argia.eus
INPRIMATU
Ogibidean

Joxemari Ostolaza 2011ko ekainaren 14a

egokitu zait hegazkina hartu behar izatea. Goizean goiz iritsita, aireportuko kafetegian topatu dut bakandua mundua, lauko mahaiak bakarrez okupatuta, PC portatilek bateriak hustutzen inork inori agurrik ez, bista galdua bagenu bezala. Ez da mugikorra dantzan jartzeko tenorea, kanpoan ilun da. Enbarke txartela hartzeko deia, mahaiak jaso, eskuko samsoniteak eskuinetik eskegi lerroan zut DNIa ezkerrekoan. Pistaurrekoan, metalezkoak eta besteak erantzi, lotsa irentsi eta arku azpitik iragan zerbait ezkutatuko bagenu bezala. Piii, zapatak libratu. Lunbagiak jo ez nazan aulki baten anparo bila abiatzen naiz. “Eeee...” berdeak. Belaunika askatzen ditut korapiloak eta zapatak metalezkoen kutxara, armadunak agindu bezala. Euliak hiltzeko tramankulu digitalez aztertzen nau. Fidatzekoa naizela jo du. DNIa berriz, pistan dagoen hegazkinera egiteko. DNIkoa naiz. Gaizkilea ez naizela frogatu diet. Joan naiteke. Inork ez du txintik atera, aire eremuaren seguritateak behar du, kolaboratzea da zuzenena. Bidaiaren prezioak berdintzen du dena, guk lanak izango ditugu ordaindutakoa estaltzen, bidekoa berdintzen, gaurko ogiz hornitzen. Amorrurako kemenak ere ahitzen ari zaizkit.