zerbitzura jo nuen. Fiskalak komandantea aurkeztu zidan eta Guardia Zibil horiek nirekin goiz bat pasatu zuten errauste plantaren barrunbeak ezagutzen. Handik egun batzuetara beren aldetik joan ziren guardia horiek polizi lana egitera, eta bertan frogatu zuten errauskailua gaizki kudeatzen zutela. Haien informea izugarria izan zen. Nabarmena zen TIR Madrideko labe hura ona zela baina gaizki kudeatua.

Alabaina kasua hartu zuelarik epaile andre batek, haren autoan ez zuen hitz bat esan nik Madrilgo udalaren analisiei buruz idatzitakoez, ezta hitz bakar bat ere Guardia Zibilaren informeez. Esaterako, hauek okerrak ikusi zituzten errauskailuko langileek karbono aktibatua manipulatzeko eran. Hau oso garrantzitsua da. Errausketan, esan dudanez, kloroak dioxinak eta furanoak sortzen ditu. Oraingo labe modernoek kiskalketarako kamera bikoitza daukate, sortu diren dioxina eta furanoek gutxienez bi segundo pasa ditzaten 850º baino gehiagoko beroan, horrela desegiten baitira furano eta dioxinetako gehienak. Ondoren tximiniatik ateratzen dira eta berriro osatzen, eta orduan, hain zuzen, karbono aktibotik iragazten dira karbonoari itsatsirik geratu daitezen. Horregatik karbono aktiboa zorrotz kontrolatu eta aldatu behar da. Guardia Zibilaren informea kristorena zen: “Zenbat aldiz eta nola aldatzen duzu karbono aktiboa?” galdetzen zioten hango langileari, eta honek “Onbre, tarteka pasatzen naiz eta kolpe batzuk ematen dizkiot kaxari, batzuetan karbono aktiboa butxatu egiten baita” eta horrela.

Esan dizudanez, informe hori ez zuen epaileak kontuan hartu. Hartu ez zuen bezala udalaren informeetan ez zela azaltzen zein enpresak eta nola hartu zituen laginak. Aldiz, epaile andreak garrantzia eman zien nik komunitatearen analisian nabarmendutako akats formalei. Eta bertan behera utzi zuen kasua. Akta irakurtzen duenak pentsatu behar du Alfonso del Valek halako defentsa egin duela Madrilgo udalak eskaini dituen informeez, zerenazkenean epaileak kasu egin baitio, eta TIR-Madrideko errauskailua zoragarri ari dela lanean.

Zure ustez zertarako balio digu gipuzkoarroi, zehazki Zubieta inguruko herrietan bizi garenoi, zure esperientzia hark?

Batetik, oraintxe bertan eskatu beharko zenituzkete inmisioen analisiak. Gauza ezberdinak dira emisioak, tximiniatik ateratzen direnak eta inmisioak, arnasarekin barneratzen ditugunak. Gizakiak minutuko 12-13 aldiz hartzen du arnas. Airean daude elementurik arriskugarrienak, nabari ez ditugulako. Pentsa ezazu, laborategian dioxinak analizatzerakoan erabiltzen da unitatetzat pikogramoa, gramo bat zati bilioi bat. Pikogramoa bider mila egin eta nanogramoa aterako zaizu. Dioxinek eta furanoek ez dute usainik, ez dute kolorerik, ezin dira ikusi, ezin dira detektatu ez bada laborategiko sistemekin.

Dioxina eta furano horiek daude gaur egun arnasten dugun “zopa” kutsagarriaren barruan, airean denetik baitago. Osasuna zaintzeko lehenbizi zaindu behar dugu sudurretik sartzen zaiguna, airetik kutsadura askoz errazago sartzen baita lurretik edo urarekin baino. Beraz, gaur irensten duzuen kutsaduraren inmisio analisiak lortu behar dituzue, errauskailua martxan dagoenean emandako datuekin alderatzeko. Bestela, behin errauskailua martxan jarritakoan detektatuko dituzten dioxina, furano, merkurio, kadmio eta bestelakoak lehendik ere bazeudela argudiatuko dute, halako edo bestelako industriak ere isuri ditzakeelako.

Bestetik, ondo hautatu laginak hartuko dituen enpresa. Bartzelonako laborategia serioa da, fidatzekoa da. Aldiz, ez da hainbeste fidatu behar laginak hartzen dituzten enpresez. Ez dut hemen pistarik emango, baina ikusi ditut faxak Madrilgo TIR Madrid enpresatik muestrak hartu behar dituenari bidaliak… Laginak hartu behar dituenak ez du onartu behar agindu diezaioten zein egunetan etorri, zein ordutan, zein labetara. Kontrola faltsutu daiteke, esaterako, mantenimendurako geldialdian dagoen labea arakatuta, edo gasoila erretzen ari dena.

