argia.eus
INPRIMATU
Patxi Gaztelumendi
“Sareak, behintzat, biolentzia fisikoa saihesten du”
  • Irratiak, blogak, komunitateak, telebistak, sareak, etab, etab.

Aritz Galarraga 2021eko ekainaren 30
Patxi Gaztelumendi
Patxi GaztelumendiIñigo Azkona

Patxi, pista galdu dizut jada: esadazu zuk parte hartzen ez duzun ekimenen bat, mesedez.

NaBai 2011, adibidez. PNV eta Aralar gero eta gutxiago interesatzen zaizkit. Etxean ez gara Irrien Klubekoak. Ez naiz kirol taldeetako bazkide sekula izan eta ez dut alderdi kuotarik ordaintzen. Elizan ere ez naute ikusten.

Ados, Euskararen Aholku Batzordean ere ez zaitut imajinatzen.

Egon nintzen behin bilera batean, Erramun Osak eraman ninduen AEKren kotxean, eta ni orduan Europa Press agentziarako ari nintzen lanean. Atera kontuak.

Hortik dator kazetari parte-hartzailearena!

Ez dut uste. Indymedia EHren sorreran izan nintzen, eta bidea erakutsi zidan. Parte-hartzea, argitaratze irekia, lizentzia eta software libreak. Beste guztia edukien autogestioa izan da.

Baina kazetaritza parte-hartzailea izango da, edo ez da izango.

Konturatzen ari dira kolore guztietako jabeak. Jakingo bazenu zelakoak bota zizkigun Martxelo Otamendik uda batez Iruñean, antolatu genuen blog ikastaro batean. Denborak arrazoi eman digu. Egun, gure inguruko medioetan, parte-hartzea ere bultzatu nahi da. Garaiz dabiltza oraindik.

Informazio sortzea denon esku dago, egia, baina ez dugu egiten.

Sorkuntza ez dator berez. Fagor elektrotresnek ez dute bermatzen hemen mundu guztia chef izango denik. Informazioaren teknologiekin berdin. Ekin egin behar da, saiatu, ikasi, erakutsi, asko irakurri, landu, lagundu eta agian... agian sortuko da zerbait.

Al Jazeera euskaraz, esaterako?

Azkar ulertu digute Espainia aldean. Bestelako telebista eredu bat behar genuela esaten ari ginen. Telebista behar dugu: hobea, irekiagoa, librea ahal bada eta parte-hartzailea. Asko eskatzea da?

Sarean elkarri mokoka ez ibiltzea eskatzea beste.

Mokoka tabernan bezala, edozein familiatan lez. Sareak, behintzat, biolentzia fisikoa saihesten du, ziurrenik Jonan Fernandezen lorpenik handiena. Paul Rios eta Brian Currin, biak ditut Facebookeko lagun. Eta hitza dut arma nagusi.

Jarriko gara ados, baina, inoiz eta ezertan!

Laster puntuEUS lortuko dugu, euskarak sarean izango duen saririk handiena. Hortik aurrera, gauzak argiago ikusiko dira agian, daukagun indarra eta beste. Baikorra naiz. Gure kulturak etorkizun handia dauka sarean eta teknologia berriekin.