argia.eus
INPRIMATU
Ez gara besteak bezalakoak

Ekai Txapartegi @ekainet 2011ko ekainaren 08a

Ziur ezetz. Gu txakolina gara. Baina zer justifikatzen du horrek? Helburua besteengandik bereiztea bada, txapel horia jarrita atera gintezke kalera, txirula joz. Erraza da besteak bezalakoak ez izatea. Meritu gabea.

Frantziak ijitoak kanporatzen ditu, Espainian Rajoik aginduko du. Gu ez gara haiek bezalakoak, hemen gehiengoak ez du hori nahi. Bai, ona, ados. Horretan bereizteak badauka meritua. Baina ez besteak bezalakoak ez garelako, balio desberdinak ditugulako baizik. Gure balioek erakusten dute, badute, gure desberdintasunaren balioa.

Mondragones tabernako Mirenek semeari lorea oparitu zion, omenaldia egin genion egunean: “Seme ona daukat, ez dio inori kalterik egingo bera hobetzeko”. Mirenentzat garrantzitsua ez da bere semea desberdina izatea, norberaren mesederako hirugarren bati kalterik ez egitea baizik. Meritua bere semeak balioak izateak du. Mirenek ez du txapel horia jantzi beharrik desberdina sentitzeko. Nahikoa du lehia kapitalistak dominatzen duen gizartean semeari begiratzea.

“Gu ez gara besteak bezalakoak” sarri samar entzun dut azkenaldian. Eta urduri jartzen nau. Esaldi hutsa iruditzen zait, esanahirik ez daukana betetzen ez bada. Proposamen baten kontra “gu ez gara besteak bezalakoak”entzuten dudanean, horrela, hutsik, norengandik edo zerk bereizten gaituen zehaztu gabe, bizkarra eman eta korrika hasten naiz. Ziriren bat datorrenaren zeinua da. Iruzurraren preludio argia.
Ez gaizki ulertu. Nik ere, esaterako, Gipuzkoan zementuzko proiektu erraldoi guztiak bertan behera uzteko eskatzen dut. Baina ez horrek desberdindu egingo gaituela uste dudalako, erraustegiak eta kanpo-portuak testuinguru honetan zentzurik ez daukatelako baizik.
Ideologiak bereizten gaitu, eta nortasunak; izaera eta amets kolektiboek ere bai. Desberdintasun handienak balioen mailan egon litezke agian. Baina, hain desberdinak bagara, zertarako egin desberdintasunaz irizpide normatibo nagusia? Jarduna esaldi horren inguruan antolatzen dutenak ez ditut ulertzen.

“Ez gara besteak bezalakoak” ohartzeko eskatzen dizutenean, badaezpada galdetu zer nahi duten. Zure jardunak “desberdina” izan behar duela esaten dizutenean, agian zeharka esaten ari zaizkizu jarduna eraginkorra, ona, adostua, etorkizunekoa... izatea ez dela “desberdina” izatea bezain inportantea. Eta hori hala baldin bada, oi lagun, une horretan egin fit, fit, fit.