Gasoila, bai. Nire lanean ohartu nintzen Madrilgo errauste plantak hilabete osoak ematen zituela gasoila besterik erre gabe. Izan ere, hondakinak errez sortzen den argindarra energia berriztagarritzat jotzen dute, prima bat jasotzen duena, eta kiskaltzeko aski hondakin ez baldin badaukazu komeni zaizu gasoilarekin segitzea produkzioa, bestela, urteko hainbeste Kilowatt sortzeko konpromisoa hartu duzunez, penalizazioa jasango baituzu. Hilabete osoan gasoila besterik erretzen ez duela… horrek, noski, ez ditu hondakinak kiskaltzearen kutsagarri berdinak eragingo.

Diputazioak edo dena delakoak, errausketa sustatu duenak, horrek pagatu behar du aditu independientea bideratuko duena kontrol egoki bat, muestrak hartzeko enpresa hautatu, jarraitu, eta laborategiko frogak aztertzeraino. Honek nolabaiteko segurtasuna emango lioke inguruko jendeari. Nolabaitekoa, diot. Zeren eta hau eremu oso minbera baita. Porlan fabrikek eragindako dioxina eta furanoak ikertu zituena gaur egun atal horretatik kanpo geratu da, esaterako. Edo ikusi gorpuen krematorioak, laginak hartzeko leihorik ere ez daukate. Eremu zaila da.

Dioxinekin eta furanoekin ez dut inor ikaratu nahi, baina hasieran ikusi zen kantzer eragileak direla, gero teratogenikoak, eta orain onartzen da ama batek barruan daraman fetoari pasa diezaiokeela eraldaketa genetikoa kausatuz, ondorengoari eta honen ondorengoari ere bai. Horregatik dago erabakita horiek direla gizakiak sintetizatu dituen gairik arriskutsuenak. Ez dut inor ikaratzeko asmorik. Errauste planta aztertzerakoan, gutako bakoitzak erabaki behar du zeri ematen dion garrantzi handiagoa: batek nabarmenduko du lehengaien xahuketa; beste batek garrantzia emango dio ekonomiari, alegia merkeago soluzionatu daitekeen gaiari halako sistema garestia hautatzea; besteak azpimarratuko du ekologia mailako burugabekeria, lurzoruarentzako hain garrantzitsua den gai organikoa alferrik galtzea; beste bati interesatuko zaio hondakinen inguruan dagoen egituraketa ia mafiosoa, eraikuntza enpresen inguruan, edozein usteltzeko gai dena…

Askok galdetuko zizuten honezkero: hondakinak hain gaizki kudeatzen ari garela hain garbi azaltzen duzunez, eta hainbeste informazio egonda eskueran, zer dela eta segitzen dute agintariek gaizki egiten tematuta?

Egia da, gaur sekulako informazioa daukagu, aski da botoi bati ematea eta nahi adina aterako zaizu, aski duzu informazio batzuk eta besteak erkatzea gauzak ulertzen joateko. Agintarien jokabidea ulertzeko, hondakinetan bezala beste sail askotan, nik binomio hau erabiltzen dut: “Erabaki okerra = Faktore pertsonala + Ustelkeria”. Faktore pertsonalean egon daitezke ezjakintasuna, ergelkeria, jubilatzeko gogoa, paso egitea… Ustelkerian sartzen dira dirua, bidaiak eta abar. Egunak aurrera joan ahala gero eta seguruago nago horretaz. Zinegotzi jauna, zuk babesten baldin baduzu instalazio bat alferrikakoa, izugarri garestia, kontrolagaitza… bitatik bat, edo zuzeneko interesak dauzkazu hori egin nahi duen enpresan, edo pagatzen dizute, edo ergela zara!
Gipuzkoako Ingurumen eta Iraunkortasun diputatu Carlos Ormazabalek esan berri du prentsan: “Errauste plantarekin Gipuzkoako hondakinak konpondu ditugu ondorengo 20 urteetarako”. Zer derizkiozu?

Nik esango nuke gramatikako akats bat dagoela hor; esan beharko luke: “Errauste plantarekin 20 urterako konpondu ditut hondakinekin neuzkan arazoak”. Berak gainetik kendu du arazo bat nolabaiteko konpentsazioren bat jaso duelako. Itzuli beharko genuke lehen aipatu dizudan erabaki okerren arrazoien binomio hartara.

