argia.eus
INPRIMATU
‘Pluja seca’ dokumentalaz
2013ko maiatzaren 07a

Nondik nora Pluja Seca dokumentala?

Baleuko etxetik etorri zen ideia lantzeko eskaintza. Gidoia idatzi eta TV3ra bidali nuen. Mónica Terribasek harrera ona egin zion proiektuari. Lana urte batean osatu genuen. Normalean honen antzeko dokumentalak Euskal Herriko ikuspuntutik egin izan dira, gure kontsumorako. Kataluniako –eta katalanen– ikuspegia baliatu nahi nuen. Askatasunez egin dut. Iritziak jaso ditut eurengandik, eta horrek aberastu du lana. Kataluniak badu lotura Euskal Herriarekin, baina iraganeko kontua balitz bezala. Aldiz, nik harremana nahi dut etorkizunera begira. Katalanek maitasun handiz hartzen dute bakerako gure nahia eta beharra, baina guk ez diogu kasu bera egiten.

Zein erreakzioak jaso dituzue berari buruz?

Orain arte, Pluja secari buruzko iritzi positiboak eduki ditugu, ez dugu inolako iritzi ezkorrik irakurri edo entzun. Baina horrek ez du esan nahi, ez daukanik, baizik eta orain arte, dokumentala gustuko ez dutenek nahiago izan dutela isildu. Eta horrek asko esan nahi du. Horrek esan nahi du batzuek dokumentalaren atzean dagoen eztabaidari ez diotela heldu nahi, nahiago dutela dokumentala baztertu, esparru marjinalera zokoratu, zeren eta dauden eztabaidak konfrontatzen badituzte deseroso senti daitezke. Orduan, jaso duguna positiboa izan da, baina errealista izanik, ez ditugu jaso gizartean dauden iritzi guztiak. Halaber, hainbat politikarik ikusi dute, eta iritzi baikorrak jaso ditugu, baina PP eta PSOEko kideei ez diegu ezer entzun.

Gustura geratu zara, halere?

Bai, oso gustura geratu naiz. Bi parte zeuden: edukia eta forma. Iban Gonzalez izan da zuzendari teknikoa, izugarrizko lana egin du, ezin da dokumentala ulertu bere ekarpena barik. Nik ez baitut inolako esperientziarik arlo honetan. Gustura naiz, baina esan bezala, sorpresa izan da, berbarako, Brian Currin-en rola azaltzea, zerbitzu sekretuek edo ingurukoek mehatxatu dutela esatea edo Jhonatan Powel-en parte-hartzea, objektiboki elementu oso berriak direlako. Dokumentalak ez du tesi finko bat eskaintzen, ez da norabide bakarrekoa, ñabardura asko dauka, ez da inoren kontra eta denak ondo azaltzen dira. Erreakzio edo erantzun zabalago bat espero nuen.