Izenburua ikusita, harrika eta txistuka hasi baino lehen, utzidazu bi zehaztapen egiten: bat, printzipioz, erregetza sistemaren kontrakoa naiz, nonahi eta noiznahi, bi, Espainiarekiko nahi nukeena, enbaxada bidezko harreman diplomatiko adeitsua da.
Hala ere, inoiz ez nau ase gure artean askok Espainiako Errepublikari dion begikotasunak. Ez historikoari (II. Errepublika zekena eta itsua izan zen guretzat, eta sinpatia izateko arrazoi bakarra ondoren etorri zen izugarrikeria litzateke), ez III. Errepublika balizko bati ere.
Bere bostehun urteko historian, Espainia herrien harrapaketan eta zanpaketan oinarritu da beti; hori ez da hain arraroa, beste horrenbeste egin dute inguruko estatuek ere; berezitasuna litzateke, jarrera hori ADNan sartua duela, nonbait, eta herrien ukazioa ez inperialismo baizik eskubide gisa ikusten duela; gure hobebeharrez beti.
Etnozentrismoa, zabarkeria, jauntxokeria, katolizismoa eta monarkia: horra gure auzo-herriaren bost ezaugarri, ia beti loturik joan ohi direnak. Horietakoren bat galduz gero maitagarriagoa ote genuke? Batzuek uste dute monarkiarik gabe estatuaren izaera multikultural eta plurinazionala hobeki aitortuko lukeela. Nik duda egiten dut: ikus Frantzia, hain laikoa eta errepublikanoa, inor baino etnozidagoa.
Espainiak Errepublikako presidente bat aukeratuko balu, alderdi estatal batekoa litzateke beti, eta zentralista litzateke haren jokabidea, ezinbestean. Teorian bederen, errege edo erregina batek errespetu gehiagoz joka lezake erresuma osatzen duten herri eta hizkuntzekin (badakit zein den hemengo praktika, baina Belgikako koroa eskisitoa da alor horretan).
Sinestuta nago Euskal Herria biziko bada independentzia behar dugula, baina bi konstatazio: inoiz ez digute halakorik onez onean emango, eta ez dago ahalik ez baldintzarik indarrez lortzeko (aspaldi zegoen garbi, baina orain denek aitortzen dute, eta hobe); politika-fikzioa egiten hasita, quasi-independentziazko egoera bat imajina genezake; eta halakoak, ez irudimenean baizik errealitatean, monarkiarekin gauzatu izan dira: begiratu inperio britainiarreko Commonwealth-ari.
Denok hastio ditugu borbondarrak, ados, baina nork ez luke sinatuko Zeelanda Berriaren edo Kanadaren estatusa izatea? Eta orain bai: libre duzue, nahi baduzue, harrika eta txistuka hastea.