Hondakinen gaia oso gaizki kudeatzen dugu. Ez daukagu hondakinen fakultaterik unibertsitatean, nahiz eta horixe izan gizakiok gehien produzitzen duguna. Hizkuntzak ere engainatu dezake. Ingeniaritzako eskuliburuak beteta daude “hondakinak eliminatzeko teknikak” bezalako atalez. Eskolako umeek badakite materia ez dela ez sortu eta ez desegiten, transformatu egiten dela. Errauskailua transformatzailea da, hirietako hondakin solidoak bilakatzen dituena gas, eskoria eta errauts, gehi beroa. Organikoa besterik ez da kiskaltzen, organikoa ez dena berdintsu aterako da baina oxidatuta. TIR Madriden lortu nituen datuek zioten sartutako hondakin tonen %25-26 eskoria eta errauts bihurtuta ateratzen direla. Gainerakoa tximiniatik ateratzen da gas bihurtuta, beroa sortuz. Beroa ez da masa duen hondakina, ezin da pisatu… eta hor daukagu hondakinen arazo nagusietako bat: nola neurtu.

Urte mordoa daramat hondakinen kontuekin, Espainian sortzen direnen zentso orokor bat osatu nahian ari naiz aspaldi, mila milioi tonaz ari gara, eta ez dut aurkitu unitate bakar bat denentzako: nola gehitu ditzaket milaka milioiko iraupena daukan erradioaktibitatea, pisurik ez daukan beroa, erradiazio elektromagnetikoak… Hondakinen Fisikarik ez dago.

Niri asko gustatu zitzaidan Usurbilgo zure hitzaldian [martxoan Atez Ateko Bilketaren eta Zero Zabor estrategiaren inguruan Usurbilen antolatutako jardunaldiaren barruan] bukaeran esan zenuena: “Baina azkenean errauskailua egiten badizuete, lasai, ez da mundua bukatzen, badira arazo larriagoak munduan”. Norbaitek pentsa lezake hitz desmobilizatzaileak direla, baina nik, hangoa izaki eta errauskailua eraiki nahi duten lekutik 5 kilometrora bizi naizena, eskertu nituen.

Begira, orain urte batzuk Sevilla inguruan, Miramundon 1992rako eraiki asmo zuten errauskailu bati buruzko eztabaida batean parte hartzeko aukera izan nuen. Ekitaldia bukatutakoan, PSOEko arduradunak, Felipe Gonzalezen ezaguna, irteeran galdetu zidan: “Esaidazu, hain larria da erraustearen kontu hori?”. Eta esan nion: “Ez”. Irteeran kotxe bat zegoen espaloi gainean oztopo. “Larriagoa da hau, kotxea. Hiria inbaditu du, harreman sozialak hautsi ditu, ezindu bat ezin da pasatu espaloi honetatik, inguruko amona xahar hura ere ez, edo haurra orgaxkan daraman emakumea. Dioxinak eta furanoak prozesu industrial mordo batean aurkitu dira…” Eta berak harrituta galdetu zidan ea nolaz ez nuen esan hori hitzaldian. “Baina zuek intzinerazioaz galdetu didazue –erantzun nion- eta ni etorri naiz esplikatzera zergatik den hobea hondakinak aprobetxatzea kiskaltzea baino. Hurrengoan hirietako elkarbizitzaz hitz egiteko deitzen baldin badidazue…”.

Ni ez naiz “Deep Ecology” deitzen duten horretakoak. Bizitza hori baino askoz gehiago da. Horregatik esan nuen Usurbilen tontakeria hori: “Egin ezazue tratu bat, intzineradora onartzen duzuela Sortu legeztatzearen truke”. Benetan, Sortu legeztatzea askoz inportanteagoa deritzait. Ezin da legez kanpo utzi mugimendu bat besteren artean lortu duena hondakin organikoak bereizita kuboetan biltzea, neuk ikusi dut. Bere iraganean harremana eduki duela “erreminta”rekin? Eta politikan dabiltzanetatik zenbatek ez dute zerikusia izan “erreminta” frankistarekin? Nork hil zuen, bada, gure aitona Brujulako gainean [Burgos hiriburutik hurbil] fosa batean lurperatuta dagoena? Atzera begira hasiz gero, hemen gutxi daude libre “erreminta”rekin inoiz harremanik izatetik.

Hasteko, “a enemigo que huye, puente de plata” [ihesi doan etsaiari alde egitea erraztu]. Bigarrenik, mugimendu inportantea dela soziologikoki. Eta gainera, gauza pila bat ari dira egiten. Horregatik galdetu nizun Usurbilgo hitzaldian zegoen jendea eta hautetsiak ikusirik: jende hau esan al dezakegu, gutxi gorabehera, Sortu, Aralar eta inguru horretakoa dela, Ezker Batukoez gain? Ez dira bi zoro, beraz.

