argia.eus
INPRIMATU
Aiora Renteria
“Zergatik ez zaie San Miguel edo Coca-Colakoei beherapenik eskatzen?”
  • Negua joan da ta…

Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30a
Aiora Renteria
Aiora RenteriaIñigo Azkona

Zuk ere panorama musikala oso gaizki dagoela esango didazu?

Diskoetxeak orain arte bizi izan diren bezala ez direlako biziko panorama beltza? Talde mordoa dago, gaztetxeen sare indartsua, megafestibalak jendez gainezka... Negar egin beharrean, ingurura begiratu eta formula berriak bilatu behar dira.

Ados, baina diskoak dendan saldu beharrean kontzerturako sarrerarekin hamar eurotan eskaintzea ere...

Banaketa eta salmentaren unean diskoaren norabidea galtzen genuen. Hainbeste izerdi bota ostean zergatik erregalatu behar genion banatzaileari promozioaren olatua? Formula ederra izateaz gain, jarritako dirua berreskuratzen dugun lehen aldia izan da.

Esango dute berriz diskoak garesti daudela!

Letxugen negozioan denek kobratzen dute eurena letxugak landatzen dituenak izan ezik. Letxugak zuzenean saltzen hasita, ostera, eroslea eta saltzailea ateratzen dira irabazle. Hemen berdin.

Laster dituzu kulturak doakoa izan behar duela diotenak atxikimendu eske!

Doako kultura ezinezkoa da. Lokala, estudioa, ekoizpen prozesua, instrumentuak eta abarrak doakoak dira, ala? Ez da inor aberasten ari. Alderantziz, askotan erromantikoegiak gara.

“Euskadin rock and rollak ez du inoiz dirurik emanen...“

Oholtzara igotzen dena parrandero hutsa dela dirudi, eta kantatzearen truke parranda doan daukanez, ez dadila kexatu! Festibaletan taldeei gutxiago kobratzeko eskatzen zaie, baina zergatik ez zaie San Miguel edo Coca-Colakoei beherapenik eskatzen?

Badakizu, lanbide batzuk ez dira serio hartzen eta...

Ingalaterra edo Frantzian musikariek langabezia daukate, hemen... Pentsa, autonomo egiten bazara toreroen epigrafean eman behar duzu alta!

Ba azkenaldian zuek entzun eta “Ole Zea Mays!“ dio jendeak.

Asebetetzen gaituena egiten dugu, transmititzeko geuk sentitu behar dugulako, sentitzen ez duzuna kantatuz ez duzulako inor konbentzitzen. Beti ibili gara gure beharrizanak asetzen, eta azkenean, publikoak ere onartu ditu beharrizan horiek.

Irauten duen oasia zarete arrakastarako formateatutako produktuen desertuan...

Beti izan dugu konstantzia bat, baina ez burugogorrak garelako bakarrik, publikotxoa beti izan dugulako baizik. Gertatu behar direlako gertatzen dira gauzak, eta agian, lehen diskoarekin sekulako arrakasta lortu bagenu, gaur egun Zea Mays ez litzateke existituko.

Baina astroak alineatu zaizkizue eta...

Ez gaude ez besteak ez gure buruak izorratzeko. Taldea denok bihotzez elikatzen dugun esfera purua da, eta ezin dugu kutsatu. Horregatik lan egin nahi dugu lagun on eta xumeekin. Bestelakoekin, ezta bost minutu ere. Ez gaude txorakerietarako.