argia.eus
INPRIMATU
Haserrearen ordaina

Jose Inazio Basterretxea 2011ko ekainaren 08a
Antton Olariaga

Hitzerdien osinean, aztoramen eta eromen ororen bazter gaitzetan, gezur bihurtu nahi zuten egia; eta gezurra, egia. Gauzak osorik ezin esanezko hobi hartan, asaldura eta usteldura denen auzoan, atxilo hartu zuten egia; eta libre utzi gezurra. Lohia erantsi zioten egiari; eta gezurrari, distira atera.

Adarra jo ohi zieten gezurtiek herritarrei, gupidarik gabe. Astean behin, era eta kolore guztietako piztia hezigaitzek. Egunero, basabere perkainek eta bidutzi bihotz-mokorrek. Hartara, haserre bizian zegoen munduan gizaki zen guztia.

Zeruetan berdin. Eta, lurtarrak piztu eta demasia horren aurka altxa zitezen, San Antonio bagilekoak agindu zuen ezen hango goietan bazuela pernil bat, iparraldeetako haize hotzek ondua eta mendizerra urdin asagoetan ustiatutako kresalak gazitua, harean eder-ederra, ondo gordea eta zaindua, garbi hitz egin eta injustiziak borrokatzen zituenarentzat; hark bere lagunekin has eta goza zezan.

Ziri okerrari, gerra. Hitz erdien erreinuan bada, haserrea tarteko, gezurtien aurka hasi dira herritarrak. Gezur-ontzi horien denen aurrean, plazetan bildu dira ernegatutakoak. Kanpinak hartuta, udaletxe aurrean, teatro handiaren parean, eta elizaren babespean ezarri dituzte sumindutakoek egoteko lekuak.

Batzarrak egin dituzte. Komisioak eratu. Debekuak saihestu. Jario faltsuak epaitu. Amarru handiak, galantak, biribilak, hutsak… den-denak eztabaidatu eta surtara kondenatu dituzte.

Gezurra dariola dabilen jendea kritikatu dute. Jukutria gaiztoko lagunak biluztu dituzte. Iruzur-harrobiak hobiratu dituzte. Politikari profesionalak larrutu dituzte. Sasipolitikariak lumatu. Lepo-ezkatak erauzi dizkiete boteretsuen beretterrei eta akolitoei.
Eta egia berria definitzen ahalegindu dira. Arrazoiaren arabera ezin uka daitezkeen esaldiak entzun dira han eta hemen. Egia handiak, garbiak, hutsak eta biribilak ibili dira denen ahotan.

Maiatz ilunaren ostean, bagil argia etorri da; eta denek amestu dute ogi ugaria.

Zurikeriari, gudu. Hitz erdien erreinuan, langabeziarekin amaitzea agindu dute batzuek. Denei askatasuna ematea beste batzuek. Justuki lan egitea inork.

Direnak eta ez direnak ezkondu dira. Apartatu, bazirenak. Itxuraldatu, gorriak. Mozorrotu, urdinak. Biluztu, berdeak. Gorrek musika jo, itsuek pintatu. Hura bai udaberri koloretsua, denen artean antolatu dutena.

Hautestontziak hartu dituzte herritar batzuek gezurraren salaketa egiteko, egiari zor zaiona azaleratzeko, justiziaren alde borroka egiteko, langabeziarekin amaitzeko. Joan dira, joan, botoa ematera herritarrak. Paper ezin zuriagoetan bildu dituzte beren ametsak. Laranja kolore bizikoekin egin dituzte begitazioentzako kutxa gotorrak. Berdeekin, irudipenezko altxorrak.

Zenbatu dira bozak ondoren. Azaoetan lotu dira batzuen ametsak. Begitazio-bala ederrak jarri dituzte mahaietan. Eta, ondorioak aldarrikatu dira. Telebistak esan ditu. Irratiak errepikatu. Egunkariak zutabetan erakutsi… Ongi mozkortu dira irabazleak, eta gaizki horditu galtzaileak.

Elkarri begiratu diete boto-emaileek. Elkarri, plazetan bildutakoek. Elkarri, haserretutako batzuek eta besteek. Gora ere, inork.
Megafonoa hartu du batek, eta oihukatu die ortzietako hodeiei:

– Bagileko hori… eta pernila zer?

– Hemen da, arasan gordeta; baina giltza ezkutatu didate.