Behin Cristina Narbonak [Ingurumen ministro izana] orduan Madrilgo alkategai zen Trinidad Jimenezen [gaur Kanpo Arazoetako ministroa da] aurrean aurkeztu ninduen esanez hondakinetan aditua nintzela, errauskailuaren gai batean peritu aritua, eta Jimenezek esan zuen: “Bada, agintera iristen garen bezain pronto guk errauskailua itxiko dugu”. Eta nik esan nion: “Ez, naiz horren aldekoa. Pentsa dezagun 20.000 milioi pezeta kostatu zela, diru publikotik, eta errauskailua ixten baldin badugu industriak beste zerbait berria asmatuko du baina 40.000 milioi gastatzera eramango gaituena, biogasa dela, plasma dela… Hori ez da soluzioa. Hasteko, gaur dagoen errauskailuak askoz toxiko gutxiago isuriko luke ondo kudeatua balego. Nahikoa kobratzen dute. Pozoitzen duenari erantzukizun pertsonalak eskatu behar zaizkio, ezin diogu utzi itxi eta alde egiten. Eta bestetik, errauskailuak daukan amortizazio epea baliatu behar da alternatiba martxan jartzeko. Madrilen gaikako hondakin bilketarekin zerbait martxan jarri duen bakarra Esperanza Aguirre izan da”.

Esperanza Aguirre?

Bai, eta Ciudad de los Periodistasen eta El Pilarreko dorre handi batzuetan egin zuen, eta oso ondo gainera. Behin deitu zidan Iruñean egin genuen esperientzia konta niezaion. Eta esan nion ez sartzeko “a saco” hondakin organikoekin, industrialek indar handia daukatela eta gorrotatzen dutela organikoaren kontua, zaborren industria erotzen da gaikako bilketarekin. Ni hasiko nintzateke, duintasuna ematen alor honetan ari den sektore informalari, inor konturatzen ez den arren milioika kilo berreskuratzen baitituzte: papera, kartoia, txatarrak… eta hortik aurrera epeka jo. Baina Aguirrek espektakulua nahi zuen, jarri zuen baina gero industriak eraitsi zuen, joan zen eta han bukatu zen.

Iruñerrian zuek hondakinekin egin zenutena entzunda, nola bizi duzu duela 30 urte egindako esperientzia aitzindari hura gaur lurpean egotea, gaur hartaz kasik inor ez akordatzea?

Zeuk esan duzu, jende askok ez daki izan zenik ere. Baina gauza gehiagorekin ere gertatzen zaizu. 2008an gogoratzen naiz egokitu nintzela Pariseko 68ko maiatzari buruzko mahai-inguru batean. Han emakume idazle katalan batek kontatu zituen Pariseko maiatzean girotutako bere nobelaren zertzeladak. Hain geratu nintzen harrituta ezen eta publikoaren artetik mintzatu bainintzaion: “Beharbada urte batzuk beranduago publikatu beharko zenuen nobela hau, hura ezagutu genuenotatik bakar bat ere bizirik geratzen ez denean. Maiatz frantziar hartan gertatu zenaren eta zuk kontatzen duzunaren artean antzekotasunen bat balego, seguru kointzidentzia litzatekeela, eta nik gainera ezin dut aurkitu. Bizi garen garaiotan horrelako lanak negargarriak dira. Zeren eta penagarria baldin bada jende askok ez jakitea hura gertatu zela, askoz okerragoa da pentsa dezan gertatu zena hau izan zela”.

Zorionez seme bat daukat gaztea eta hark eta bere lagunek lagundu didate ulertzen zergatik ez diguten bat ere kasurik egiten garai batean “progre” deitu zigutenoi. Ikusten dute gure ekintzetan ez dagoela ezer guk egin behar zela esaten genituenetatik. “Progreok” ez gara erreferenteak ezertarako. Irizpide batzuk genituen ingurumenaz, parte hartzeaz, anti-kontsumoaz, energia kontsumoa murrizteaz… eta gaur egun batek 4x4 bat dauka, besteak 150 metroko pisua bi lagunentzako, hori bai, energia berriztagarrizko traste askorekin.

Erreferente politikoei dagokienez, ez daukate garbi zeren kontra borrokatu. Guk bai, diktatura nabarmena jasaten genuen. Hori da Ipar Afrikan ikusten ari garena, hangoak mintzatzen direnean esaten dute matxinatzen direla egoera itogarrian bizi direlako. Gure gazteak inguru gozoago eta erosoagoan hazi dira, ez dute ikusi halako sistema errepresibo bat, ez dute ikusi guk defendatu genituen ideien inolako mamitzerik, ezta maila pertsonalean ere “progre” gehienen kasuan. Sistema gai izan da asmatzeko. Marcusek gaur entzuten ez den “alienazio” hitza zerabilen, “Gizaki unidimentsionala” liburuan ohartarazten zuen sistemaren integratze sistemaz. Hori hala bazen duela 43 urte, gaur askoz handiagoa dauka. Mick Jagger-ek, Rolling Stonesekoak, aspaldi esan zuen: “Gure arazoa izan da kapitalismoaren kontra geundela eta aldi berean dirutan ustelduak”. Kapitalismoak edozein matxinada integratu du. Graffitia arte bihurtu da. Edozer. Ez naiz sakontzen ariko, baina ez dut pentsatu ere egin nahi hemen bertan, Euskal Herrian, zertaraino integratu ditzakeen sistemak orain kontra dauzkan borroka batzuk.

Egoera psiko-sozial horretan ikusi dugu nola gertatu den: gai fabrikatuen eskaintzaren handitze erraldoia, erosgaien ugaritze izugarria, azkenean jendea merkatuan integrarazi duena. Haur bati jaio orduko eskuetan jarriko diote nik dakit zer, txintxirrin elektronikoa, sei urte betetzerako igoal eduki ditu bi edo hiru telefono mugikor… Sistema hasi zen produktuen eszedentea gazteei sartzen. Gero kosmetika iritsi zen, merkatua heldutzat jo zutenean. Ondoren, emakumeen kontsumoak goia jo zuela ohartu zirenean, gizonezkoen kosmetikari ekin zioten. Espainia omen da, nonbait irakurria dut, Europako herrialdeetan gehien gastatzen duena gizonezkoen operazio estetiko eta edertasun produktuetan. Medikuak eskatzen hasi dira ez operatzeko bularrik neskatoei, hazten diren bitartean. Kontsumoa gure bizitzen osagai da. Esan izan dut egunen batean gizakia kalera irtendakoan erakutsi beharko duela halako kontsumo tasa minimo bat bete duela, bestela atxilotu eginen dutela, gizartearen kontra ari delako.

Giro horretan, gazteek uste zuten kontsumoan, deitu iezaiozu ongizatean, beren gurasoen maila gaindituko zutela. Eta orain heldu da etena. Lehen bizi ginen 60 metro karratuko pisuetan 6-7 pertsona, bakoitzarentzako 8-10 metro karratu, ez dut uste horretatik gutxitasunik nozitu dugunik. Gauean sofa zabaldu behar zen ohe bihurtzeko, komun bakarrera txandaka sartu… Aldiz, orain bi pertsona besterik bizi ez diren etxe batean bi komun dauzkazu, berrikitan Iruñeko lagun batzuek erantzun zidatenez “ai, baina oso praktikoak dira”.

Beste lagun batek harriduraz esan berri dit jakin duela 24 urte dauzkan nire kotxean Madrildik Pancorboraino bakarrik joan naizela eta mugikorrik gabe: “baina nola egin duzu hori?”. Eta nik: “Ahaztuta al daukazu nola ibiltzen ginen zure Seat 600 harekin?”. Zer bilakatu gara? 24 urteko kotxea daukat, sekula aberia bat izan ez duena, mekanikari batek behatzen dit, parkingean edukitzen dut, kontrol guztiak pasatzen ditu… Sistemak menderatu egin du gogoeta.

Une oso berezian bizi gara, etxegintzaren eta higiezinen burbuila lehertu da, zorraren burbuila lehertu da, gero eta gehiago dira petrolioaren “Peak Oil” famatutik hurbil ibili behar dugula diotenak, horrek dakarren energia krisiarekin… Esan liteke ziklo aldaketa handi batean sartuta gaudela.

Ni gauza horiekiko nahiko heterodoxoa naiz. Energiaren gaira bihurtuz, hori baita ardatza niretzako. 2007an Al Gore Madrilen izan zenean artikulu kritiko bat idatzi nuen [“De la verdad incómoda a la incomodidad de la verdad”, Interneten eskuragai dago] eta han esaten nion: ez gaitzazu engainatu energia berriztagarriekin, Al Gore jauna, zuk ondo dakizu daukagun kontsumo mailarekin berriztagarriek ezin dutela petrolioa ordezkatu. Ez kontatu ipuinik klimaren aldaketaren inguruan, azkenean IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldeak idatzitako obra kristok ere ez du irakurri eta. Zuk badakizu energia berriztagarriek erdia gezurra eta beste erdia egia dutela ikusten den egunean, orduan etorriko dela energia nuklearra bere gordinean, eta hain zuzen horixe dela zure negozioa.

Three Mile Islandeko istripua gertatu zenean oraingo gauza berak esan ziren, eta berdin segitu zuten gauzek. Gero Txernobyl heldu zen, eta berdin. Eta orain Fukushimakoa. Alemaniak dio zentralak itxiko dituela, baina aldi baterako itxiko ditu, zaharrenak, babes ontzirik ez daukatenak. Zergatik ez du inork hitz egiten ITER Nazioarteko Esperimentaziorako Erreaktore Termonuklear [fusioko erreaktore esperimental] famatuaz, hori ere etenda dago milaka milioi irentsi ondoren? Ez da hitz egiten, nire ustetan informaziozko kazetaritza librea falta delako.

Ez. Energia nuklearrari oso ondo etorriko zaio Japoniakoa, zentral nuklear berrien kostea handitzeko, segurtasunari dagokion atalean. Fukushimakoak zazpi metroko harresia zeukan uhinetatik babesteko, baina 14koak heldu zitzaizkion. Orain belaunaldi berriko zentralak etorriko dira.

Zentral nuklear bat eraikitzea erabakitzen denetik martxan jartzera 20 urte pasatzen dira, petrolio birfindegi batean 18 urte. Ordurako oraingo kontuak ahaztuta egongo dira. Gauzok komunikabideek nahi duten arabera joaten baitira, horretaz zuk badakizu nik baino gehiago, ulertzen? Jakina, “El País”ek esaten duenez Japoniak zalantzan jarri omen du Kyotoko ituna, eta horrelako eszena asko. Baina lehengora bihurtuko gara.

Klimaren aldaketarena da gai funtsezkootatik jendearen arreta desbideratzeko engainua. Al Goreri aurpegiratzen nion, esaterako, gehiago arduratzen zuela Artikoko hartzak Gibraltarreko itsasoan itotzen diren etorkinek baino, beharbada etorkinak beltzak direlako eta hartza zuria.

Begira, krisia hasi zenean, “subprime” famatu haiekin eta, nire neskalagunari esan nion usaina hartzen niola laster bideratuko zutela kontua, eta handienek baliatuko zutela aurretik kentzeko konpetidore asko. Nik asko erreparatzen diet “El País”en ekonomiako orrietan ertzetan ematen diren albiste laburrei: halako korporaziok edo besteak iaz etekina %46 handitu duela, besteak ez dakit zenbat… Batean bat dator, hurrengoan hiru. 2010ean sekula baino etekin handiagoak lortu dituzte.

Gai hauetan ibiltzen garen lagun batzuekin ez nago batere ados. Esate baterako Ramón Fernández Durán [Espainiako mugimendu ekologistaren erreferente nagusietakoa, justu elkarrizketa hau egin eta argitaratzeko tartean hil da] oso laguna dut baina haren tesien oso kontra nago, halako katastrofea gainean omen dugula eta… ezta pentsatu ere! Pedro Prieto [hau ARGIAk elkarrizketatu du maiatzean] lagun mina dut eta bazkaltzera elkartuta esan izan diot: “Erromako Klubaren lehen txostena, 1960ko hamarkadakoa, sinetsi nuen, bigarren txostena ere bai. Informe haien arabera gaur ez genuen eduki behar ez petroliorik, ez kromorik, eta abar. Eta hemen gaude. Zuk ondo dakizu petrolio erreserbena dela ondoen gordetako sekretua. Inork ez daki, gutxiago zuk eta nik. Eta petrolioaren prezioa nola osatuta dagoen gaur da eguna ulertu ez dudana”. Petrolioa 2008an 147 dolarretara igo zenean zergatik zen, agortzen ari zelako? Eta gero 50 dolarretara jaitsi zen berriro ugaritu zelako? Jakin nuenetik badagoela petrolioaren inguruko informazioak biltzen dituen buletin konfidentzial bat harpidetza oso garestiz jaso behar duzuna, burtsan nola espekulatzen den petrolioarekin…

Erreserbak? Batek daki. Petrolio putzu bat ixten da daukanaren herena atera diozunean, hortik aurrerakoa gaurko preziotan garestiegi jotzen delako ateratzea, eta gainerako bi herenak hor geratu dira. Gehi oraindik aurkitu ez den petrolioa. Gehi laster Artikoan izotzaren urtzearekin atera ahal izango dena. Nolaz ez dira egongo Artikoa urtzearen alde, planeta berotzearen alde, hor baldin badauzkate sekulako altxorrak? Ni zalantza artean bizi naiz, eta aldaketa klimatikoaren gaian berdin.

Hainbeste zalantzaren artean, zer dakizu ziur?

Nik ez daukat gauza ziurrik. Hau bai, ordea: FAOk aipatzen duenez munduan 1.400 milioi pertsona gosez akabatzen bizi direla, horien gosea bukatuta legokeela 40.000 dolarrekin, hau da, AEBetan bitxi, larruki, maskota eta horrelako pitokeriatan gastatzen direnak baino gutxiagorekin. Ez dut segurtasun gehiagoren beharrik. Ez daukat irrika hori jakiteko ordenadore programa batekin 1.400 milioi diren ala 1.325, berdin dit. Zeren gero, duela gutxi Nazio Batuen Erakundeari gertatu zaion moduan, horiek kontatzetik bizi direnek aitortu behar baitute urte luzez 500 milioitan ekibokatu ginela kalkuluetan.

Hitz batez, gizateria osoarentzako balio ez duenak ez dit niretzako balio. Horregatik idatzi nion Al Goreri etorkin beltzena, inork ez baitaki zenbat ito diren urteotan Gibraltarreko itsasoan.

Nik ez dut sinesten ez petrolioaren gailurrean, ez Deep Ecology delakoan, ez Ramón Fernández Duránek iragarri dituen katastrofeetan. Nik bai uste dut naturaren degradazioa lotuta dagoena gizakiaren inteligentziari. Lehen katastrofeak gertatu ziren Ameriketako siux, aparaho, txeroke eta beste indioek basoak erre zituztenean, haren ondorioz hiper-garatu zen bisontea. Sua deskubrituz geroztik, ingurumenaren kontra doan tresna da. Gizakia da espezie berri bat ingurua aldatzeko ahalmena duena, egokitzeko ordez, eta ez ditu hondamendi handiagoak eragin teknologiazko bitarteko faltagatik. Ebro ibaiaren bokaleko delta sortu zen Espainiak Armada Invencible famatua antolatzeko Aragoiko haritz erraldoiak eraistearen ondorioz, landaredirik ezak eragin zuelako lurzorua urak eramatea. Gizakiak edonon utzi du bere arrastoa.

Kultura ekologistak mitifikatu ditu, esaterako, Colon aurreko Ameriketako kulturak. Gezurra! Krudelak, diktadurazkoak, esklabistak ziren. Nola eraiki zituzten maiatarrek gaur aurrietan ikusten ditugunak? Eta pilota jokoan dena zen libre, ukabilak, burua, zangoak, dena salbu eta eskuak, eta galtzailea sakrifikatu egiten zuten denen aurrean. Mugimendu ekologistaren “boom” horretan ikusi nahi izan dugu iragan bat benetan izan ez zena. Nahiz eta demostratua dirudien kultura haietako batzuetan, gaur Santo Domingo deitzen den hartan bezala, atzerritarrari opariz egiten ziotela ongi etorria, oraindik Amazoniako yanomamitarren artean-eta atxikitzen dutena. Segun eta nolako harremana zuten ingurumenarekin, halako ereduak garatu zituzten: inguru atseginagoa zen lekuetan eredu tribalagoa, dantza, makilaia eta abarrekin, eta inguru latzagoa zen lekuetan, Andeetako altiplanoan esaterako, eredu inperial eta krudelak. Egiptoko piramideak ezin ditugu artearen gailurtzat jo, haiek eraikitzeko bi milioi eta erdi esklabok galdu zuten-eta bizia. Kontuz, beraz, zer esaten dugun. Ez zuten kalte handiagoa egin, nire ustez, teknologiak gehiagorako ematen ez zuelako.

Gure ibai guztiak daude kutsatuta, denak, ez da ibai alu bat geratzen jatorrizko fauna duenik. Lurpeko akuifero guztiak kutsatuta daude, nekazaritzak neurri handiegian erabilitako ongarriengatik. Beraz, ingurumenaren hondaketa progresiboa da eta atzeraezina. Gertatzen dena da gizakiak perzepzio mugatua duela, motza. Eta memoria handia behar da ohartzeko. Gure amak esaten zuen bera gaztea zela Pancorboko errekan bazirela igarabak. Nik aingirak ezagutu ditut. Gaur egun ez dauka ezer! Hori bai, itxura garbiagoa dauka, ingeniariek eta alkateek bazterretan eserlekuak ipintzen dituzte, aurretik errekako zakarrak garbituarazita. Gaur ibaietan ez da bizirik, ikusten dugun garbitasuna itxura estetikoa baino ez da.

Degradazioa sekulakoa da. Horregatik diot Antartidako pinguinoetan dioxinak eta furanoak detektatu zirenean, edo Afrikako emakumeen bularreko esnean, hau da, elementu horiek aireratu ziren iturritik milaka kilometrotara… substantzia horiek jotzen direnean gizakiak sortu dituenetatik arriskutsuenak, eta gainera ezertarako balio ez dutenak kalte egiteko baino, pentsa horiek hain zabalduta baldin badaude… Ez dut lortu jakiterik gai kutsagarrien zerrenda osoa. Batzuek diote 30.000 direla, beste batzuek 300.000. Degradazioa progresiboa da. Gero daude interes falta, komunikabideen manipulazioa, guztiaren atzetik dagoen kapitalaren interesak, eta horien ondorioz gauzak modu batera edo bestera perzibitzen ditugu segun eta non bizi garen.

Hain ziur uste baduzu deterioroa atzeraezina dela, zerk mugiarazten zaitu lanean eta borrokan segitzera?

Ikusi… Aspaldi jabetu nintzen ni unibertsitatera tranbian joaten nintzela tranbiak gidari bat zeukalako, aurretik norbaitek kaleak garbituta zeuzkala, aurretik norbaitek landatu zituela zuhaitzak eta espaloiak eraiki… Ni umezurtz hiru urterekin gelditu nintzen, ikasketak bekaz lagunduta burutu nituen, baina gazterik ikasi nuen gizarteari itzuli behar nizkiola hein batean bederen nik eskuratutako pribilegioak, ezagutzak, gizarteak egindako esfortzuari zor nizkiolako. Kasik esan nezake marxista nintzela Marx irakurri baino lehen. Gero Unamunorengandik ikasi nuen pertsonalitatea deitzen den hori inportantea dela, irizpide propioa edukitzea, ahalmen kritikoa. Burmuina usatzea. Tarteka bost minutuz pentsatzeak sekulako errendimendua ematen du!

Gaztetan mugiarazten ninduena ezberdina zen, diktaduraren kontrako gorroto bortitza, aitona afusilatu zidatelako, SEUtik kanporatu ninduelako Martin Villa lehendakari zuen tribunal batek… Gaztetako gorroto errebeldea bideratzeko modu erraza zen. Gero hori garatzen joan da eta nire ekintzak mugiarazten dituen motorra injustiziak dira, era zabalean hartuta. Zergatik irakasten da behar ez dena eta, aldiz, behar dena ez da irakasten? Zergatik bukatzen du batxillergoa gazte batek bizitzan beharko ez duena jakinda eta beharrekoa ikasi gabe? Semeak esaten zidanean kalkopirita ikasi zutela eskolan esaten nion: “Ui, nik ere ikasi nuen etxekoandre hori, kalkopirita, baina ez dut inon aurkitu”. Haur bat eskolatik ateratzea ikasi gabe nola dabiltzan birikak, bronkioak, gibela, zerbait gertatzen zaionean ulertu ahal izateko, eta hori baino lehen ikastea nola funtzionatzen duten autoak edo ordenadoreak… nola da posible horiek lehenago ikastea norbere soinaren martxa baino?

Gero ikasi dut posible dela bestelako gauzak ikastea, eta orduan pertsona hori gizartekoiago egiten duzula, elkarlanera gehiago emana. Eta Ramon Elosegi zen biologo eta pertsona handi hari esker ikasi nuen, Arga ibaiaren ikerketa egin genuenean, eboluzioa ez dela gertatu Darwinek aipatzen zuen konpetentziagatik bakarrik, ibaiko izakietan ikus dezakegu ibaia aberatsa dela espezieen kooperazioari esker: arrainak arrautzak erruten ditu, horietatik batzuk jaioko dira baina gehiegizko arrautzak janari dira beste harentzako, beste espezie batek nitrogenoa finkatzen duela… Komunitate zabala ari da elkarlanean, solidaritate handi bat dagoelako da ibaia hain aberats. Eta honek zure eredu soziala berresten dizu, elkarlanarena. Egon diren esperientzia anarkista bakanak izugarri aberasgarriak izan ziren, baina ez da komeni, antza, ezagutu daitezen.

Guzti horren errematea da, zahartu zarenean, ohartzea horrela bizitzea askoz atsegingarriagoa izan dela kabroiarena eginez bizitzea baino. Semeari esaten diot: “Benetan izorratuta ibili naizen uneetan, lagunek atera naute, ez diruak; munduko diru guztia alferrik izango nuen”.

Idatzi ditudanetatik agian kariñorik handiena jarri diodan liburua, ikusita arrakasta komertzialik batere ez duela eduki, izan da kontsumismoaren kontrakoa: “Para un consumo más responsable”. Iruditzen baitzait ez dagoela kontsumo arduratsurik, izatekotan ere saiatu behar dugu arduratsuago bihurtzen. Gero ikusi dut gizateriaren nahi mitiko horrek, kontsumoa handitzeak, gastatzeko diru gehiago edukitzeak, ez dutela gizakiaren zoriona tanta batean ere handitu, nire buruari diot (irriz ari da) “pobrea naiz eta lagunak ditut!”.

Lagun batzuek galdetu izan didate: “Alfonso, zuk kutsaduraz dauzkazun informazio guzti horiekin, nola bizi zaitezke lasai?”. Bizia hori baino askoz gehiago delako. Krisi nuklear bat gertatzen bada, gizakiak asmatuko du nola egokitu, espezieen artean gizakia izango da egoera ezberdinetara gehien egokitu dena, Artikotik hasi eta Antartikoraino dago zabalduta, urpean ez bada gainerako egoera guztietan bizitzera iritsi da. Ezagutza badaukagu horrelakorik gerta ez dadin, badauzkagu ezagutza eta bitartekoak planeta ekologizatzeko…
 


Azkenak
Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Eguneraketa berriak daude